Barraketakoak, «erorketa askean»

Atrakzioetako langileek festarik festa igaro ohi dute uda. Aurten, ordea, Iruñekoak zein gainontzeko tokietakoak bertan behera geratu direnez, ez dute diru sarrerarik izango. Administrazioek «alde batera» utzi dituztela salatu dute.

Zenbait lagun, Iruñeko barraketako atrakzio batean, iazko sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hau ekaitz gogor baten gisakoa izan da: bat-batean eta inork espero gabe iritsi da». «Eta den-dena geldirik dugu; oso tristea da». Alfonso Alvarez eta Enrique de los Santosenak dira hitzak, hurrenez hurren. Herri eta hirietako festetan lan egiten dute biek: Alvarezek atrakzioak ditu, eta beste egoera batean, orain Iruñean edukiko lituzke; De los Santosek, berriz, bi tiroketa postu eta txurro postu bat ditu, eta Urdiainen (Nafarroa) egongo litzateke garai honetan. Aurten, ordea, festarik ez. Ez Iruñean, ez eta Euskal Herriko gainontzeko herri eta hirietan ere. Hortaz, barraketakoek ezin izango dituzte kalera atera atrakzioak eta postu ibiltariak, eta, ondorioz, diru sarrerarik gabe geldituko dira: «Erorketa askean», Alvarezen hitzetan.

Barraketako langileetako askok, berez, egoera ekonomiko konplexua dute, eta, salatu dutenez, «babes gutxi» izaten dute administrazioen partetik. Hori gutxi balitz bezala, aurten are gehiago okertu zaie panorama. «Beltz-beltza» da, haien hitzetan.

Udan festarik ez zela izango jakitea gogorra izan zen Alvarez eta De los Santosentzat. Alvarezek hasieran bazuen esperantza gauzak hobetuko zirela, eta egoera hainbeste luzatzea «harrikada» bat izan da harentzat: «Familia negozioak dira; nork ez du nahi bere bizibideak funtzionatzea?». De los Santosek aitortu du ulertu zuela erabakia, baina «zaplazteko bat» izan zela. Haren eta beste askoren egoera, izan ere, etsigarria da: «Festetara joan ezean, etxean ez dugu diru sarrerarik izango. Gainerako sasoietan herriren batera joaten gara, baina udaren menpe bizi gara erabat».

Alvarezek emandako datuen arabera, Nafarroan 80 edo 90 familia inguruk lan egiten dute barraketan. AIFNA Nafarroako Barraketako Industrialarien Elkarteko presidentea ere bada, eta, azaldu duenez, haientzat gaur egun sanferminetako plaza garrantzitsua da, baina ez Nafarroako gainerakoak baino gehiago. Izan ere, 2008an Iruñe erdialdetik Arrotxapeko Runa parkera mugitu zituztenetik, jende gutxiago doa barraketara. Gainera, han atrakzioak jartzea beste toki batzuetan baino garestiagoa denez, jartzen dituztenen artean gehiago dira kanpokoak nafarrak baino.

Aurten egoera zein den ezagututa, AIFNAk erabaki zuen ez eskatzea baimenik egunotan Runako eremuan barrakak jartzeko. Alvarezek azaldu duenez, elkarteak argi du ezohiko testuinguru bat dela, egoki ikusten du sanferminik ez ospatzea, eta, hortaz, ez dio zentzurik ikusten atrakzioak eta postuak jartzeari. Halere, sektoreak uste du bideragarria litzatekeela beste toki batzuetara joatea, ofizialki festak bertan behera geratu arren; esaterako, herri txikietara. Argudiatzen dute udan herrietan jendea egongo dela, eta beharrezkoak diren baldintza guztiekin gune txikiak muntatzea posible litzatekeela. Oraingoz, baina, ez diete erantzun, ez gobernutik, ez udaletatik.

Betebeharrak baino ez

Barraketan lan egiten dutenak autonomoak dira, eta, ondorioz, COVID-19aren krisiaren testuinguruan, askok aldi baterako erregulazioak eta autonomoentzako laguntzak jaso dituzte. Beste asko, ordea, zailtasunak izaten ari dira laguntzak jasotzeko, beren lan sasoiaren hasieran ematen dutelako izena autonomo gisa: udaberrian. «Baina pandemia lehenago heldu zen; hortaz, jende horrek ez du ezer ere jaso», azpimarratu du Alvarezek.

Hark eta De los Santosek, bai, jaso dute laguntzaren bat, baina De los Santosentzat «eskasak» dira: «Horrekin ezin diegu ezta ohiko gastuei ere aurre egin». Salatu du egunerokoan ez dutela inolako laguntzarik jasotzen, haiek «egin beharrekoak» egiten badituzte ere: «Guk gure ardurak betetzen ditugu: autonomoen kuota ordaintzen dugu, aseguruak, zergak, baimenak, atrakzioen azterketak... Baina ez dugu eskubiderik; betebeharrak baino ez».

Eskubideak, hori da aldarrikatzen dutena: lan egin ahal izatea, berme guztiekin. «Guk lan egin nahi dugu, hori besterik ez, jende guztia ari baita lanean jada: tabernetan, dendetan...», adierazi du De los Santosek. Horretarako beharrezkoak diren neurriak hartzeko prest daude, baina administrazioen partetik ez dute prestasunik ikusten. «Badakigu zer neurri hartu behar genituzkeen: postuan aldi berean egon daitekeen jendea mugatu, eskopetak desinfektatu, distantziak markatu, pantailak jarri, dena etengabe garbitu... Posible da, eta, nahi izanez gero, egin daiteke». Horri lotuta, sektorearen araudi hutsunearen aurrean, AIFNAk segurtasuna bermatzeko protokolo bat prestatu du, eta Nafarroako Gobernari helarazi dio, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.

De los Santosen ustez, arazoa da «ez zaiela interesatzen» haiek lan egitea: «Badirudi ez garela existitzen». Hark argi du zein den «bazterketa» horren arrazoia: «Ez dugula aberastasunik sortzen estatuarentzat». Hori ikusirik, irmoki aldarrikatu nahi izan duberen bizia aurrera ateratzeko «eskubide osoa» dutela, «jende umila» izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.