Egitasmoa egonkortu, erreferente izateko

Talde igo berria izanda, Eibarrek mailari eusteko helburuarekin hasi zuen denboraldia, baina ligako finalerdietarako sailkatzea lortu du. Hala ere, emaitzen gainetik, egitasmoa Ohorezko Mailan erabat finkatzea da hurrengo helburua.

Eibarreko jokalariak, bultzaka, uztartze batean, joan den igandean, CRAT Coruñaren aurkako partidan. LUIS ITURRIOZ BILBAO.
Iñaki Berastegi.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Mailan estreinako denboraldia izateko, lan bikaina egiten ari da Eibar errugbi taldea. Mailari eustea zen lehen helburua denboraldiaren hasieran, eta hori baino askoz gehiago lortu du Gipuzkoako taldeak. Ligako aurreneko lauen artean sailkatu eta gero, finalerdiak jokatuko ditu. Cisneros, Majadahonda eta Corteva Cocos izango ditu aurkari. Aurrez, kanporaketak erabakitzeko, elkarren arteko hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen fasean elkarren aurka lortutako puntuak ere kontuan hartuko dira. Erronka polita dute orain aurretik.

«Lortutakoa barneratzen ari gara, oraindik ez baitugu erabat sinesten», azaldu du Amaiur Mayo Eibarko kapitainak (Eibar, Gipuzkoa, 1990) hamabost urte daramatza klubean. Cristina Guntin entrenatzaileak (Vigo, Galizia, 1979) seigarren denboraldia du klubean. Euskal Ligan hartu zuen taldearen ardura: «Duela bost urte zuzendaritzari esan genion gorengo mailara iristea zela gure helburua. Modu onez, baina barre egin zuten. Lan handia eginez eta kudeaketa on bati esker, helburu hori bete dugu». Igoera, baina, ez da egitasmoaren helburu nagusia: «Euskadin ez zegoen gurea bezalako egitasmo indartsua bultzatuko zuenik. Erreferente izatea da gure helburu nagusia; goi mailan jokatu nahi duten neskei etxean jokatzeko aukera ematen dien egitasmoa izan nahi dugu».

Taldearen arrakasta ulertzeko gakoetako bat denboraldi berri honetarako egindako goi mailako fitxaketak izan dira: Amaia eta Lide Erbina eta Lea Etxebarrieta, besteak beste. Kalitate eta esperientzia handiko jokalari asko ekarri ditu Gipuzkoako taldeak, eta horrek taldearen maila igo du. Mayoren iritziz, «oso talde polita» osatu dute: «Euskal selekzioa izan zitekeena da Eibar, gehienak euskal jokalariak garelako. Horietako asko kanpoan jokatzen ari ziren, baina euskal talde bat gorengo mailara iritsi denean, hemen jokatzea erabaki dute».

«Denbora askorekin» lan egitearen ondorioa da taldearen osaerarekin asmatu izana, eta, beraz, aurretiazko lan hori arrakastaren «oinarrietako» bat dela azpimarratu du Guntinek: «Orain bizitzen ari garena duela lau urte programatu genuen. Pauso bat aurretik joan nahi dugu beti, eta jada datorren bi urteak prestatzen ari gara». Behin Ohorezko Mailara igota, «ezinbestekotzat» jo zuten taldea kalitatezko eta esperientzia duten jokalariekin osatzea: «Ezin genuen inozoak izan. Goi mailako kirola da, eta ezinezkoa da harrobiko jokalari guztiak profesional bihurtzea. Taldeak oso barneratuta du hori. Badakite etorkizunari begira ari garela lanean eurekin, eta ez orain jokatzeko soilik. Jokalari handiak izan daitezen, beharrezkoa dute orain onenekin entrenatzea eta jokatzea».

Titulurako lehian

Cisneros eta Majadahondaren aurka ligako aurreneko bi partidak galdu ostean, lehen faseko beste bost neurketak jarraian irabazi ditu Eibarrek. Azkena, igandean, CRAT Coruñaren aurka. Azken fase honetan «ezusteko bat edo beste» emateko gai ikusten du taldea Mayok: «Orain, talde sendoagoa daukagu, eta ondo iritsi gara fase honetara. Lortutakoaz disfrutatzeaz gain, saiatuko gara liga irabazten».

Liga irabazteko lan egingo duten arren, Guntinek nabarmendu du «beste lasaitasun batekin» ari direla lanean, eta hemendik aurrera datorren denboraldia prestatzen hasiko direla: «Taldearen sistema eta hobekuntza teknikoa da orain gehien axola zaiguna. Agian, beste diskurtso bat izan beharko nuke, baina garrantzitsuena egitasmo egonkor eta iraunkor bat sortzea da. Ligako titulu bat lehiatu eta hiru urtera maila galtzen duten taldeak ikusi ditut, eta ez dut nahi guri hori gertatzerik. Emakumezkoen kirolean dagoen ezegonkortasunak gogaitu egiten nau. Irabazten badugu, sari handi bat izango da, baina, bestela, ikasitako guztia izango dugu».

Egitasmoa indartzeko prozesu hori ahaztu gabe, datorren astean abiatuko du Eibarrek ligako bigarren fasea, Unben, Cisnerosen aurka. Gertatzen dena gertatzen dela, jada ziurtatuta du maiatzaren 30ean finalerdia jokatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.