Binakakoaren finalerdia, abenduaren 4an; finala, berriz, 8an

EPELeko epaileak baliorik gabe utzi du Agirre-Albisuri partida galdutzat emateko erabakia. ELA sindikatuak salaketa kendu du, eta ez da egingo epaiketa gaur

Ezkurdia eta Bikuña, Agirre eta Albisu jokatzera azaldu zain, urriaren 10ean. ASPE.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gaur zen egitekoa epaiketa EAEko Auzitegi Nagusian Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako partida erabakigarrian hartutako erabakiaren inguruan: Baikoko hamabost pilotarik deitutako greba egiteagatik, Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri galdutzat eman zien urriaren 10ean Bilbon Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurka jokatu beharreko neurketa. Baina ez da egingo epaiketa. EPELeko epaile bakarrak atzera egin zuen atzo, eta baliorik gabe utzi zuen erabaki hori. Hala ere, zehaztu zuen ez duela uste orduan hartutako erabakiak pilotarien greba eskubidea urratu zuenik.

EPELeko epaileak konpromiso hori hartutakoan etorri zen ELAren erabakia: salaketa kendu zuen. Sindikatuak salaketa jarri zuen EPELeko epaile bakarrak hartutako erabakiak greba eskubidea «urratu» zuela argudiatuta. Baina, EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa horretaz epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak hartzeko eskatu zuen ELAk, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zizkion kautela neurri horiek, eta neurketa horren inguruko salaketa argitu arte finala ez jokatzea erabaki zuen. Hala, bertan behera geratu zen urriaren 18an jokatzekoa zen finala.

Hain zuzen, Enpresen Ligaren eta ELAren arteko ahozko akordioaren ondorioz, binakakoaren azken txanpak badu data. Abenduaren 4an jokatuko da, ostiralez, Agirre-Albisu eta Ezkurdia-Martijaren arteko finalerdia —Bikuñak Martija ordezkatu zuen aurrekoan, hark positibo eman baitzuen koronabirus proban—. Eta neurketa horretako irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 8an, asteartez, Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen aurka.

Albisu pozik zegoen erabakiarekin: «Orain jada burua finalerdian dugu, horren prestakuntzan. Ez da erraza izango, baina ilusioa dugu, eta, gure maila emanez gero, aukerak izan ditzakegu». ELA ere pozik zegoen,eta berriro azpimarratu zuen greba «tresna baliagarria» dela lan arloko aldarrikapenak defendatu eta lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.