Qatarko Munduko Kopa

Lehen dantzaldian bikain ari dira

Munduko Kopa erakusleiho aparta da hain ezagunak ez diren jokalarientzat. Gazte ugari nabarmentzen ari dira txapelketan.

Josko Gvardiol, Jamal Musiala, Enzo Fernandez eta Jude Bellingham. EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
L eo Messiren eta Cristiano Ronaldoren azken Munduko Kopa izango da Qatarkoa, beste askorentzat bezala. Azken dantzaldia izaten ari da urte luzez futbola menderatu duten bi izar horientzat. Batzuk badoaz, baina etorkizuneko izarrak jada hemen daude, gazte asko zeresana ematen ari baitira Munduko Kopa honetan. Nabarmentzen ari diren 23 urtez azpiko zerrenda horren lehen postuetan daude, besteak beste, Josko Gvardiol, Jude Bellingham, Jamal Musiala eta Enzo Fernandez.

JOSKO GVARDIOL
Atzelari osoa da

Kroaziako selekzioaren belaunaldi berriko liderra izateko jaiotako futbolaria da Josko Gvardiol (Zagreb, 2002). RB Leipzigeko erdiko atzelariak dena du etorkizuneko munduko defentsa onena izateko. Teknikoki oso atzelari iaioa da, eta horrek erraztasun handia ematen dio baloia atzetik garbi jokatuta ateratzeko. Motzean edo luze jokatu ezin duenean, baloia ezkerrarekin gidatuz atzetik ateratzen ikustea ere oso ohikoa da. Hainbestekoa da bere buruarengan duen konfiantza, batzuetan gehiegi arriskatzen baitu, eta, horrenbestez, nahastu egiten baita. Hortaz landa, erdiko atzelaria denez, buruz buruko defentsako jokaldietan ere oso atzelari irabazlea da, Belgikako Romelu Lukakuren aurkako jokaldian ikusi zen bezala. Mozketan eta laguntzetan bikain moldatzen da. Laburbilduz, jokoaren alderdi guztiak menderatzen ditu. Belgikaren aurka jokatu ostean, Zlatko Dalic Kroaziazko hautatzaileak «munduko defentsa onena» dela esan zuen.

JAMAL MUSIALA
Onenekin alderatzen dute

Baloia oinetara itsatsita daraman magoa da Jamal Musiala (Stuttgart, Alemania, 2003). Aurrelariaren atzetik mugitu ohi den 10 bat da. Lerro artean jokatzeko gaitasun handia du, eta golak sartzeko erraztasuna —bederatzi gol daramatza dagoeneko Bundesligan— bere bereak baititu. Jokatzeko moduagatik, Leo Messirekin alderatu izan dute. «Futbola ikusteko erraztasun handia dauka, eta baloia jasotzeko espazio egokia aukeratzen du beti», azpimarratu zuen Hansi Flickek 2019an, jokalari alemaniarrak Bayern Munichekin debuta egin zuenean. Edonola ere, Messirekin baino gehiago, Andres Iniestarekin antzekotasun handiagoa duela esan liteke. Pep Guardiolaren Bartzelona hura ikusten hazi zen, jokalariak berak aitortu moduan. Buruz burukoan Iniesta bezain trebea da. Gorputzeko keinuekin edo baloiarekin egiteko gai den trikimailuei esker, edozein jokalari gainditzeko gai da. Iniesta ez bezala, azkarra da, eta areaz kanpoko jaurtiketa ona du.

ENZO FERNANDEZ
Urduritasunean, patxadaz

Saudi Arabiaren kontra galdu eta gero, Argentinak lotuta, urduri, presaz, jokatu ditu hurrengo neurketak. Urduritasun horretan, Leo Messirekin batera, Argentinaren jokoari zentzua eta patxada eman dion jokalaria Enzo Fernandez (San Martin, Argentina, 2001) izan da. Benficako erdilaria zelai erdian dagoenetik, taldea hobeto mugitzen da, eta baloiaren zirkulazioa ere azkarragoa da. Aurreraka jokatzen duen euskarria da, eta azken pasea edo pase erabakigarria ematen trebea da. Horri area ingurura ailegatu eta bigarren lerrotik iristeko duen trebezia gehitu behar zaio —Mexikoren aurka gol garrantzitsua sartu zuen—. Dinamikotasun handiko jokalaria izanik, zelaiaren zati zabalean hara eta hona ibiltzen da, paseak emateko aukerak sortuz. Zelai erdiko postu guztietan joka dezake.

JUDE BELLINGHAM
Erdilari dominantea da

Aipatutako jokalariak baino zertxobait ezagunagoa da Jude Bellingham (Stourbridge, Ingalaterra, 2003), Borussia Dortmundeko eta Ingalaterrako selekzioko erdilaria. Teknikoki erdilari iaioa da, eta fisikoki indar handia dauka. Hala, joko mota ezberdinetara ondo egokitzeko gaitasuna dauka. Joko landua egiten denean, espazio txikietan eroso sentitzen da, eta korrika egiteko metroak dituenean ere aparta da. Orduan ematen du bere onena. Baloia oinetan duela metro asko egin eta lerroak apurtzeko duen erraztasuna da Bellinghamen bertute nagusia. Euskarri finko baten alboan jokatuta sentitzen da erosoen, gora eta behera joateko askatasuna duenean. Senegalen aurkako norgehiagokan erakustaldia eman zuen: Jordan Hendersoni asistentzia bat eman zion, eta Harry Kanen golean korrikaldi ikusgarria egin zuen. «Jokalari paregabea da», zioen Hendersonek partida amaitutakoan. Oso gaztea da, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.