Hustuz doan klasikoa

Jokin Altunak eta Iker Irribarriak 48 partida jokatu dituzte elkarren aurka profesionaletan debutatu zutenetik, eta Amezketakoak bi heren irabazi ditu: 32. Gaurkoa aurtengo zortzigarren duelua dute; 2016an, berriz, 23 aldiz jokatu zuten.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Jokin Altunak eta Iker Irribarriak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Eibarren. Aspek Binakako Txapelketako ligaxkako partida antolatu du sanandres eguneko jaialdiari lustrea emateko. Altunak Julen Martija izango du alboan, eta Irribarriak, Jose Javier Zabaleta. Bi bikoteek irabazi egin zituzten lehen jardunaldiko partidak, eta bietan aurrelariak nabarmendu ziren. Gaurkoa profesionaletan elkarren aurka jokatuko duten 49. partida izango da.

Irribarriak eta Altunak askotan neurtu dituzte indarrak. Kontuan hartu behar da Irribarriak 2015eko martxoan egin zuela debuta; beraz, lau urte baino gutxiago daramatza Aspen. Denbora tarte hori izateko, elkarren aurkako partida pila bat dira. Eta zeinek irabazi du gehien? Altunak, argi eta garbi. 48 partidetatik 32 irabazi ditu; justu, bi heren, %66,6. 48 partida horietatik 45 binaka izan dira, eta hiru lau, eta erdian; bakarkako hiru horiek ere Altunak irabazi zituen.

Biak 1996an jaioak dira, urte gutxi daramatzate profesionaletan, eta ibilbide oparoa egin dute. Irribarria buruz buruko (2016) eta binakako (2017) txapeldun izandakoa da, eta buruz buruko finala galdu zuen iaz (2017). Altunak, berriz, buruz buruko txapel bat (2018) eta lau erdiko bat (2017) ditu, eta bi aldiz galdu du kaiolako finala (2016 eta 2018). Azken urte eta erdian, baina, Irribarriari kosta egin zaio bere jokoa erakustea, eta hori agerikoa da elkarren aurkako partida kopuruan.

2015ean, martxotik aurrera, sei partida jokatu zituzten elkarren aurka, eta hiruna irabazi zituzten. 2016koa datua, aldiz, harrigarria da: 23 aldiz jokatu zuten elkarren kontra. Pilotaleku industrialen garaietara jo beharko litzateke bi pilotariren arteko horrelako datu bat aurkitzeko. Are gehiago, udako hilabeteetan, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, hemezortzi aldiz neurtu zituzten indarrak bi aurrelariek. Juan Martinez de Irujo min hartuta zegoen, eta bi gazteek hartu zuten enpresaren zama gainean. Urte hartako estatistika ere Altunaren aldekoa da, 23 partidetatik hamabost irabazi baitzituen (%65).

Aspek harriduraz bizi izan zuen nola herri eta feria guztietan nahi zuten bien arteko partida. 2017an, aldiz, sukar hori asko jaitsi zen, eta Irribarria eta Altunaren arteko partida kopurua erdira jaitsi zen: hamabi. Horietatik bederatzi irabazi zituen Altunak. Aurten, berriz ere jaitsi da kopurua, gaurkoa zortzigarrena baita —Altunak bi gihar lesio izan zituen udan—, eta, ondo bidean, azkena, ligaxkako bigarren itzuliko partida 2019an jokatuko baitute. Aurreko zazpietatik bost irabazi ditu Altunak. Deigarria da, halaber, zazpi partida horietako seitan Martija izan zuela bikotekidea. Abuztuan jokatu zuten azkenekoz, Elgoibarren, eta Altunak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.