Marmitakoa, jaiak amaitzeko

Iker Uriartek eta Gabriel Guiuk irabazi dute Aste Nagusiko marmitako lehiaketa; Joakin Arzadun eta Inazio Apaolaza izan dira bigarren. Hemezortzi bikotek hartu dute parte lehiaketaren 11. aldian.

Rosa Garmendia, marmitakoa nahasten; hirugarren egin zuen, Jana Maesorekin batera. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Urre kolorea hartu behar dute tipulak eta piper berdeak». Plater bakoitzak bere sekretua du, baita sukaldari bakoitzak ere; eta horixe da Ander Gisasolak marmitakoa prestatzerakoan darabilen sekretua. «Hau da sukaldaria; ni pintxea naiz», esan du Ana Gisasolak, semea seinalatuz. Isilpekoak isilpeko eta ardurak ardura, usain gozoa zabaldu zuten atzo eguerdian Donostiako Gipuzkoa plazan, Aste Nagusiko XI. Marmitako Lehiaketan.

Lurrezko ontziak hegaluzez, patataz eta beste hainbat barazkiz bete dituzte lehiakideek, bakoitzak bere ukituarekin. Epaileen moko finak limurtu nahi dituzte, Elena Arzakena eta Martin Berasategirena, tartean. Iker Uriarte eta Gabriel Guiu donostiarren marmitakoak lortu du hori; parte hartu duten hemezortzi bikoteetako bat izan da haiena. Foru aldundiaren eraikineko arkupe bana izan dute sukaldetzat bikoteek, eta eginahalean aritu dira hegaluze eta barazki artean. Eltze eta suen bueltan ibili dira, mantelak soinean.

Lastozko txapelak eta Donostiako piraten zapi beltzak daramatzate lepoan Juantxo Apilanezek eta Jose Gironek. Lehenengo aldiz hartu dute parte lehiaketan, baina pare-pareko izenak asmatu dituzte: Marmijuantxo eta Joxetako. Umorea da nagusi haien mahaian, eta txakolina ere ez dute falta. «Ikatza da gure sekretua; ez dugu gasarekin prestatzen, besteek bezala», azaldu du Jose Gironek, Iruñean bizi den britainiarrak.

Hiruzpalau mahai aurreraxeago dago Irungo (Gipuzkoa) Kurpil Kirolak elkarteko bikotea. Hirugarrenez etorri dira lehiaketara, eta oroitzapen onak dituzte aurreko aldietatik: «Badakigu zerbait hasiberriaren zorteaz, etorri ginen lehenengo urtean txapeldun izan baikinen», gogoratu du Jose Ignacio Martinezek. «Hegaluzea azken momentuan egin behar da, eltzera bota eta sua itzali», azaldu dio ikustera gerturatu den gizon bati. Hala ere, euren errezeta onena bakailaoa pil-pil erara dela aitortu du.

Prestatu artean, jaten

Janaria prestatzeko ez ezik, mokadutxoa egiteko tartea ere hartu dute sukaldariek: ahoak eta eskuak beteak dituzte Nos Comemos el Mundo taldekoek. Ogi gainean jarritako piper gorriekin ase dituzte sabel aztoratuak. «Sukaldaritzako ikastaroa ematen diot Atzegiko talde bati, eta gastronomia lehiaketetan parte hartzera animatu gara», azaldu du Jana Maeso sukaldariak. Ondoan ditu Rosa Garmendia eta Xabi Solano ama-semeak, besteak beste. Hirugarren lehiaketa dute Aste Nagusian, arkume menestra eta legatza saltsa berdean prestatu baitituzte aurretik. Ekiteak zerbaitetarako balio du nonbait, hirugarren saria eskuratu baitute.

Lehiaketaz gain, erakusleihoa ere bada marmitakoaren ekitaldia. Ederki dakite hori Ibarratik (Gipuzkoa) joandako lagunek; Xepla elkartetik etorri dira, hirugarrenez, eta bigarren saria ateratakoak dira. Ibarrako piperrak dituzte mahaian, eta lehiakideei ere eman dizkiete. «Nongoak zarete?», galdetu die emakume batek; «Ibarrakoak, nongoak izango gara, ba!», erantzun dio, umoretsu, Alberto Zubelzuk, platera seinalatuz. «Egun-pasa gatoz, eta, bide batez, irailaren 16an Ibarran egingo dugun Piperraren Egunaren berri ematera».

Ibarrakoa ala txorizeroa, piperra da marmitakoaren ezinbesteko osagaia. Tipularekin batera erregosten ari da Lezoko (Gipuzkoa) bikotea, Ixkulin elkarteko kideena. «Zortzigarren aldia-edo badugu», esan du Joakin Arzadunek, Inazio Apaolaza lagunari laguntzen dion bitartean. Ondo pasatzeko helburuarekin joan dira, baina, gainera, bigarren saria poltsikoratu dute. Badute zer ospatua, bazkaria egitekoak baitira elkartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.