Zubiak hautsita utziko du aginte makila

Gasteizko alkategai izango ez dela jakin zenetik, ika-mika ugari piztu dira Gorka Urtaranen eta Jaurlaritzaren artean. Besteak beste Gasteizko tranbiak eta Gardelegiko zabortegiak piztutako polemikek bien arteko harremanak tenkatu dituzte.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, joan den irailean, Eusko Legebiltzarrera iristen. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bi hamarkada luze daramatza Gorka Urtaranek (Gasteiz, 1973) Gasteizko Udalean. Funtzionario gisa jardun zuen hasierako urteetan, eta EAJko zinegotzi izan zen 2011tik 2015era, oposizioan. Azken zortzi urteetan, berriz, Gasteizko alkate izan da. PSE-EErekin batera gobernatzen du koalizioan, gutxiengoan.

«Erabaki adostua eta partekatua izan da. Ziklo bat ixteko eta erreleboa emateko garaia da». Urriaren hondarrean, EAJren Araba Buru Batzarrak Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategai izendatu eta bi egunera, hitzok erabili zituen Urtaranek alderdiak bere hautagaitza baztertzeari buruz aurrenekoz mintzatu zenean. Orduz geroztik, baina, nabarmen tenkatu diraharremanak Urtaranen eta Jaurlaritzaren artean. Aurrez ere, Gasteizko alkateak agertu izan ditu zenbait desadostasun publiko Eusko Jaurlaritzarekin: biziena 2020an piztu zen; Subilla Gasteizko Armentia-II putzuan gas ustiaketak egitearen aurka agertu zen Urtaran, eta hori egiteko baimena ukatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Azken hilabeteotan, bien arteko harremana are gehiago mikaztu da. Hona polemika nagusiak:

ESPAZIO AGENTZIA

Gorka Urtaranek eta Maider Etxebarria lehen alkateordeak (PSE-EE) azken hiru urteotan izandako ika-mikarik handiena irudikatu zuten azaroaren hasieran, komunikabideen aurrean.Aurrekontu proiektua aurkeztu zuten Urtaranek eta Etxebarriak prentsaurrekoan, baina beste gai batek sortu zuen bien arteko liskarra. Bezperan, Eusko Jaurlaritzak Zamudio (Bizkaia) proposatu zuen Espainiako Espazio Agentziaren egoitzarako hautagai gisa, Gasteizko hautagaitza baztertuta, eta horri buruzgaldetu zieten kazetariek Urtarani eta Etxebarriari.PSEko zinegotziak EAJ egin zuen Gasteizek Espainiako Espazio Agentziaren egoitza hartzeko erabakiaren erantzule, eta harekin «desengainua» hartua zuela esan zuen. Alboan zuen Urtaranek irmo erantzun zion: «Ezjakintasuna» eta interes politikoak lehenestea egotzi zion, haserre.

TRANBIA

Ez da apaldu oraindik Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko proiektuari buruzko polemika. Azaroan argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak tranbia Zabalganeraino iristeko ondutako azterlan informatiboa: hiriaren erdigunea eta auzoa lotzeko proposatutako ibilbidearekin desados agertu zen Urtaran. «Ez gaude ados proiektuarekin, ez mamian eta ez formetan».

Tranbia Zabalganara luzatzeko proiektua mahai gainean jarri zenetik ibilbide ezberdinak aztertu ditu Gasteizko Udalak, baina, oro har, baztertu egin izan ditu hiriaren erdigunea zatitzen zituzten trazadurak, eta herritarrengan eragin apalena izango duten bideak lehenetsi ditu. Urtaranek, baina, salatu zuen Jaurlaritzak publiko egin duen proiektuak ez duela udalaren iritzia aintzat hartzen, eta proposamena bertan behera uzteko eskatu zion Jaurlaritzari.

Polemikak koska bat gora egin zuen gero, gobernuko bazkideen arteko harremanak tenkatzeraino. Gasteizko Udalbatzak ebazpen bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzari bilera tekniko bat eskatzeko tranbiaren inguruko desadostasunak konpontzeko, baina PSE-EEk haren aurka bozkatu zuen. Handik egun gutxira,gaiaz eztabaidatzeko taldeekin deitutako batzarretik kanpo utzi zituen Urtaranek sozialistak.

AUTOBUSA DOAN

Tranbiari buruzko polemika baretu gabe zegoela, garraioari lotutako beste erabaki bat iragarri zuen Urtaranek: Gasteizko autobus zerbitzua doakoa izatea hamabi urtetik beherakoentzat. Erabaki hori, aurrez, liskarrerako motibo izana zen Udalaren eta Garraio Sailaren artean. Neurria Garraio Agintaritzaren batzarrean aztertzeko proposamena egin zuen Urtaranek uda hasieran, baina asmoari ateak itxi zizkion Arriola sailburuak: «Ez dago bileraren gai ordenan». Suminduta mintzatu zen alkatea: «Sentitzen dut sailburuaren erantzuna. Gasteiz dagoeneko ohituta dago Garraio sailburuaren lehen erantzuna ezezkoa izatera. Eta nik uste dut ezin dugula horrela lan egin». Neurria Tuvisako Kontseilura eraman zuen Urtaranek gero, eta han onetsi zuten. Abenduaren 12tik da indarrean doakotasuna hamabi urtez azpikoentzat.

GARDELEGI

Gasteizko Gardelegiko zabortegia handitu eta bertan amiantodun fibrozementua lurperatzeko gune bat sortzeko Eusko Jaurlaritzak egindako iragarpenak ere ika-mikak sortu ditu Gasteizko Udalaren eta Jaurlaritzaren artean. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak azaroan iragarri zuen eremua handitu eta hondakin arriskutsuak botatzeko baliatu nahi duela zabortegia; zehazki, amiantodun fibrozementua. Udalak, berriz, uko egin dio aukera horri.

Gaur egun, Arabako zabortegi bakarra da Gardelegi. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako handiena da, eta 85 hektareako lursaila du. Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) itxi zenetik, nabarmen handitu dira haren jarduera eta iristen diren hondakinen kantitatea. Hala ere, hondakin arriskutsuak sartzea debekatuta egon da orain arte; soilik hiri hondakinak eta arriskurik gabeko industria hondakinak iritsi dira. Hasieratik, Gasteizko alkateak uko egin zion Jaurlaritzaren planteamenduari, eta argi utzi ez duela emango ezinbestekoa litzatekeen udal baimena.Tapiak «erantzukizuna eta elkartasuna» eskatu zizkion Urtarani. Bi aldeek ez dituzte jarrerak hurbildu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.