ATHLETIC-REALA DERBIA. Izarne Sarasola. Realeko jokalaria

«Korrika egitera behartu behar dugu Athletic»

Denboraldia ondo hasi du Sarasolak. Taldea «dinamika onean» ikusten du, eta uste du irabaziz gero «lanak eginda» ekingo diotela etenari.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu berri du Izarne Sarasola Realeko jokalariak. Onartu du nabari dela aste berezia dela hau.

Zer moduz dago taldea biharko derbiari begira?

Gogotsu eta ilusioz gaude. Eibarren aurka oso partida txukuna jokatu genuen. Bete-betean sartu ginen partidan, eta horren isla da emaitza: 3-1. Orain beste derbi bat daukagu, Athleticen aurka, eta aste polita izan da.

Euskal Herria Kopako finalean 4-1 galdu zenuten Lezaman. Partida diferentea espero duzu?

Bai, diferentea izango dela uste dut. Orduan denboraldiaurrea zen oraindik, hainbat jokalari falta genituen, eta orain taldea dinamika onean dago.

Emaitza bestelakoa izateko, zer egin beharko duzue zuek zelaian?

Baloia gehiago eduki eta bizkorrago mugitu. Hala eginez gero, haiek gehiago egin beharko dute korrika; eta hori lortzen badugu, minutuak aurrera joan ahala nekatu egingo dira. Ezingo dira hain bizkor atera erasora. Horrekin batera, argi dago defentsan sendoago eta oldarkorrago aritu beharko dugula.

Eta Athleticez zer espero duzu?

Athletic ondo indartu da udan.Talde gaztea da, eta fisikoki oso ondo daudela uste dut. Zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatzen ahaleginduko da, gure defentsaren bizkarra bilatu eta min egiteko. Hori egin zuen Euskal Herria Kopako finalean. Beraz, oso adi egon beharko dugu, baita hegaletatik egiten dituen erdiraketekin ere. Ondo zaindu behar ditugu.

Aurrean izango duzue Nahikari Garcia. Urte asko egin zituen Realean. Nola ikusten duzu?

Argi dago gogotsu dagoela, Real Madrilen ez baitzuen nahi beste jokatzeko aukerarik izan. Gertutik zaindu beharko dugu, bai baitakigu nolako jokalaria den.

Bihar irabaziz gero, 10 punturekin joango zarete etenera. Zer balorazio egiten duzu taldearen liga hasieraz?

Argi dago ez genuela espero Granadaren kontra galtzea. Partida hori ez zitzaigun nahi bezala atera, ez ginen ondo aritu. Gainera, Aneren [Etxezarreta] kanporatzeak are gehiago zaildu zigun partida. Baina gainontzekoetan taldeak puntu dezente lortu ditu, eta, batez ere, ondo lehiatu da. Dinamika onean ikusten dut. Oso ondo ari gara entrenatzen; giro bikaina daukagu, eta ilusio handia denboraldi ona egiteko. Gainera, lortzen ari garen emaitzek konfiantza ematen digute aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Aurreko sasoian hasieratik aritu zineten kontrakarrean. Zertan izan da hobea sasoi honen hasiera?

Iragan denboraldia atzean utzi nahi dugu, uste baitugu gai garela gauzak hobeto egiteko. Esango nuke denboraldi honen hasieran gehiago asmatzen ari garela aurkariaren ate aurrean, finago ari gara horretan. Aurreko denboraldian ere gol aukera asko sortzen genituen, baina ez genituen sartzen. Bestalde, taldea hobeto ari da defentsako lanean ere.

Hitz egin duzue denboraldi honetan taldeak izan behar dituen helburuez? Lehen hiruren artean egoteko borrokatzea da erronka?

Aipatu bezala, taldea ondo ari da, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Partida bakoitzean jarri nahi dugu arreta, asteroko lanean. Jardunaldiak aurrera joan ahala, ikusiko dugu non gauden. Izan ere, aurreko sasoian argi ikusi genuen bestela zer gertatzen den.

Alejandra Bernaberen lesioa tarteko, denboraldi hasieran asko jokatu duzu, eta mailan oso onean aritu zara. Aurrerapausoa eman duzula uste duzu?

Denboraldiaurretik sentipen oso onak izan ditut, eta sasoia ondo hasi dut. Natalia [Arroyo] aukera ematen ari zait erakusteko hor egon naitekeela, eta uste dut ondo ari naizela erantzuten. Hasieratik aritu ez naizen partidetan ere, jokatu dudan denbora ondo baliatu dudala uste dut. Azken batean, jokalari bati konfiantza ematen diona jokatzea da, eta hori lortu nahi dut.

Zer alorretan hobetu duzu denboraldi honetan aukera gehiago izateko?

Uste dut ausartago ari naizela, konfiantza handiagoarekin gora begira. Lehen, agian, gehiago kostatzen zitzaidan igotzea, atzean zuloak uzteko beldurrez. Argi dago Nataliaren jokatzeko erarako funtsezkoa dela hegaleko atzelariak gora igotzea. Izan ere, gure aurretik jokatzen duten erdilariak asko sartzen dira barrura. Hegal osoa uzten digute igo gaitezen, erdiraketen eta barneraketen bidez min egiteko.

Ezker hegaleko atzealde horretan, goi mailako jokalariekin aritu behar izan duzu postua lortzeko lehian: aurrena Nuria Rabanorekin, eta orain Bernaberekin. Ez duzu erraza izan lekua egiteko, ezta?

Egia esan, maila oso handiko bi jokalarirekin lehiatu behar izan dut. Horrek ez dizkit gauzak erraztu, baina uste dut on ere egin didala. Asko ikasi dut haiengandik. Alejandrak, adibidez, sekulako ausardia eta konfiantza du igotzeko orduan, eta baloia izugarri ondo erabiltzen du. Ni nire onena ematen saiatzen naiz, eta, batzuetan, haiei ere zail jarri dizkiet gauzak. Nire helburua horretan jarraitzea da, eta Nataliari gauzak zail jartzea nork jokatu behar duen erabakitzeko garaian.

Nahi bezainbeste aukera ez izan arren, ez duzu etsi. Hori ere funtsezkoa izan da orain zauden lekuan egoteko? Psikologikoki indartsuago egin zaitu?

Aurreko denboraldiaren hasiera zaila izan zen niretzat, apenas izan bainuen jokatzeko aukerarik. Lanketa bat egin behar izan nuen. Halako egoerak nola kudeatu jakin behar du jokalari batek, eta, aldi berean, ikasi beharra dago gutxi jokatzen duzunean denbora hori nola baliatu. Izan ere, jokatzeko aukera duzunetan zure onena eman nahi duzu, baina, halere, ezin zara presaka aritu edo burua galduta ibili. Partida nola dagoen, horrek ere asko baldintzatzen du egoera. Defentsa batentzat, gainera, uste dut zailagoa dela aulkitik altxatzea.

Zuretzat bereziki denboraldi garrantzitsua da hau?

Niretzat denak dira hala, baina argi dago hau oso garrantzitsua dela. Sasoi amaieran amaituko zait kontratua, eta hemen segitu nahi dut. Dena daukat hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.