Alemaniak kantziler ohia bakartu du

Gerhard Schroeder Alemaniako gobernuburu ohiak kargu batzuk eduki ditu Errusiako zenbait energia enpresatan. Ukrainako inbasioa ez du gaitzetsi publikoki, eta zokoratu egin dute jaioterrian, sinbolikoki bada ere. SPDk ez du baztertzen alderditik kanporatzea.

Gerhard Schroeder, 1997 eta 2005 artean kantziler izandakoa, 2017an egindako agerraldi batean. FELIPE TRUEBA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Duela ia hamazazpi urte Alemaniako gobernuburu izateari utzi zionetik (1997-2005), Gerhard Schroederrek Errusiako Estatuaren mendeko zenbait energia enpresatan karguak eduki ditu, eta, horrenbestez, haien interesak defendatu ditu. Jendaurrean erakutsi izan du gertuko harremana duela Vladimir Putin Errusiako presidentearekin; are, adiskideak direla, eta publikoki, gutxienez, ez du gaitzetsi Errusiak joan den otsailaren 24an Ukrainan hasitako inbasioa. Eta Alemanian ez diote hori barkatzen. Hura bakartzeko erabakiak hartu dituzte.

SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak, adibidez, ez du baztertzen alderditik kanporatzea, zuzendaritzak berak etazenbait landerretako buruzagitzek hala eskatuta. Gaur dira horri buruz hitz egitekoak bilera batean, eta Schroeder (78 urte) bera ere deitu dute, baina, Der Spiegel astekariaren arabera, ez du joateko asmorik.

Alemaniak eta Errusiak energiaren esparruan azkeneko bi hamarkadetan eduki duten —eta oraindik daukaten— harremanaren oinarriak jarri zituen Schroederrek kantziler zenean. Aginte makila Angela Merkeli pasatu eta gutxira, Nord Stream gasbideak kudeatzen dituen enpresaren administrazio kontseiluko kide izendatu zuten, eta oraindik karguan jarraitzen du. Ate birakari kasu nabarmena izan zen hura.

Presioak medio, Rosneft petrolio konpainiako administrazio kontseiluko presidentetzari uko egin dio, eta, azkenean, gainera, ez da izango Gazpromeko administrazioko kontseiluko kide, nahiz eta izendatuta zegoen.

Horiek ukoak dira. Besterik da, ordea, Alemaniako Futbol Federazioak ohorezko presidentetza kendu diola, Goettingeneko Unibertsitateak, Saxonia Beherean—lander horretakoa da—, honoris causa titulua itzultzeko eskatu diola, eta kantziler izateagatik Berlinen daukan bulegoa finantzatzeari utzi diola Alemaniako Gobernuak. Jarraitzen du, ordea, gobernuburua izan zelako, hilean 8.300 euroko pentsioa jasotzen.

Olaf Scholz kantzilerrak ere eskatu dio jendaurrean adieraz dezala Kremlinekin dituen harremanak hautsiko dituela. Schroederrek ez du halakorik egin. Inbasioa hasi zenetik behin bakarrik mintzatu da publikoki. The New York Times-ek joan den apirilaren 23an argitaratutako elkarrizketa batean izan zen, eta horretan esaten zuen, besteak beste, Putinek gerra amaitu nahi duela baina puntu batzuk «argitu» behar direla, Butxako sarraskia behe mailako agintariren batek agindu zuela, eta Alemaniako Gobernuak eutsi behar diela Errusiakoarekin dituen harremanei.

Hain zuzen, printzipio bat eduki zuen Schroederrek kantziler izan zenean: Wandel durch Handel (komertzioaren bidezko aldaketa); alegia, pentsatzen zuen estatu autoritarioak sistema demokratikoagoak bihur zitezkeela haiekin harreman ekonomikoak edukiz gero.

Merkel agintean egon zen bitartean (2005-2021) handitu egin zen Alemaniak Errusiarekiko zuen energia mendekotasuna, baina Merkelek adierazi zuen, joan den ekainaren 7an, Berlinen, antzoki batean egindako elkarrizketa batean, ez zuela uste «komertzioaren bidez» Putin «alda» zezakeenik. Joan den abenduan kargua utzi zuenetik egindako aurreneko agerraldi publikoa izan zen, eta agintean egon zen bitartean Errusiarekin edukitako hartu-emanak defendatu zituen.

Merkelen autokritika

Gerraz galdetu zion elkarrizketatzaileak, Der Spiegel-eko kazetari batek, eta erantzun zion gertatutakoa Errusiaren «hutsegite handi bat» izan dela, «urratu» dituelako Europan «bizikidetza baketsua» ahalbidetzen duten nazioarteko zuzenbidearen arauak. Hori bai, modu batean edo bestean, Mendebaldea ere gertatutakoaren erantzule egiten du, hau nabarmendu zuelako: «Ez dut Putin jaunaren iritzi bera, oso argi utzi nahi dut. Baina ez ginen gai izan [Ukrainako gerra] hau saihesteko segurtasun arkitektura bat sortzeko».

Bitartean, gaitzespen irmoa eskatzen diote Schroederri, Errusiaren interesen lobista bihurtu aurretik Alemania energia nuklearretik aldendu zuenari, Irakeko gerrari ezetz esan zionari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.