Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Formula

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Astebete pasatu da Realak eta Atlheticek Sevillako Cartuja futbol zelaian Espainiako Kopako iazko finala jokatu zutenetik. Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko kirol saioak betetzeaz gain, ohiko programazioko ia saio eta elkarrizketa guztietan aipatu da partida horri buruzko zerbait. Magazinetako tertulietan eta elkarrizketetan, tertulia politikoetan eta baita alderdi politiko desberdinetako buruzagiei egindako elkarrizketetan ere. Ondorioa? Futbola politika da, nahiz eta askok esan ez direla nahastu behar. Ulertu dezaket biharamunean eta biharamunaren biharamunean gai nagusi izatea, baina ia aste osoan partida horri buruz hizketan entzutea nekagarria egin zait.

Bada aste honetan protagonismoa eta gure errepideak hartu dituen beste kirol bat ere: txirrindularitza. Ez naiz bereziki zalea, tropeleko pare bat txirrindulari bakarrik ezagutzen ditut, eta mendi puntan bizi naizenez, txirrindulariekin harreman ona izatera behartuta nago. Baina urtero hartzen dut atsegin handiz Euskadi Irratiak Euskal Herriko Itzuliari eta bere kontakizunari egiten dion zuzeneko tartea. Lantalde ederra osatzen dute Joxe Mari Apaolazak, Arritxu Iribarrek, Jon Altunak, Mikel Astarlozak eta Eugenio Goikoetxeak. Nahiz eta Txomin Perurenaren hutsunea pixka bat sumatu den.

Bereziki gustatzen zait Joxe Mari Apaolazak saioari ematen dion erritmoa, nola heltzen dion Jon Altunaren kontakizun finari eta nola sartzen duen entzulea lasterketaren barrura. Saioa ikaragarri aberasten dute Arritxu Iribarren motor gaineko kontakizunek, berak erakusten digulako tropelak ikusten duena, tropelaren taupada.

Astarloza eta Goikoetxea hizlari onak dira, egiten dituzten analisiek txirrindularitzaz zerbait badakidala sentiarazten didate. Hori, eta entzuleen galderak mundu guztiak ulertzeko moduan erantzuten dituztela. Euren bizipenek zein pasarteek lagunarte goxora eramaten naute eta hori da irratsaio batetik gehien estimatzen ditudan ezaugarrietako bat.

Txirrindulari lasterketak siestarako baliatzen dituzten asko ezagutzen ditut. Bereziki zaletasunik ez dugunok oso barneratua dugun kontzeptua da lo eragile onak direla, somnifero onenen parekoak. Uste hori goitik behera aldatzeko formula da txirrindularitza kontakizunak Euskadi Irratian jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.