Pizgarri eta aukera

Danel Elezkano eta Iñaki Artola elkarren aurka ariko dira gaur Villabona-Amasan, lau eta erdikoaren final-zortzirenetan. Biek esan dute «nahi baino partida gutxiago» jokatu dituztela udan, baina «esperientziak» lagundu diela egoerara egokitzen.

Danel Elezkano eta Iñaki Artola, Villabona-Amasako frontoian, pilota aukeraketa amaitu berritan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kostata topa daiteke haien izena udako torneorik garrantzitsuenetan. Biek ala biek esan dute «nahi baino partida gutxiago» jokatu dituztela udan. Baina ez Danel Elezkano (Zaratamo, Bizkaia, 1994), ez Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994) ez dira hasiberriak pilota profesionalean. 28 urte dituzte biek, eta esperientzia handia: Elezkanok hamar urte daramatza jokatzen, eta Artolak, berriz, zortzi.

«Banekien oso zaila izango zela torneo garrantzitsuetan jokatzea. Badakigu hau nola den: pilotari asko gaude, eta toki gutxi dago», azaldu du Artolak. Iritzi bera du Elezkanok: «Guztioi gustatzen zaigu torneo garrantzitsuak jokatzea eta pilotari onenekin aritzea, baina, aurten, hala suertatu da. Aukera ematen digutenean ahalik eta ondoen jokatzea da gure egitekoa, eta Iñaki eta biok ondo aritu gara aukera eman digutenean».

Artolaren arabera, «esperientziak» lagundu egiten du egoera eramaten. «Niri gero eta gutxiago kostatzen zait. Profesionaletan daramatzan urteetan ikasi ditudan gauzetako bat da zure esku dagoen kontuetan jarri behar duzula indar osoa; ahalik eta ondoen entrenatzen eta jokatzen ahalegindu behar duzu. Ez du merezi zure esku ez dauden gauzei bueltak ematea; zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto».

Ez batak, ez besteak ez zuten jokatu Mastersa, ia uda osoan luzatu ohi den torneoa. Aspek eta Baikok euren sei pilotari onenen alde egin zuten, eta horien artean ez zeuden ez Elezkano, ezta Artola ere. Ordezko izan ziren biak, eta behin baino ez zuten jokatu: Artola Unai Lasoren ordez aritu zen, eta Elezkano Jokin Altunaren ordez.

Lehen feria jokatzeko ere ez zituzten aukeratu: sanferminetakoa. Baina Lasok min hartu zuen, eta Baikok Artola aukeratu zuen hura ordezkatzeko. Alegikoak eta Jon Mariezkurrenak torneo ikusgarria egin zuten, eta txapela irabazi zuten. «Ezustekoa izan zen erabat; barneratua nuen ezinezkoa zela sanferminetan jokatzea. Baina Unaik min hartu zuen, eta enpresak jokatzeko aukera eman zidan. Eta aprobetxatu egin nuen: ezin hobeto atera zitzaigun dena Joni eta bioi. Sekulakoa izan zen finalaren eguna. Nire ibilbideko pozik handienetakoa hartu nuen sanferminetan irabazita».

Udak ez zuen itxura oso onik, eta, aitortu duenez, garaipen horrek «indarra eta helduleku bat» eman zizkion lanean jarraitzeko. Bere burua indartzeko ere balio izan zion. «Enpresari erakutsi nion aukera emanez gero ondo egin dezakedala; finean, hortxe nagoela nahi duenerako. Ni betiko ilusioarekin ari naiz».

Sanferminetakoa izan zen Artolak jokatu zuen torneo garrantzitsu bakarra. Elezkano ere bakarrean aritu zen, etxekoan, Bilboko Aste Nagusikoan. Ohiko bikotekidea izan zuen: Jose Javier Zabaleta. Torneoa irabaztekotan egon ziren, baina Lasok eta Mariezkurrena II.ak tanto bakar batengatik nagusitu zitzaizkien. «Pena izan zen. Halere, asko gozatu nuen».

«Lehia gogorra» espero dute

Ez dago onik ez dakarren gaitzik, eta nahi baino gutxiago jokatu izanak aukera eman die Lau eta Erdiko Txapelketa prestatzeko. Biak entrenatu dira, eta biek esan dute «ondo» daudela. «Ondo ditut eskuak, baina zuriz jantzi arte ez dut jakingo zehazki nola nagoen», azaldu du Elezkanok. «Azkeneko hiru partidak galdu egin ditut, baina, hala ere, gustura aritu naiz, konfiantzaz», esan du Artolak.

Bietako batek bakarrik jarraituko du lehian gaur gauean: elkarren aurka ariko dira final-zortzirenetan, Villabona-Amasan (Gipuzkoa), 22:00etan. Sari garrantzitsua dago jokoan: final-laurdenetako ligaxkarako sailkatzea, eta gutxienez beste hiru neurketa jokatzea: bat, Lasoren aurka; beste bat, Joseba Ezkurdiaren kontra; eta beste bat, Erik Jakaren eta Aitor Elordiren arteko neurketako irabazlearen aurka.

Elezkanoren iritziz, «oso gogorra» izango da gaurko norgehiagoka. «Iñakik erakutsi du dohain handiak dituela, eta goian egoteko pilotaria dela banakako txapelketetan. Oso zaila da haren aurka jokatzea. Asko jokatu beharko dut aukeraren bat izateko».

Artolak, berriz, «bete-beteko lehia» espero du. «Oso aurkari gogorra da Danel: oso abila da aurrean, eta beti berea ematen du. Ziur lanak oso zail jarriko dizkidala. Egun hobea duenak eta patxada handien duenak irabaziko du. Gustatzen zait lau eta erdikoa; uste dut zerbait polita egin dezakedala».

Haren ustez, «asko» dago jokoan gaur. «Batetik, aurrera egitea; eta, bestetik, binakakoan tokia izateko puntuak lortzea. Horretan antzeko gabiltza Danel eta biok: hasi ginenetik, izarrik handienak baino koska bat beherago egon gara, eta beti borrokatu behar izan gara binakakoan toki bat lortzeko. Nekagarria da, baina mesede egiten du erne egoteko».

Zuhurrago mintzatu da Elezkano: «Ez dago gure esku binakakoa jokatzea edo ez; enpresarena da erabaki hori. Gu saiatu behar gara ahalik eta ondoen jokatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.