Albistea entzun

Etxean bezala, inon ez

Fem van Empelek eta Mathieu van der Poelek ziklo-kroseko Munduko Txapelketa irabazi dute, etxeko zaleen gozamenerako; aurrenekoz gailendu da Van Empel, eta bosgarrenez Van der Poel.
Fem van Empel eta Mathieu van der Poel, garaipena ospatzen, Munduko Txapelketan.
Fem van Empel eta Mathieu van der Poel, garaipena ospatzen, Munduko Txapelketan. UCI-BAS CZERWINSKI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko otsailak 7

Zale uholdea zirkuituaren inguruan, eta txirrindulari herbeheretarren poza podiumaren gorenean: Herbehereetako ziklo-krosak festa handia izan zuen asteburuan Hoogerheiden jokatutako Munduko Txapelketan. Larunbatean, Fem van Empel ('s-Hertogenbosch, Herbehereak, 2002) nagusitu zen elite mailako emakumezkoen proban, eta egun bat geroago, Mathieu van der Poelek (Kapellen, Flandria, 1995) ginga jarri zion etxekoen erakustaldiari. Bosgarrenez kolkoratu zuen urrezko domina; non-eta aitaren, Adrie van der Poel txirrindulari ohiaren jaioterrian, eta hark diseinatutako zirkuituan. Van Empelek, berriz, lehen aldiz jantzi zuen ostadar maillota, 20 urte eskasekin. Emakumezkoetan, herbeheretarrak izan ziren lehen zortzi sailkatuetatik zazpi.

Garaipena modu arras ezberdinean lortu zuten Van Empelek eta Van der Poelek. Lehena hasi eta buka izan zen nagusi. Alde eduki zuen dena, Puck Pietersek, haren kontrario nagusiak ez bezala. Erori egin zen laugarren itzulian, eta, hortik aurrera, Van Empelek erruz handitu zuen aldea. Helmugan 39 segundo atera zizkion Pieterseri. Lucinda Brand iritsi zen hirugarren, 1.11ra.

Van der Poelek garaipen askoz ere estuagoa lortu zuen, esprintean gailendu baitzitzaion Wout van Aert flandriarrari. Parez pare jardun zuten ordubete baino gehiago, eta herbeheretarrak erritmo aldaketa bortitz batekin apurtu zuen oreka. Beste flandriar batek, Eli Iserbytek, osatu zuen podiuma.

Hamabi segundora helmugaratu zen Iserbyt. Nolanahi ere, kronometroak erakusten duena baino askoz ere handiagoa izan zen bi faborito handien eta gainontzekoen arteko aldea. Hiru minutu baino ez ziren igaro lasterketa hasi zenetik, eta Van der Poel eta Van Aert bakarrik zeuden jada lasterketa buruan. Hortik aurrera, oso lehia taktikoa izan zuten. Zirkuitua oso azkarra zen, eta, indarrak guztiz paretsu egonik, elkarri itsatsita izan ziren lasterketak iraun bitartean (hamar itzuli). Esprintean Van Aertek zirudien faborito, baina asfaltoa zapaldu orduko, Van der Poel tximista bezala abiatu zen. Heldulekuari goitik heldu, bizikleta indarrez astindu, eta ukabila goian zuela igaro zuen helmugako marra.

23 urte ziren herbeheretar batek ez zuela Munduko Txapelketa etxean irabazi. Hartara, ez zen garaipen bat gehiago izan Van der Poelentzat. «Orain arte lorturiko hiru onenen artean sartuko nuke», adierazi zuen lasterketa bukatu berritan. Van Aertekin duen lehiaz ere mintzatu zen. «Denek ezagutzen dute gure ibilbidea: hamar urte daramatzagu lehian. Elkar hobetu eta ziklo-krosa indartu dugu». Bost Munduko Txapelketa irabazi ditu jada, Albert Zweifel suitzarrak, Andre Dufraisse frantziarrak eta Renato Longo italiarrak adina. Soilik Eric De Vlaeminck flandriarra du aurretik, zazpi garaipenekin.

Estreinakoan garaile

Van der Poelek 2015ean irabazi zuen lehen urrezko domina elite mailan, aurreneko parte hartzean. Beste horrenbeste egin zuen larunbatean Van Empelek. Duela bi urte txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan, eta, orain, argi gelditu da gorenera jauzi egiteko prest zegoela. Munduko txapeldun bilakatu aurretik, Munduko Kopako zazpi proba eta sailkapen nagusia irabazi zituen, baita Europako Txapelketa ere. Lehia estua izan du denboraldian Pieterserekin, baina erraz gailendu zitzaion Hoogerheiden. Irteeratik bertatik haize kontra aritu behar izan zuen Pietersek: hanka ez zuen ondo sartu pedalean, eta askok aurreratu zuten. Gero, lortu zuen Van Empel harrapatzea, baina laugarren itzuliko erorketak kondenatu egin zuen. Hurrena podiumean ikusi zuen Van Empel, ortzadar maillota soinean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Javier Zabaleta, Aitor Elordi, Martin Alustiza, Unai Laso eta Ander Imaz, atzoko pilota aukeraketan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dena prest daukate finalerako

Joxerra Senar

Elordi eta Zabaleta, eta Laso eta Imaz pozik geratu dira igandeko finalerako hautatutako hiru pilotekin. Nafarroa Arenan pilota biziak azkar higatzen direla eta defentsa lanak zailtzen direla azaldu dute
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Beharbada hau da ordainsaria laster goian egoteko berriz»

Ainara Arratibel Gascon

Hamasei denboraldi daramatza talde zuri-gorrian Diezek, eta onartu du orain arteko «gogorrena» izaten ari dela. Argi du hurrengo hiru partidak gako izango direla jaisteko postuetatik erabat aldendu ahal izateko.
 ©JAVIER BELVER / EFE

Nahi bai, baina ezin

Beñat Mujika Telleria

Araskik galdu egin du Zaragozaren aurka, eta Espainiako Kopatik kanporatu du etxeko taldeak. Hasieratik nagusitu da Zaragoza
Osasunaren eta Mallorcaren arteko joaneko partidako argazkia. ©I. URIZ / FOKU

Etenalditik Mallorcara, San Mamesera joan aurretik

Berria

Osasunak asteartean jokatuko ditu Kopako finalerdiak, baina lehenbizi Mallorcaren aurka jokatuko du gaur.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.