Italiako Giroa

Handia egin du

Pello Bilbaok garaipen ederra lortu du Italiako Giroko zazpigarren etapan. Euskal ziklistek hamahiru saio irabazi dituzte azken bederatzi ekitaldietan

Handia egin du.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hazi eta hazi. Hala dabil aspalditik Pello Bilbao (Astana). 29 urteko txirrindulari gernikarrak sekulako jauzia eman du azken bi urteetan, horrenbestekoa, ezen ustekabean hartu duen baita Bilbao bera ere. «Uste nuen baino urrutiago iristeko gai naizela ikusi dut», esan zion BERRIAri urte hasieran.

Eta noraino irits daitekeen? Bada, urruti. Atzo erakutsi zuen, erakustaldia emanda irabazi baitzuen Italiako Giroko zazpigarren etapa, Vaston hasi eta L'Aquila artean. Bere garaipenik handiena da. Bederatzi lortu ditu 2010ean profesionaletara pasatu zenetik, guztiak 2014tik hona. Atzo arte, iaz Dauphine World Tour proban irabazitako etapa zuen lorpenik handiena. Distiratsua zen, halaber, iaz Giroan lortutako seigarren postua. Atzokoak, ordea, txiki uzten du hori guztia, itzuli handi batean lortutakoa baita. Gernikarra bera garaipenaren esanahiaren jakitun zen. «Nire lehen garaipena da itzuli handi batean, eta horrek oso zoriontsu egiten nau. Niretzat oso garrantzitsua da».

Une eta leku aproposean

Bilbaok ezin hobeto aprobetxatu zuen toki eta une aproposean egotea. Lehenbizi, eguneko ihesaldian sartu zen, beste dozena bat ziklistekin batera. Andrei Zeits taldekidea ere zegoen tartean, eta gernikarrak azaldu zuenez, hura zen taldearen aukeratua. Baina bere burua «aurrean eta indartsu» ikusita, saiatzea erabaki zuen Bilbok. Saiatu eta arrakasta lortu. Azken kilometro gogorrari ekin aurretik jo zuen erasoa, %11ko pendizeko aldapak hastear zirela, eta inor ez zen gai izan haren erritmoari eusteko. Bost segundora iritsi ziren Tony Gallopin (Ag2r) eta Davide Formolo (Bora). Tropela, berriz, 1.03ra ailegatu zen. Bertan zen Valerio Conti liderra eta faboritoak. Sailkapen nagusian, Contik jarraitzen du lider, baina Jose Joaquin Rojas da bigarren orain, 1.32ra. Bilbaok jauzia eman du, eta 11. da, 5.23ra. Justu haren atzetik da Primoz Roglic (Jumbo).

Bilbao da Giroan etaparen bat irabazitako euskal txirrindularien artean azkena. Arrastoa uzten ari dira azken urteetan Italiako proban. Azken bederatzi ekitaldietatik bakarrean ez da egon euskal garaipenik, 2014an. Hamahiru izan dira garaipenak: 2011n, Igor Antonek eta Mikel Nievek irabazi zuten; 2012an, Ion Izagirrek; 2013an, Beñat Intxaustik; 2015ean, bi etapa irabazi zituen Mikel Landak eta beste bat Intxaustik; 2016an, beste bat lortu zuen Landak; 2017an, Gorka Izagirrek, Omar Frailek eta Landak bana irabazi zuten; eta iaz, Nievek bat.

Gaur zortzigarren etapa jokatuko dute, ekitaldiko luzeena (239 kilometro), laua eta esprinterrentzat eta ausartentzat aproposa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.