Filipinetako bi milioi nerabe sexu abusuen biktima dira sarean

Filipinetako haurrek tentu handiz ibili behar dute amaraunera konektatzen diren bakoitzean. OCSEA erakundeak apirilean argitaratutako txostenaren arabera, 12-17 urteko bost nerabetik batek Internet bidezko sexu abusuak jasan zituen 2020an.

Filipinetako zenbait gazte saskibaloian jokatzen, artxiboko irudi batean. FRANCIS.R / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ordenagailuaren aurrean, Filipinetako 12-17 urte bitarteko nerabeak egoera zaurgarri batean daude. Hala ohartarazi du OCSEA Haurren Interneteko Sexu Esplotazioa eta Abusua erakundeak, iragan apirilaren 20an argitaratu zuen txostenean. Herrialde horretan, 12-17 adin tarteko bost haurretik batek Internet bidezko sexu abusu eta esplotazioa jasan zuen 2020an. Testuan honako hauek jotzen dituzte sexu abusutzat: «Jarduera sexualetan parte hartzeko norbaiti xantaia egitea», «irudi sexualak partekatzea haurraren oniritzirik gabe» eta «haurra behartzea diruaren edo opari baten truke jarduera sexualetan parte hartzera».

Disrupting Harm (Mina Eteten) izena duen txosten horretako ikerlariek galdeketa bat egin zieten Filipinetako 950 haurri—iazko urtarrila eta apirila bitartean—, jakiteko ea Internet bidezko sexu abusuak pairatu zituzten 2020an. Ikerketako datuak biztanleria osora eramanda, soilik urte batean, Filipinetako bi milioi haur izan dira Internet bidezko sexu abusuen biktima. Horri gehitu behar zaio litekeena dela zenbait haur isilik geratu izana, erasotzaileak egindako mehatxuen ondorioz. Haurren Kontrako Indarkeria Bukatzeko Elkarte Globala erakundeak finantzatu du ikerketa, eta Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa, Interpol eta Bukarazi Haur Prostituzioa, Haur Pornografia eta Haurren Sexu Trafikoa erakundeek parte hartu dute .

Filipinetan, 12-17 urte bitarteko haurren %95 Interneteko erabiltzaileak dira; horietako gehienek, preseski bostetik lauk, sarera jotzen dute gutxienez egunean behin. Interneterako konexioa nondik egiten duten galdetuta, ia denek erantzun zuten etxetik konektatzen zirela. Sarera konektatzeko erabiltzen zuten gailu nagusia mugikorra zen, eta bostetik hiruk, bereziki gazteenek, mugikorra partekatzen zuten.

OCSEAren arabera, bi nerabetik batek ez daki abusatzailea nor den. Hala ere, badaude kasuak non delituaren erantzuleak lagunak edota gaztetxoen inguruko pertsonak diren. Sare sozialetan sexu abusua eta esplotazioa pairatu zutenen artean, gehienek Facebook bidez jasan zituzten. Guztira, hamarretik bederatzisexu abusuen biktima izan ziren plataforma horretan. Tiktoken, Twitterren, Instagramen eta Snapchaten ere izan ziren jazarriak, baina neurri txikiagoan.

Testuaren arabera, hamar nerabetik batek aitortu zuten Internet bidez ezagutu zuten pertsona batekin geratu zirela aurrez aurre. Topaketa horietan, gehienek adierazi zuten «atsegina» izan zela aurrez aurreko lehendabiziko kontaktua. Horrez gain, hamarretik batek haien irudi eta bideo biluztuak partekatu zituzten Internet bidez. Eta horiek gaineratu zuten «maiteminduta» zeudelako edo beste norbait «limurtu nahian» eta «ondo pasatzeko» partekatu zituztela eduki horiek. Nahiz eta kasu batzuetan presiopean edo mehatxupean egin. Hortik deigarriena da hamarretik lauk ez zekitela erantzuten zergatik partekatu zituzten sarean haien gorputz biluztuak irudi edo bideo bitartez.

Interneteko eduki sexualaren kontsumoaz galdetuta, nerabeen ia erdiek eduki hori ikusi zuten sarean «ustekabean». Hau da, eduki sexualaren bila ibili gabe, ausaz aurkitu zuten eduki hori sarean. Hirutik batek, berriz, apropos bilatu zuen amaraunean eduki sexuala. Hori egiteko probabilitate handiena 16 eta 17 urteko haurrak ziren.

Horrelako jazarpena jasaten denean, garrantzitsua izaten da norbaiti jakinaraztea sexu abusua pairatu izana, eta, beraz, ezinbestekoa da nora jo jakitea. Txostenean«kezkak» adierazi dituzte auzi horren inguruan. Izan ere, Filipinetako gaztetxo askok ez zioten inori jakinarazi sexu abusua jasan zutenik. Hain justu, hirutik batek ez zuen ezer esan. Eta, norbaiti esatera ausartu zirenetatik, gehienek gertuko lagun bati edo senitarteko bati aitortu zieten. Oso gutxik jo zuten Poliziarengana, gizarte laguntzaile batengana edo telefono bidezko arreta zerbitzura.

Sexu abusuak pairatu ondoren isilik geratu zirenentzat, hauek izan ziren oztopo nagusiak: ez zekitela non salatu edota ez zekitela norengana jo. Kasu askotan, lotsa sentitzen zuten, uste zutelako gertatu zena ez zela garrantzizkoa. Kezkak ere bazituzten arazoetan sartuko ote ziren, edota sinetsiko ez zieten beldur ziren.

Zaintzaileen rola

Nerabeek jasaten dituzten sexu abusuak eragozteko, haiek zaintzen dituzten pertsonek joka dezaketen rola erabakigarria da, eta ikerketan horren gabeziak nabarmendu dituzte.

Zaintzaileen kopuru handi batek ez du inoiz Internet erabili, eta hori kezkagarriagoa da helduagoak diren zaintzaileetan, gazteagoak direnetan baino. 50 urte baino gehiago zituztenen artean, soilik bostetik batek aitortu zuten jakinaren gainean zeudela nola salatu eduki kaltegarria sare sozialetan. 29 urte baino gutxiago zituztenen artean, bostetik lauk bazekiten nola salatu eduki hori. Hori gutxi ez, eta zaintzaileei kezkarik txikiena eragiten ziena haurrak sarearen bitartez informazio intimoa zabaltzea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.