Albistea entzun

Oporrak Bilboko itsasadarrean

Begotxu eta Mirentxu marinelek antzerkia eta umorea erabili dituzte Bilboko historia kontatzeko. Besteak beste, Euskalduna ontziolaren historia, Guggenheim, San Mames, Artxanda eta Deustuko tigrea aurkeztu dituzte.
Begotxu Bilboko itsasadarreko bisita antzeztuan, Deustuko tigreari buruz hizketan.
Begotxu Bilboko itsasadarreko bisita antzeztuan, Deustuko tigreari buruz hizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva -

2020ko abuztuak 20 - Bilbo

Begotxu eta Mirentxu marinelak prest daude, Bilboko itsasadarrean geldirik dagoen itsasontzian. Beren ile zuriarekin, soineko urdinekin eta flotagailu handiekin, lehorrean dagoen jendea animatzen ari dira, itsas ibilaldira bildu daitezen. Itsasontzia palmondoz eta zinta urdinez apainduta dago; itxura tropikala dauka. Itsasontzi baten abestia entzuten den bitartean, jende ilara sortu da lehorrean; inoiz izan dituzten oporrik arinenez gozatzeko zain daude. Itsasontzira igotzen hasi dira, eta Begotxuk eta Mirentxuk ukondoarekin agurtu dituzte. Denak jesarrita, bisita hasi da: «Ongi etorri Bilboko itsasadarrean egingo duzuen itsas ibilaldi arin-arinera!».

Izpiñe Soto (Mirentxu) eta Alex Antuñez (Begotxu) Hortzmuga antzerki taldeko kideak dira. Bilbo ezagutarazteko, antzerkiak egiten dituzte Bilboko itsasadarrean. Abuztuko astearte guztietan ordu erdiko lau emanaldi egiten ari dira.

Pandemia dela-eta, ezin izango dute geldialdirik egin, eta, beraz, «ez-geldialdiak» egingo dituzte. Lehenengoa, udaletxea. Jorge Oteizaren eskulturari buruz hitz egiten duten bitartean, itsasontziak ziaboga eman du. Bisita arin-arina izango denez, bisitariek segundo gutxi izango dituzte Mirentxuk eta Begotxuk azalduko dituzten tokiak ikusteko. Zubizurira ailegatzen hasi direnean, segundo bakarra izan dute Artxandako funikularra ikusteko; eraikin eta zuhaitz artean ezkutatu da gero.

Salbeko zubia atzean utzi, eta Begotxuk eta Mirentxuk Deustuko animalia ikusi dute. Betiko eztabaida izan dute: lehoia ala tigrea izango da? Tigrea omen da: «Itsasadarraren beste aldeko burgesiak ikus zezan eraiki zuen jabeak: dirua zuela erakusteko».

San Mamesera heldu direnean, Begotxuk gabarraren erabilera kritikatu du: «Athleticeko neskek liga irabazi zutenean, gabarra ez zen atera. Oraindik horren esperoan gaude». Itsasontziak Itsas Museoan eman du berriro ziaboga. Bueltatzeko ordua da.

Euskalduna ontziolaren historia kontatu ondoren, Iberdrola dorrea eta Guggenheim museoaren bitxikeriak kontatu dituzte, beti umore ukitu batez, noski. Marijaiak ere bere tokia izan du zeharkaldian. Toledoko bisitari bat pregoia botatzen saiatu da, eta txupinazoa bota dute denek elkarrekin. Ospatuko ez den Aste Nagusia omendu dute, Marijaiaren kanta abestuz. Su festen soinuarekin amaitu da itsas ibilaldi arin-arina: «Eskerrik asko etortzeagatik. Espero dugu ondo pasatu izana, eta, bestela, gogoratu bi kontu: ordu erdi besterik ez dela izan, eta ez duzuela euro bat bera ere ordaindu».

Beste era batera ezagutu

Antzezleek bost urte daramatzate ikuskizun hori egiten: «Guretzat, plazer bat da horrelako ikuskizun bat egitea; orain, nahiz eta segurtasun neurriak bete behar ditugun, plazer bat da lana berreskuratu ahal izatea». Jendearen jarrera «ona» dela esan dute: «Nik uste dut jendeak ondo pasatzen duela. Bisita arrunt batean, Bilboko historiaren datu guztiak entzungo dituzte, baina, komeria eta anekdotekin, beste modu batean ezagutuko dute hiria».

Bisita antzeztua kanpotik datozen turistentzat eta euskal herritarrentzat dago antolatuta. Horregatik, nahiz eta gehienbat gazteleraz hitz egiten duten, antzezleek euskal berbak tartekatu dituzte. Borja Esnaola bilbotarra familia eta lagunekin joan da. Ez da halako bisita bat egiten duen lehen aldia. Aurreko bisita asko gustatu zitzaienez, berriz egin dute. Antuñezekin bat dator Esnaola: Bilbo beste modu batean ezagutzeko aukera da bisita: «Bilboko bitxikeriak kontatu dituzte, umorez; horrela, errazago sartu gara Bilboko historian». Eva de Castro Espainiatik joan da Bilbora. Jada bi bisita gidatu egin ditu, eta horiekin konparatu du bisita antzeztua: «Bisita gidatuetan, informazio asko eman digute, eta zoragarriak izan dira. Hau desberdina da; antzeztua dago, baina hemen ere gauza asko ikas ditzakezu, eta ondo pasatzen duzu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Haurren garapen morala sustatzen du 'Go!azen'-ek»

Iraia Vieira Gil

'Go!azen' telesailak balio etikoetan oinarritzen den hezkuntza eskaintzen ote duen ikertu dute Leire Jungituk eta Sara Osuna Acebok. Kanaria uharteetan aurkeztuko dituzte emaitza berriak.
Katuak, haiei jaten emateko sortutako kolonia batean. ©SALAS / EFE

Katu kontari

Enekoitz Telleria Sarriegi

Animaliak babesteko onartu dituzten lege berriek udalen esku uzten dute kaleko katuen erregularizazioa. Koloniak babesteak, katuak harrapatzeak, antzutzeak eta berriz itzultzeak, ordea, ezadostasunak sortzen ditu eragileen artean.

Olatz Salvador, Ainhoa Vitoria, Lore Nekane Billelabeitia eta Ana Goitia, <em>Yoko Ona</em> bideopodcastean. ©YOKO ONA

'Yoko Ona' bideopodcasta gaur amaituko da, lodifobiaz hizketan

Urtzi Urkizu

Ana Goitia gonbidatu dute denboraldiko azken atalean. Ez dago ziurtatua saioak jarraituko duen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...