Elena Calvillo. Mendi korrikalaria

«Ez naiz inoiz oso diziplinatua izan entrenatzeko garaian»

Euskal Herriko mendi lasterketetan ibiltzen diren korrikalarien artean, gutxi dira Elena Calvillo ezagutzen ez dutenak. Azken hamarkadan hainbat lasterketa irabazitakoa da: besteak beste, Goierriko Bi Handiak eta Ehunmiliak, bere herrian jokatzen direnak. Emakume askoren erreferente bilakatu da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Beasain
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Lanetik irten berritan iritsi da elkarrizketara Elena Calvillo (Beasain, Gipuzkoa, 1970), eta ohikoa duen irribarrea aurpegian duela agurtu du argazkilaria. Goizean mendian korrika saioa egin duela ere aitortu du hizketan hasi orduko. Mendiaz eta korrika egiteaz gozatzen du oraindik ere. Urte asko jarraitzeko asmoa duela azaldu du.

Korrika urte asko daramatzazun arren, berandu hasi zinen. Nola gogoratzen dituzu hastapen haiek?

25 urte izango nituen lehen korrika saioak egiten hasi nintzenean. Bigarren semeak 6 urte zituen orduan. 16 eta 19 urte artean errugbianibilia nintzen, baina unibertsitatean hastearekin batera amaitu nituen kirol saioak. Gogoan daukat semea igerilekuan utzi eta tarte hori aprobetxatzen nuela korrika egiteko, Maixabel Urdangarinekin. Gerora, eta senarra ere korrikalaria denez, herrietako krosetan parte hartzen hasi nintzen. Nire lehen lasterketa Josetxo Imazen omenezkoa izan zen, Ordizian. Handik gutxira, lehen Behobia-Donostia korritu nuen. Orduan ez zen orain bezala: askoz emakume gutxiago ibiltzen ginen korrika.

Hasieratik ondo moldatu omen zinen lasterketetan.

Bai, hala izan zen. Ordurako, senarrak lasterketa askotan hartzen zuen parte, eta, horren aitzakian, ni ere apuntatzen ninduen. Lasterketei gustua hartzen hasi nintzen, eta, parte hartu ahala, postuak hobetzen nituen sailkapenean. Konturatzerako, podiumeko postuetan amaitzen hasi nintzen.

Errepideko lasterketa asko jokatutakoa zara?

Bai, urte batzuetan hilean bi lasterketa ere korritu nituen. Urtea amaitzerako 25 lasterketa inguru jokatu nituen urte batzuetan. Lehen bi edo hiru urtertan errepidean lehiatzen nintzen. Ondoren etorri zen mendi lasterketetarako jauzia. Jada hasiak ziren mendi lasterketak ugaritzen inguruetan, eta niri ordurako jada izugarri gustatzen zitzaidan mendia.

Gogoan duzu zure lehen mendi lasterketa?

Gogoratuko ez naiz, ba! Urte asko pasatu dira jada, baina Zegama-Aizkorri izan zen, 2007an. Nik ordurako jada Zegamako lasterketa korritu nahi nuen. Juanito Rubiomaratoilariaren bitartez izan nuen aukera; laguna dut. Lasterketako babesle izan da betidanik, eta hark aipatu zidan polita izango litzatekeela eskualdeko emakume batek bertan parte hartzea. Horrela animatu nintzen. Orduan ez ginen hainbeste emakume ateratzen Zegaman. Izugarri gozatu nuen lasterketan zehar, eta, lehen aldi hartan lortutako denborari esker, hurrengo urtean berriz ere parte hartzeko aukera izan nuen. Niretzat beti izan da berezia Zegama-Aizkorri, eta asko gozatu nuen lehen aldi hartan.

Garai batekoekin alderatuz, gaur egun entrenamenduak asko aldatu dira. Nola entrenatzen zinen zu orduan?

