Pilare Baraiazarra Txertudik (Meñaka, Bizkaia, 1938) Maria Pilar du izena, baina eskolan besterik ez dute horrela inoiz izendatu. Ikaztegietara zenean beste Maria Pilar bat gertatu zen aurretik eta «Pilare gustatzen zaizu?», esan zioten gure solaskideari. «Niri bai!», honek. «Ordutik Pilare naiz agiri ofizialetan ere!». Bilbon bizi den arren, Meñakan erroldatuta egon da beti eta orain ere hala jarraitzen duela dio.
Etxetik da kristau Pilare Baraiazarra, garai bateko Arami taldeko kide. Eugenio Agirretxe frantziskotarra izan zuen gidari Aramik 60ko hamarkada hartan Gipuzkoa aldean, erlijioak guztia bustitzen zuen garaian. Orain ez da halakorik. «Aldaketa handiak gertatu dira gizartean, eta baita gure artean ere. Fede lagunak gara gu gaur egun. Elkarrekin bizi izan ginen sasoi batean, antzeko bizipenak ere izan genituen, eta horrek konfiantza ematen du, adiskidetasun giroa da oinarria. Oraindik elkartzen gara batzuk, gai jakin batzuk eztabaidatzen ditugu, meza edo otoitzalditxo bat egiten dugu, lagunarteko bazkaria… Honela egin izan dugu azken urteotan. Hemendik aurrera izango dira kontuak! Zenbaiten osasun eskasa traba izaten hasia dugu eta! Baina gure artean dugun adiskide giroak merezi du, dudarik gabe… Hala ere, gauza bat esango dizut: Bilbon eta Bilbo inguruan hainbat lagun jator ditut, asko irakasle dira, beste asko ez, eta harreman handia mantentzen dugu; hainbat ekintzatan, aisialdian eta bestelakoak tarteko direla, sarri elkartzen gara. Bada, lagun hauetako ia inork ez du fede kezkarik adierazten eta normalean neuk ere ez. Dena dela, fedearen inguruan pentsatzen dudana lasai ematen dut nik aditzera. Batez ere, ordea, Barakaldo eta Ezkerraldeko ikastetxeetan euskarazko ereduen bultzatzaile, euskaltzale eta abertzale modura hartzen nautela uste dut».