Maccabi Tel Aviv iparra galduta dabil azken urteetan. Ezin esan horrek atsekabe handirik sortzen duenik Buesa Arenan, Israelgo taldea zaleek gehien gorrotatzen dutenen artean baitago. Baina deigarria da Europako erraldoi izandakoa noraezean dabilela ikustea. Taldearen bulegoetan Euroligako sei trofeo dituzte; azkenekoa, baina, 2014an irabazi zuten. Israelgo harrotasuna zireneko garaikoak dira, baina euren elastikoetako urreak distira gutxi egin du harrezkeroztik. Azken hiru sasoietan Maccabi ez da sailkatu Euroligako kanporaketetarako, eta lau dira Lauko Finala dastatu gabe. Hain handia da lazeria, ezen sasoi honetan kanporaketetan sartzea jarri baitu helburutzat, eta lehia horretan Baskonia aurkari zuzenari bisita egingo dio gaur (20:45). Bi taldeak berdinduta daude, eta irabazleak pauso garrantzitsua emango du helbururantz. Lehen itzulian Baskoniak 79-81 irabazi zuen, eta gaur erne ibili beharra dauka, Maccabik azken lau partidak jarraian irabazi baititu.
Tel Aviveko taldea bolada gozoan da, baina hori salbuespena da azken urteetan. Urrun daude garai batzuk, non Israelgo sekreturik handiena zen haren aurrekontua. Esan bezala. 2014an izan zen txapeldun azkenekoz, baina harrezkeroztik dena izan da atsekabea. 2014-2015ean Fenerbachek 3-0 kanporatu zuen final-laurdenetan; 2015-2016an ez zen igaro lehen fasetik; 2016-2017an, 14. izan zen ligaxkan, eta iragan sasoian 10. Israelgo Ligan ere ez da fin ibili, iragan sasoian txapeldun izan bazen ere aurreko hiruretan ez baitzuen altxatu 52 aldiz irabazitako trofeoa.
Maccabiren bulegoetan ez dute pazientzia handirik izaten, eta edozer gauza egiteko kapazak dira irabazteko. Egungo taldean, esaterako, AEBetan jaiotako 11 jokalari elkartu dituzte. Horietatik hiruk Israelgo herritartasuna dute —Alex Tyusek, John Dibartolomeok eta Jake Cohenek—, ezinbestekoa etxeko ligako kupoak betetzeko, baina AEBetan jaio eta hezitakoak dira. Tyus Missourikoa da, Dibartolomeo Connecticutekoa eta Cohen Pennsylvaniakoa. Israelgo gazterik onenak errekrutatzeko joera ere iragana da, edo ez dute tokirik behintzat. Taldean bi israeldar daude: Yovel Zoosman eta Deni Avdija, eta azken horrek ia ez du jokatzen.
Entrenatzaile dantza
Jokalarien dantza ohiko bihurtu da Maccabin. Azkenekoz Euroliga irabazi zuenetik, 49 jokalari aldatu ditu, eta horietatik 31 estatubatuarrak izan dira. Sasoi honen hasieran ere talde erdia aldatu zuen, eta entrenatzailea. Euroliga 1-6ko balantzearekin hasi ondoren, azaroan Neven Spahija kargutik kendu baitzuten Ioannis Sfairopulos jartzeko. Harekin 8-5eko balantzea darama taldeak. Greziarra taldeak azken lau denboraldietan izan zuen zortzigarren teknikaria da. David Blattek talde txapelduna utzi, eta NBAra joan zenetik, Guy Goodes, Zan Tabak, Erez Edelstein, Rami Hadar, Ainars Bagatskis, Arik Shivek, Spahija eta Sfairopulos eseri dira Eliasen Eskua pabiloiko etxekoen aulkian.
Ez harrogarri, ezta israeldar ere
Maccabi Tel Aviv Euroligako kanporaketetan sartzeko aurkari zuzena hartuko du gaur Baskoniak (20:45). Lau urte dira Israelgo taldeak ez duela lehen fasea igaro, eta urtero aldaketa asko egiten ditu. AEBetan jaiotako 11 jokalari ditu egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu