Albistea entzun

Izan ziren, eta orain badira

Bera Berak bihar irabaz dezake liga zortzigarrenez. Gijonen garaipena lortu behar (18:00, Tdp). Titulu zerrenda honek badu mugarria: aurrenekoa, 2013koa. Orduan bizi izandakoak ekarri dituzte gogora, talde hartako entrenatzaile Reyes Karrerek, eta Matxalen Ziarsolo eta Eli Pinedo jokalariek.
Bera Berako jokalariak eta entrenatzaileak Castro Urdialesen, liga lehen aldiz irabazi izana ospatzen, 2013ko maiatzaren 11n.
Bera Berako jokalariak eta entrenatzaileak Castro Urdialesen, liga lehen aldiz irabazi izana ospatzen, 2013ko maiatzaren 11n. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko maiatzak 7

Hitza emanda zegoen eta, hitza bete nahi genuen/ Garaipen hauek donostiarrei gaur gatoz hona eskaintzen/ Zuen ahotsez larunbatero egon zarete babesten/ Sari guztiak laguntza gabe ez baitira inoiz lortzen». Bertso hau abestu zioten—Pello Joxeperen doinuan—, Bera Berako jokalariek eta entrenatzaileek 2013ko maiatzaren 13an Juan Karlos Izagirreri, orduan Donostiako alkateari, udaletxean. Promesa bat zen, alkateari egina jokalariek, agintariak beste harrera batean bertsoz hartu zituenean, eta erronka bota zienean. Onartu eta egin jokalariek.

Bertsoak, kantua izateko, liga titulua eskuratzea behar zuen ezinbestean. Ospakizun eta harrera instituzionala ekarriko zituen garaipenak. Udaletxeko agerraldia baino bi egun aurretik izan zen. Bera Berak handia egin zuen, garaipen historikoa lortu: ligako titulua aurreneko bider.

Castro Urdialesen (Espainia) izan zen, eta herri hori betirako geratu zen gordeta klubaren historian. Beste horrenbeste gerta daiteke bihar Gijonekin ere, Espainiako hiri horretan lor baitezake zortzigarren aldiz ligako titulua Super Amara Bera Berak bihar(18:00, Tdp). Irabazi egin behar horretarako etxeko taldeari, eta hiru jardunaldi falta direla litzateke txapeldun.

Orainalditik iraganera jauzi eginda, Castroko partida hura azkena izan zen. Aukera bakarra zeukan Bera Berak liga irabazteko, baita lortu ere (18-32). Harantza egin dute berriz ere taldeko entrenatzaile Reyes Karrerek (Errenteria, Gipuzkoa, 1966), eta Matxalen Ziarsolo (Ermua, Bizkaia, 1982) eta Eli Pinedo (Amurrio, Araba, 1981) jokalariek.

Lehenik eta behin, partida aurreko egunei egin diete aipamena. Hirurek nabarmendu dute ez zutela ezer berezirik egin. Karrerek, taldeko gidari moduan, «lasaitasuna» hitza erabili du: «Astea oso lasai joan zen. Betiko gauzak egin genituen entrenamenduetan, egunerokoari jarraikiz». Horrela egiteak bazuen nolabaiteko helburu bat ere: «Alferrik zen presioa jartzea. Azkeneko partida hori irabaztearen ondorioa zein izango zen gutxi aipatu genuen». Ziarsolok gauza bakarra du gogoan: «Oso garbi neukan jokatu eta irabazi egin behar nuela». Pinedok gogoratu du beste ebidentzia bat: «Gure eskuan zegoen».

Danborrada doinu eta guzti

Asteari berea eman eta gero, bere-berean joan zen Bera Bera Castrora. Pareko aurkaria ligako azkena zen, gainera. Erraza behar zuena, baina, korapilatu egin zen pixka bat lehen zatian. Karrere: «Eskuko frenoa jarrita jokatu genuen lehen zatian, galtzeko beldurrarekin. 8-11 baino ez ginen aurretik. Esan nien jokalariei aldagelan dena ahazteko eta ausart, arin eta azkar jokatzeko, gure estiloan». Ziarsolo: «Justu antzean ibili ginen lehen erdian, urduri antzean, baina, gero, eroso jokatu genuen». Pinedo: «Askotan gertatzen da guri gertatu zitzaiguna. Lehen zati ona ez genuen egin, eta aurkaria hazi egin zen. Gero, gauzak bere tokian utzi genituen».