Esaterako, ni Zegama-Aizkorriko ibilbidean ibiltzen nintzen entrenatzen. Zorionez, etxetik gertu geratzen zaigu guri Zegama, eta Otzaurtera joaten nintzen. Ibilbidea markatuta zegoenez, hantxe ibiltzen nintzen gora eta behera. Senarra izan dut beti entrenatzaile, eta hark beti gauza bera esaten zidan. «Onena ibilbidean bertan entrenatzea da!».

Mendian ere ondo moldatzen zinela erakutsi ondoren, euskal selekzioaren deia jaso zenuen.

Bai, halaxe izan zen. Halere, ez nintzen batere ondo hasi selekzioan. Lehen aipatutako Zegama-Aizkorri jokatu ondoren, Idiazabalgo taldearekin federatu nintzen, mendian aritzeko asmoarekin. Erronka bat jarri nion neure buruari: mendi lasterketetako Euskal Kopan lehiatzea. Egutegia ikusi, eta bertan ondo lehiatzea zen nire asmoa. Lasterketak bikain atera ziren, eta Euskal Kopa irabaztea lortu nuen. Handik gutxira, euskal selekzioko hautatzaile Eneko Alienderen eta Kepa Larrearen deia jaso nuen haiekin lehiatzeko. Baiezkoa eman nien. Baina urtea amaitzerako, lesionatu egin nintzen Donostiako maratoia prestatzen, eta lau hilabetez atzeratu nuen estreinakoa. Orduan, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia, Nerea Amilibia, Maite Maiora, Oihana Kortazar eta Ainhoa Jauregi izan nituen selekziokide.

Euskal mendi korrikalari perfektua egin beharko bagenu, noren gaitasunak izan beharko lituzke?

Nirekin ibili diren korrikalari guztiengandik hartuko nuke zerbait. Esaterako, Maite Maioraren ausardia eta jaisterakoan duen erraztasuna; Oihana Kortazarren burua, kalitatea eta diziplina; Oihana Azkorbebeitiaren ziurtasuna eta barne konfiantza; Aitziber Ibarbiaren buru azkarra, fisikoa eta alaitasuna; Leire Agirrezabalaren exijentzia, diziplina eta kalitatea; Uxoa Irigoienen burugogortasuna, alaitasuna eta aurrera egiteko grina... Inguruan izan ditudan korrikalari gehienek izan dituzte gaitasun asko.

Urte askoan euskal selekzioarekin maratoi distantziaraino lehiatzen ibili ondoren, ultra distantzian zabiltza azken urteetan. Nolatan hasi zinen distantzia luzean?

Lehenengo Ehunmiliak-ekin batera hasi nintzen ni ere Goierriko Bi Handiak prestatzen [Beasain, 88 kilometro, +6.000 metro]. Ezjakintasun handia zegoen entrenamenduaren inguruan, eta, askotan, maratoi distantzia ere egiten genuen entrenatzen. Taldetxo bat egin genuen entrenatzeko, eta gauetan ateratzen ere hasi ginen hura prestatzeko. Dena berria zen denontzat.

Atera bakarrik ez, lasterketa irabazi zenuen. Nola duzu gogoan?

Bai, hala izan zen. Herriko korrikalariz osatutako talde bat egin genuen, eta lasterketa oso ondo atera zitzaigun. Parte hartzen dudan lasterketa guztietan bezala, nire lehen asmoa hura amaitzea zen. Monica Grajerarekin batera egin genituen kilometro asko, baina Lizarrustira bidean atzean utzi gintuen. Ondoren, aurrerago, hura harrapatzeko aukera izan genuen, eta helmugaraino eutsi genion lehen postuari. Azkenean, taldeko lauk edo bostek amaitu genuen lasterketa, eta azken metroetan korridore antzeko bat egin zidaten lagunek. Oso sentsazio berezia izan zen, eta herriaren berotasuna oso gertutik sentitu nuen.

Hurrengo urtean berriz itzuli zinen.

