Ez du kolorerik izan

Espainiako Vuelta bizia eta ikusgarria izan da, baina ez irekia: Roglic oso nagusi izan da, eta etapen erdiak hiru txirrindularik irabazi dituzte. Euskal herritarrak esku hutsik gelditu dira.

Primoz Roglic, Espainiako Vueltako liderraren maillot gorria soinean duela, herenegun, Santiagon. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Vuelta irabaztea jolas bihurtu da Primoz Roglicentzat (Jumbo). Zer jolas? Hiruko artzain jokoa izan liteke, baina fitxen ordez, hiru elastiko gorri kateatuz.Esloveniarrak hiru aldiz irabazi du jarraian lasterketa, eta, modu horretan, Tony Rominger suitzarraren eta Roberto Heras espainiarraren pare jarri da —1992tik 1994ra nagusitu zen bata, eta 2003tik 2005era bestea—. Aurten, gainera, gorriak ikusi gabe jantzi da gorriz. Eta, iaz bezala, lau etapa zakuratu ditu, beste inork baino gehiago. Etapa nagusian Miguel Angel Lopez (Movistar) gailendu zen, 48 ordu geroago etxerako bidea hartu aurretik. Bederen, Enric Mas podiumean sartu du Movistarrek, bigarren sailkatu bezala. Hirugarren, berriz, Jack Haig (Bahrain) izan da.

NAGUSI, HASI ETA BUKA

Erlojuaren aurka irabaziz eta gorriz jantzita hasi zuen Vuelta Roglicek, eta, hiru asteren ostean, modu berean bukatu du. Tartean, aukera apurrik ere ez die eman aurkariei. Onena izan da errepidea tentetu denean, eta behar zen tokian egon da beti. Erorikoak ezin izan ditu saihestu, baina Frantziako Tourrean baino zorte hobea izan du, eta indar betean lehiatzen jarraitu. 4.42 atera dio Masi; 1997az geroztik Vueltako lehen bi sailkatuen artean izan den alderik handiena da. Nagusitasunaren irudikapen gisa, Masi aurrea hartu zion igandeko erlojupekoko azkeneko metroetan.

Covadongako aintziretan lortu zuen garaipenik bereziena. Erakustaldi handia eginda iritsi zen helmugara: erantzun egin zion Egan Bernalek (Ineos) 60 kilometroren faltan jotako hordagoari, eta, azken igoeran, bakarka biribildu zuen balentria. Hamazazpigarren etapa zen, eta erabat erabakita gelditu zen lasterketa.

MOVISTAR, KALE ETA BALE

Ordura arte, hainbestean eutsi zioten Masek eta Lopezek. Alabaina, Covadongara bidean ihes egin zieten Bernalek eta Roglicek, eta, aldi berean, Vuelta irabazteko aukerek. Ohi bezala, Movistar taldea unerik txarrenean gelditu zen estaldurarik gabe. Lopezi podiumak ere ihes egin zion, azken-aurreko etapan ez baitzion erantzun aurkari nagusien deiari —ez da argitu erabaki pertsonala ala taldearen agindua izan zen—. Hainbestekoa izan zen kolonbiarraren etsipena, ezen etaparen erdian bizikletatik jaitsi, eta lasterketa utzi baitzuen. Bere txarrean, kolonbiarra Gamoniteirun garaipen handia lortuta joan zen etxera. Bestalde, Masek aurrerapauso nabarmena eman du; hura izan da mendateetan liderrarekin parez pare lehiatu den bakarra.

BAHRAIN, ESNE MAMITAN

Egitura bezala, askoz ere itxura sendoagoa eman du Bahrainek. Talde horretakoak dira hirugarren sailkatua, Haig, eta bosgarrena, Gino Maeder. Horretaz landa, etapa bat irabazi du Damiano Carusorekin. Mikel Landa hobeto aritzea falta izan zaio bakarrik. Arabarra ez zegoen sasoi betean, eta erretiratu egin zen Covadongako aintziretako etapan. Edonola ere, sasoiarekin oso pozik dira Bahrainen: bi podium lortu dituzte itzuli handietan —Caruso bigarren izan zen Giroan—, eta sei etapa irabazi.

GARAIPENEN ARRASTOAN

Roglicen atzetik, Fabio Jakobsen (Deceuninck) eta Magnus Cort (Education) dira etapa garaipen gehien lortu dutenak, hirurekin. Esprintetan nagusi izan da herbeheretarra, eta iazko istripu larritik erabat osatu dela berretsi. Daniarra, berriz, nahieran moldatu da ihesaldietan. Michael Storerrek (DSM) ere distira egin du ehiztari gisa: bi etapa irabazi ditu. Odd Christian Eikingek (Wanty), berriz, zukutu egin zuen hamargarren etapako ihesaldia, lider jarri baitzen. Astebete iraun zion ametsak.

EUSKAL ZIKLISTAK, APAL

Ez da euskal herritarrik izan lehen hogei sailkatuen artean; Ion Izagirreren (Astana) 24. postua izan da emaitzarik onena. Era berean, 2014tik lehen aldiz, sasoia itzuli handietan etaparik irabazi gabe bukatuko dute. Behintzat, Vueltan zeresana eman dute Euskaltelek —lehen parte hartzea zuen aro berrian— eta Caja Ruralek, ihesean gogotik ahaleginduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.