Irabazi izana erabat gauzatu aurretik hasi zen festa. Danborradaren doinuekin lehertu ere. Donostiako zaleak harmailetan ziren, eta Erreka Laranjako peñako txarangak Donostiako martxa jo zuen hamar minutu falta zirela. Ez du ahazteko Pinedok: «Aulkian ginenok entzun egin genuen, eta txaloekin laguntzen hasi ginen. Baginen taldean gipuzkoarrak ez ginen batzuk, eta, hala ere, sentimendu guztiak dantzan jarri zitzaizkigun. Hamar urtez aritu nintzen taldean, eta erdi donostiarra naiz».

Bukatu zen partida. Ligako txapeldun ziren, eta pistako ospakizunetan, Bera Beraren aurreko taldea izan zen Corteblanco Bidebietaren kamiseta soinean azaldu zen Karrere. Orduan eman zuen azalpena, han bertan: «Arrakasta hau etorkizunerako oinarri sendoa da, baina iragana ez da ahaztu behar». Berretsi eta indartu egin ditu keinu hura eta orduko azalpena: «Emakumezkoen eskubaloiak 50 urte daramatza Donostian, eta ezin da iragana ahaztu. Gure aurretik asko ibili ziren gu heldu ginen lekuraino heltzeko [2012-2013 sasoian, liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituzten], eta orain ere mezua berbera da. Entzun nahiko nuke orain guk egindakoak ere ekarri duela oraingoa».

Duela bederatzi urtekoa berezia izan zela ez da dudarik, aurrenekoa zelako. Ziarsolok gogoeta hau egin du, ordukoa gogoan: «Horma bat apurtzea bezala izan zen. Aurreko urteetan kosta egiten zitzaigun erregulartasuna lortzea, eta bagenuen nahi hori. Lortu genuen, eta, geroztik, ohikoa izan zen guretzat oinarri sendo horren gainean ibiltzea». Pinedok ere igaranari egin dio aipua: «Urte askotan egindako lanaren emaitza izan zen titulua. Klub osoak sekulako lana egiten zuen, eta denona izan zen garaipena. Urteak zeramatzan jende askok lanean, baina bosgarren edo seigarren izaten ginen gero. Liga lehen aldiz irabaztea helburu bat betetzea izan zen».

Denentzat izan zen berezia egun hura, eta Karrererentzat gehiago, azkeneko partida zuelako: «Taldea utziko nuela erabakita neukan, eta poz betearekin utzi nuen, hiru tituluak irabazita. Egitasmoa sendoa zen gurea». Hiru oinarri zituena: «Profesionala, euskalduna eta goi mailakoa. Erakutsi genuen ahal zela emakumezko kirolaria profesionala izatea, eta pena dut, orain haizea galdu duelako horrek».

Harantza ibili eta gero, honantza dator hirukotea. Iraganetik orainaldira. Castrotik Gijonera. Baina aurreko asteburuan Donostian gertatu zena ahaztu gabe: Espainiako Kopan finalik gabe geratu zen taldea, ezustean galdu baitzuen Atletico Guardesen aurka finalerdietan. Karrerek dio ez duela «eraginik» izango: «Kopa berezia da, partida bakarrera, eta finalak dira. Sekulako ezustea izan zen finalerdia galtzea, hori ezin da ukatu, eta egun txarrak pasako zituzten taldean, baina gaindituko zuten honezkero».

Kopakoa, pizgarri

Entrenatzaile izan zenez, eta horrelako kolpeak jasotakoa izango denez, halakoetan zer lan eta nola egin behar den azaldu du: «Arlo teknikoetan jarri behar da arreta, eta botika onena izaten da partida prestatzea». Irabazteko nahikoa ote den... «Inork ez dizu ziurtatzen partida bat irabaziko duzula». Gertatzen bada, balio handia emango lioke tituluari: «Arlo guztietan ibili behar da ondo txapeldun izateko».

Ziarsolorentzat ere Kopakoa «dezepzio galanta» izan zen, «aurreikuspen handiak» zeudelako, baina biharkoa ondo etorriko zaielakoan dago: «Balioko die jokalariei lasaitzeko, eta merezi duten titulua irabazteko. Azkenean, taldeak inoiz ez du liga hiru jardunaldiren faltan irabazi». Pinedok ziurtasun osoa du biharkoan: «Ziur naiz sekulako partida egingo dutela. Gogo handiz aterako dira, eta erakutsiko dute indar betean daudela. Defentsako lan ikusgarria egingo dutelakoan nago».

Kontatzea eta jokoaren azterketa egitea tokatuko zaio arabarrari, Tdp katean ariko delako: «Berezia izango da niretzat. Baina aukeran nahiago jokalari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.