Bai, beste bi alditan ere parte hartu izan dut G2Hn. Aipatutako bi horietan, bigarren eta hirugarren amaitu nuen. Hiru aldiz irten ondoren, Ehunmiliak lasterketan parte hartzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Ordurako jada eskarmentu pixka bat pilatutakoa nintzen.

Ehunmilietako distantzia beste kontu bat da (168 kilometro, eta +11.000 metro).

Bai, beste kontu bat da! Beti gustatu izan zait lasterketa berriak probatzea, eta nire gorputzak lasterketa berri batean nola erantzuten duen ikustea. Orduan, ez nekien amaitzeko gai izango nintzenik ere!Pentsa, geroztik bost aldiz atera naiz lasterketa horretan, eta, iaz, gutxien espero nuenean, irabazi egin nuen. Aurreko lau aldietan bigarren amaitu nuen. Horrelakoa da distantzia luzea! Iazko garaipenarekin, bakeak egin ditut Ehunmiliekin [barrezka].

Distantzia luzean ibiltzeko, ezinbestekoak dira diziplina eta entrenamendua. Zuk ere hala dela uste duzu?

Entrenatzea ezinbestekoa da distantzia luzean. Ni astean bost edo sei egunetan entrenatzen naiz. Agian, besteren batek lau egunekin nahikoa izango du. Beti nire kasara ibili izan naiz; ez dut entrenatzailerik izan. Selekzioan ibili nintzenean, Jokin Lizeagarekin ibili nintzen urtebetez, baina oso zaila egiten zait entrenamendu finko bati jarraitzea. Korrika daramatzadan urte hauetan guztietan senarraren laguntza izan dut horretarako. Ez naiz batere diziplinatua izan nire kirol ibilbidean. Sentsazioen arabera entrenatzea gustatzen zait. Egun batean indartsu ikusten badut neure burua, estutzea gustatzen zait. Ziur horrela ibilita ez dudala nire onena aterako, baina nik horrela gozatzen dut. Presioa kentzen diot neure buruari horrela ibilita.

Hainbeste urtez sasoiari eusteko, asko zaintzea tokatu zaizu, ezta?

Ez naiz inoiz izan gehiegikeria handiak egiten dituzten horietakoa. Urte batean dietista batekin hasi nintzen, koloneko arazoak tarteko. Urdaileko arazo txiki batekin ibiltzen nintzen. Gauza asko kendu zizkidan hasieran, eta oso ondo ibili nintzen denboraldi hartan. Baina dieta nahiko zorrotza zen. Halere, pauta batzuk erakutsi zizkidan lasterketetan ondo ibiltzeko. Tarteka garagardoren bat hartzeko ez dut arazorik izaten.

Semeekin ere korrikako transmisioa egindakoa zara. Aholku asko ematen al dizkiezu?

Biak ere lasterketa batzuk jokatutakoak dira, eta nik beti esaten diet gozatzeko egiten dutenarekin. Ez dira oso lehiakorrak, baina gustura ikusten ditut korrika. Ez naiz inoiz aholkuak eman zalea izan. Kirolaz gozatzea da lehen helburua.

Zer egutegi egiteko asmoa daukazu aurten?

Urtean bi lasterketa jarri ohi ditut helburu gisa. Entrenatzen jarraitzeko motibazioa ematen didate. Aurtengorako ez dut egutegi finkorik prestatu, baina begiz jota daukat Ehunmiliak-en programaren barruan jokatzen den Marimurumendi lasterketa [42 kilometro, +2.300 metro]. Ilusio handia egingo lidake podiumean sartzeak. Gazteak oso indartsu datoz, eta lehen postuan amaitzea oso-oso zaila izango da.

Noiz arte jarraituko duzu mendi lasterketetan?

Ondo nagoen bitartean korrika jarraitzeko asmoa daukat. Orain, askotan, Irene Sarrionandia korrika ikusten dudanean, inbidia sanoa sentitzen dut. 74 urte ditu. Osasunak errespetatzen nauen bitartean, hor ikusiko nauzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.