Pertseida izar iheskorrak bisitan

Pertseida izar iheskorrak ikus daitezke egunotan zeru ilunean. Aurten, ilbeherak zeruan gehiago nabarmentzeko bidea emango die. Donostiako Eureka zientzia museoa pertseiden inguruko zuzeneko planetario saioak egiten ari da.

Eguzkiaren argia espazioan. J.C. RUIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Talde ugari daude Donostiako Eureka Zientzia Museoko atean, barrura sartzeko sarrera erosteko zain: batzuk planetarioan sartzeko, eta beste batzuk zuzenean museoan sartzeko ilaran. Denek daramate maskara jantzita, baita sarrerako bankuan eserita dagoen Albert Einstein-ek ere. Nerea Etxaniz Eureka zientzia museoko langileak ireki ditu planetarioko ateak, eta banan-banan eseri ditu bisitariak beren tokietan, segurtasun distantziak errespetatuz. Haurren irrika islatzen da beren salto, brinko eta maskaradun irribarreetan. Urduri daude, Pertseida izar uxoen zain. Etxanizek hasteko agindua eman, eta argiak itzali dira berehala: denak gora begira jarri ditu planetarioko sabai izartsuak.

Ezker-eskuin eta ziztu bizian,agertu eta desagertu egiten diraizar iheskorrak, eta haiek dira egunotako protagonistak zeruan. Etxanizek azaldu duenez, urtero bezala, abuztuko bigarren aste honetan Pertseidak ikusteko aukera emango du zeru ilunak, eta Ilargia lagun izango dute: «Ilbehera egonik, argi gutxiago igorriko du Ilargiak, eta izar iheskorrak argiago ikusi ahalko dira». Done Laurendiren malkoak ere esaten zaie Pertseidei: izar jasa zoragarriak eragiten dituen fenomeno astronomikoa. Pertseida gehien ikusteko garaiaabuztuaren 11tik 13rako gauetan izaten bada ere, izar uxo horiek uztailaren 17an hasi eta abuztuaren 24an amaitzen dira.

«Uau!» entzun da tarteka planetarioko areto ilunean. Gora begira jarraitzen dute ikusleek, Etxanizen esanei adi. Zerua hainbat ikuspuntutatik ikusteko aukera izan dute ikusleek, izarrak inoiz baino hurbilago sentituz.

Izar iheskor deitzen bazaie ere, ez dira izarrak, inondik inora.Etxanizek azaldu duenez, urtero garai honetan Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du Lurrak: «Izar uxo horiek topaketa horren ondorioz sortzen dira, kometak uzten dituen hauts partikulak lurrazaleko atmosferan sartzean». Etxanizek zehaztu duenaren arabera, Swift Tuttle kometa 133 urtean behin kokatzen da Eguzkitik hurbil, eta 1992. urtea izan zen gertuen igaro zen azken aldia. Egunotan bisitan datozen Pertseidak, beraz, 133 urtean behin Lurraren eta kometaren talkak utzitako arrastoak dira, eta, urtero, sasoi honetan ikus daitezke zeruan.

Ikusleak aurrera edo iparraldera begira zeudenean, ekialdera begiratzeko aholkua eman du Etxanizek. Eta hara non agertu den Perseus konstelazioa. Izan ere, Etxanizek jakitera emanduenez, han sortzen diren sentsazioa ematen dio zeruak gora begira dagoen ikusleari. Hala eta guztiz ere, zerua oso-oso zabala da, eta alde batera zein besterabegiratuta ikus daitezke Pertseidak.

Horiek ikusi ahal izateko, ez da material berezirik behar, zerua oztopatu besterik ez baitute egingo. Komenigarria da farol zein zuhaitzetatik urrun jartzea, horiek ere enbarazu egiten baitute. Beraz, nahikoa da zeru ilunean izarretara begiratzearekin. Oso garrantzitsua da, hala eta guztiz ere, iluntasuna; adituek esaten dutenaren arabera, «begiak ohitu» egiten dira iluntasunera. Zeruan lainorik ez egotea ere kontuan hartu beharreko faktore bat da, zerua oskarbi egonez gero, errazagoa baita izar iheskorrak identifikatzea. Komeni da bestelako argia ematen duten objektuetatik eta zuhaitzetik urrun jartzea, horiek ere zerua oztopatzen baitute.

Argiak piztu dira berriro ere Donostiako planetarioko aretoan, eta Etxanizek aretotik atera diren ikusleak eskerrak emanez agurtu ditu, banan-banan eta distantziak zorrotz errespetatuz. Haurrak saltoka eta poz-pozik doaz museora bidean, gurasoen eskutik helduta. Pertseiden zain egongo dira ziurrenik gaur gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.