KRITIKA. Musika

Sopranoaren ganoa

Gustavo Gimeno zuzendaria, artxiboko irudi batean. MARCO BORGGREVE.
Arkaitz Mendoza.
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun

Giuseppe Verdi, requiem

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Musikariak: Donostiako Orfeoia Non: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Noiz: Abuztuaren 26a.

Bigarren jardunaldia Luxenburgokoentzat. Gustavo Gimeno zehatz-mehatz aztertzeko bigarren aukera bat. Bezperako musika errusiarrak zekarren prezisio matematikotik apurtzeko musika obra aparta: Giuseppe Verdiren Requiem handia. Valentziarrak magia tantak eskaini behar zituen obra hau hain landua zuen Donostiako Orfeoia aurrean izanda eta izar handiez osatutako ahots bakarlari laukote honen presentziarekin, baina ez, ez zen deskribaezina den emozio hori iritsi. Esate baterako, Daniela Barcellona mezzo-soprano bati ezin zaio sarrera eman eta kito, nahi duzun bazterrera gidatu behar duzu bere kantu hotsa. Gimeno handi izan daiteke neurriaren ardatzik zuzenenean baina bere jostorratzak ez du hegan egingo.

Batuta bikaina da, argia, zuzena, musikariari konfiantza osoa ematen dion horietakoa, baina karisma puntua ez zaio nabari. Requiem hau ezin da soilik zuzendu, arrasto, seinale eta zuzeneko istant berean kutsu bat utzi behar diozu bai Orfeoiko kideari bai entzuleari. Adibidez, amaierako li-be-ra-me arnas hats erregutzaileetan ez zuen Orfeoia estutu, ez behintzat, hogei segundo luzez geldi egoteko magia puntua sentiarazteraino; besoak behingoz jaistean, publikoak ez zekien benetako amaiera ote zen ala oraindik zerbait falta zen. Hitzekin adierazezina den artearen magia ez zen koroatu.

Donostiako Orfeoia ondo, ez ikusgarri, baina maila egokian. Belaunaldi berria dator abesbatzan eta denbora bat utzi behar zaio guztiz sendotzeko. Sanctus pasartean deseroso, urteetan eraman duten abiadurarekin, Gimenok azkarrago adierazi zien eta azkenean batutak etsi egin zuen bere proposamenean, abesbatza jokoz kanpo ez uzteko. Latin berbako hitz amaieretako s eta t kontsonanteak ez ziren bateratasunean itxi eta hau ezohikoa da Orfeoian. Bestela, esan bezala, maila ona agertu zuten, obra hau beti kantatuko dute dotore eta hori ziurtasunaren seinale baikor da edonorentzat.

Abeslari bakarlarietan, denen gainetik Maria Jose Siri uruguaitarra, ahots heldu emankorra, Barcellonarekin batera ekoiztutako Recordare atalean jakintsu, ordu eta erdiko obratzar honek utzitako fruiturik txalogarriena bilakatu arte. Riccardo Zanellato baxua argudio askoko hitz jarioan, Gimenori gartsu lotuta; Antonio Poli tenorra, aldiz, inguruko beste izarrekin kikilduta, nahiz eta etorkizunerako ahots interesgarria sumatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.