Euskara, gaztelerak eta ingelesak estututa

Hainbat hezitzailek eta gurasok salatu dute Iruñeko Udalak ingelesa sartu nahi duela bi haur eskolatako euskarazko lerroetan. Ados ez daudela adierazteko, greba eguna dute gaur. Hiriburuko haur eskola publikoetatik bakarrak dauka euskara hutsezko murgiltze eredua.

Iruñeko haur eskoletan euskara hedatzearen aldeko protesta bat, ekainean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Hemen beti erabili izan dute ingelesa sartzearena euskarari lekua kentzeko». Argi mintzo da Ainhoa Jauregi guraso eta Haur Eskolak Euskaraz plataformako kidea Iruñeko haur eskoletako egoeraz. Talde horrek emandako datuen arabera, Iruñeko hamasei haur eskola publikoetatik bakarrak dauka euskarazko murgiltze eredua, eta hiruk euskarazko eta gaztelerazko lerroak dituzte —bi Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu, eta bat Iruñeko Udalarena da—. Orain arte euskarazko eskaintza urria izan den arren, aldaketak ingelesa sartuta egin nahi ditu Iruñeko Udalak. Navarra Sumaren udal taldeak egin zuen proposamena, eta PSNren aldeko botoarekin onartu zuten. Gurasoak eta hezitzaileak ez daude ados, eta grebarako deia egina dute gaurko.

Enera Chamarro da hezitzaileetako bat, eta lanuzterako arrazoi bat baino gehiago dauzkatela uste du: «2019ko hauteskundeetatik Navarra Sumak egin dituen erasoak etenik gabeak izan dira». Gurasoek ere bat egin dute aldarrikapenekin. Jauregik azaldu duenez, bi haur eskoletako euskarazko eta gaztelerazko lerroetan ingelesezko ekintzak ere sartuko dituzte: Buztintxurik gaztelerazko eredua dauka ingelesezko ekintzekin, eta euskarazko lerroa sartuko dute ingelesezko jarduerekin; Printzearen Harresin, berriz, gaztelera zegoen, eta gaztelera ingelesezko jarduerekin eta euskara ingelesezko jarduerekin sartuko dizkiete. Jauregik ez du begi onez ikusten: «Haien argudioa da guk eskatutako euskara gehiago sartuko dutela, baina guk diogu tranpa bat dela».

Izan ere, haren hitzetan, euskarazko eta gaztelerazko lerroak zituzten haur eskoletan, lehendik ere nahastu egiten ziren euskaraz eta gazteleraz eskolatutako umeak —esaterako, jolas lekuan—, eta, orain, beste hizkuntza bat gehituko diete. «Batzuetan, udaleko haur eskoletan bikote pedagogikoekin lan egiten da: bi hezitzailek bi talde dituzte. Eta agian hezitzaile horietako batek ez daki euskaraz», erantsi du. Beraz, euskarazko lerro horietan ingelesa sartuta, bi hizkuntza handiren artean geratuko da euskara, eta, hiru urte betetzerako, hiru hizkuntza entzungo dituzte umeek. Kontra egin du Jauregik: «Ez du inolako oinarri pedagogikorik hirugarren hizkuntza bat adin horretan sartzeak». Bat egin du Chamorrok ere: «Hausnarketa pedagogikorik gabe egindako inposizio bat izan da».

Gainera, eredu hori ezarriko bada, haurrei euskaraz eta ingelesez egingo dieten hezitzaileak behar dituzte. Chamorrok azaldu duenez, euskararako C1 eta ingeleserako B1 mailak eskatzen dituzte, baina ez du uste nahiko langile dagoenik bi ziurtagiri horiekin.

Iparraldean bakarrik

Horri beste arazo bat gehitzen zaio: egun, euskara eskaintzen duten haur eskolak hiriburuaren iparraldean daude. Horrek denbora eta ahalegina eskatzen die hegoaldeko familiei, eta, gainera, zenbaitek ez dute lekurik lortzen. Jauregiren umearen kasua da hori: euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bakarrean eta euskarazko eta gaztelerazko lerroak dituen auzokoan eman zuten izena, baina kanpoan geratu ziren; beraz, euskaraz eskolatzeko, sare pribatura jo behar izan dute. «Dirua izan behar duzu pribatu bat ordaintzeko».

Jauregiren familiarena kasu bakana ez delakoan, «gutxieneko proposamen bat» egin du plataformak: hiria lau zatitan banatu, eta eskatu dute barruti bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzeko. EH Bilduk eta Geroa Baik babesa adierazi badiete ere, Jauregik nabarmendu du Ezkerrak eta Ahal Dugu-k ez dutela bat egin proposamenarekin. PSNren eta Navarra Sumaren jarrera ere deitoratu du: «Badakigu nola jokatzen duen Navarra Sumak, argi adierazi baitu bere ikuspuntua, baina PSNk beti jokatzen du erdibide puntu horrekin, eta behin eta berriz argi uzten digu euskara desagertzea nahi dutela: haientzat Nafarroan euskararik egongo ez balitz, askoz hobe, gauza bat gutxiago».

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren jarrera ere kritikatu du, haren esku baitzegoen azken erabakia. Jauregik uste du kudeatzen dituzten bost haur eskolekin zerbait egin zezaketela «egoera orekatzeko», baina ez dutela halako pausorik eman. Hezkuntza Departamentuak BERRIAri azaldu dionez, Nafarroako udal guztiek —baita Iruñekoak ere— egindako hizkuntza ereduen eskaintza berrestera mugatu da.

Konponbide bila

Behin betiko konponbiderako bidea zehaztu du Jauregik: eztabaida talde bat osatzea, egoera udal gobernu bakoitzaren arabera alda ez dadin: «Euskarak ez dezan aurrera edo atzera egin boterean dagoenaren arabera». Politika eta hezkuntza banatzeko eskatu du Chamorrok ere: «Azken urteetan ikusitako aldaketa eta eraso guztiekin, ondorio batera iritsi naiz: hezkuntzak ezin du jarraitu politikaren menpe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.