Donostiako Aste Nagusia

Puntu moreak jai zuri-urdinean

Kanoikadarekin eta txupinazoarekin abiatuko dute gaur Donostiako Aste Nagusia. Donostiako Udalak indarrean jarri du eraso matxisten kontrako kanpaina bat; Piratek, telefonoaz landa, leku bat jarriko dute jaigunearen erdian, salaketak jasotzeko eta erantzuna koordinatzeko.

Puntu moreak jai zuri-urdinean.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Pastelero ezkonduko dela kanoikada bateziragarriko dute gaur Donostian, eta horrekin batera abiatuko da Aste Nagusia. Abuztuaren 18ra arte, hamaika ekitaldi egingo dituzte Gipuzkoako hiriburuan, bai udalak eraturiko egitarau ofizialean, bai Donostiako Piratak taldeak antolaturiko jai alternatiboan. Sonakay musika taldeko kideek abestuko dute Artillero kanoikadan, 19:00etan, Alderdi Ederren. Eta Altsasuko Gurasoek botako dute Aste Nagusi Pirata abiatzeko txupinazoa, ordu erdi geroago, Flamenkan.

Udalak eta Donostiako Piratek zenbait neurri jarri dituzte eraso sexistak saihesteko, eta gertatzen badira erantzuna emateko. Izan ere, udalak berriki zabalduriko datuen arabera, urtearen lehen erdian (13 kasu) %8 bortxaketa gehiago salatu dituzte Gipuzkoan, eta, oro har, emakumeen aurkako %26 eraso gehiago (92 kasu). Donostian ere asko nabaritu dute joera: %43 kasu gehiago salatu dituzte, 30 denera.

Piratek berritu eta eguneratu egin dute sexu erasoen kontrako protokoloa. Iaz telefono bat jarri zuten, salaketak jasotzeko prest egunean 24 orduz. Baina aurten, horrez gain, gune fisiko bat jartzea erabaki dute. «Ikusi genuen telefonoa motz geratzen zela», esan du Amaia Ouladek. Donostiako Piraten Zirgari taldekoa da, eta eraso sexisten kontrako lanean ari da. Jaigunean bertan toki bat prestatuta, «erasoei erantzun pertsonalizatua, azkarragoa eta hobeto koordinatua» eman ahalko diete.

Eraso sexistak salatzeko guneak Puntu Morea izango du izena. Gauean egongo da zabalik, 23:00etatik 04:00ak arte. Donostiako Piratetako emakumeek egingo dituzte txandak; gutxienez bi egongo dira uneoro. «Salatzeko, hitz egiteko edo babesa bilatzeko leku bat da», esan du Ouladek. Erasoa gertatuz gero, gune horretatik koordinatuko dute erantzuna: erasotzailea jaigunetik kanpora dezakete, edo barrak itxi denbora batez, kontzertua gelditu... «Eraso diotenarekin hitz eginda erabakiko da erantzuna, eta hark nahi duenaren neurrikoa izango da». Puntu Morea Donostiako portuko bigarren kai muturrean egongo da, hegazkinontzia ezizenez ezaguturiko eraikuntzaren atzean.

Puntu Morea non dagoen markatzen duten kartelak, pankartak eta telefonoak jarriko dituzte jaigunean. Horrez gain, entzungarri labur bat tartekatuko dute La Flamenkako musikan. Gaur gauean manifestazioa egingo dute, mugimendu feministak antolatuta.

Udalak kanpaina bat abiatu du jaiak erasorik gabe ospa daitezen. Baietzik gabe, ezetza da! lelopean, erasoen kontrako mezua duten 15.000 zapi banatuko dituzte autobus geltokian, eta sei zapi handi jarriko dituzte Zurriolako zubian. Horrez gain, sei metroko pankarta bat zintzilikatuko dute udaletxearen aurrean, Aste Nagusiak iraun bitartean. Horrez gain, 100.000 liburuxka sartu dituzte Donostiako herritarren buzoietan; liburuxka horietan, nola jokatu azaldu diete herritarrei. Emakumeentzako liburuxkak ere egin dituzte, erasoak nola saihestu azaltzeko. Gizonezkoentzako liburuxketan, berriz, eraso matxisten kontrako «jarrera aktiboa» hartzeko eskatu diete herritarrei. Tabernetan ere banatu dituzte protokoloa azaltzen duten liburuxkak, eta baita txartelak eta txapak ere. Taxistek erasoak salatzeko telefono zenbakiak dituzte.

Gaiaren inguruko informaziogune bat jarriko dute Bretxan. Gaur, esaterako, zabalik egongo da, 11:00etatik 04:00etara.

Emakumeak eta euskara

Emakumeen presentzia zaindu dute Piratek egitarauan, urtero egiten duten bezala. Denera 15 musika talde arituko dira zuzenean kontzertuetan, eta horietako %66k (11) gutxienez emakume bat dute musikari. Horrez gain, «sinbolo» gisa programatu dute Krii disko jartzaile kolektiboa. «Transfeminismotik pentsatu, ekin eta sortzen duen kolektibo bat da», adierazi dute antolatzaileek.

Hizkuntzen arteko orekari dagokionez, aukeratu dituzten taldeen ia erdia euskaraz arituko dira. Bik gazteleraz eta beste bik ingelesez abestuko dute, eta beste batek galizieraz. Piratek genero eta hizkuntza oreka bilatu izan dute egitarauan beste urteetan ere, baina «paperean geratzen zen asmoa» batzuetan, Asier Iriondok azaldu duenez. Taldeak aukeratzeko batzordeko kidea da gaztea, eta, gaineratu duenez, ez da erraza nahi adina talde topatzea euskaraz abestuko dutenak, emakume musikariak izango dituztenak eta Donostiakoak izango direnak. «Aurten askoz lehenago hasi gara prestatzen, eta horregatik lortu dugu halako egitarau garatua sortzea», esan du Iriondok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.