Blusa eta Nesken Eguna

Jaietarako beroketan berotua hartuta

Jendetzak hartu ditu Gasteizko bazter guztiak, jaien atariko ospakizunetan. 3.000 blusa eta neskak baino gehiagok girotu dituzte kaleak goizean goizetik iluntzera arte, eta jaietako osagai nagusi izango dira baratxuriekin eta abere azokarekin batean.

Ehun blusa eta neskak hartu zuten parte upel lasterketan, eguzkipean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gasteizko jaietarako prestaketa saioa izan da Gasteizko kaleetan Santiago Egunean. 3.000 blusa eta neskak baino gehiagok eta milaka herritarrek kaleak bete dituzte Blusa eta Nesken Egunaz gozatzeko. Abuztuaren 4an hasiko diren ospakizunetarako beroketa gisa hartu zuten askok, eta hainbatek berotua ere hartu zuten, atzo. Hain zuzen, egun gehienean, tenperatura 30 gradutik gorakoa izan zen.

Gorka Ortiz de Urbinak —abuztuaren 4an Zeledonez jantziko den blusak— eman dio hasiera upel lasterketari. Kutsu poetikoa hartu dio Maite Armentiak, itzalpetik urrundu eta lasterketa lehen lerrotik jarraitu duen ikusleak:«Blusa eta Nesken Eguna Gasteizko jaien beroketa bada, Zeledonek hasiera emateak badu kutsu poetikoa, ezta?». Gertutik ikusi nahi izan du irteera. 25 upel lerrokatuta, eta 50 blusa eta neska horiei bultza egiteko prest. «Egosiko dira: egiten duen beroarekin, goitik behera jantzita, eta dagoen beroarekin...», kezkatu da. Zorionez, antolakuntzako gizon bat ari da botila urak banatzen parte hartzaileen artean.

Jendetza bildu da upel lasterketaren laugarren aldia ikusteko. Plaza Berria, Andre Maria Zuriaren plaza, Mateo Moraza kalea, eta Lehendakari Agirre kalea hartzen ditu ibilbideak, eta kale horietan guztietan zaila da gerturatzea lasterkariak ikusteko. Ikusmina ikusita, pozik dago Pedro Oribe ikuslea: «Duela hamar urte pentsaezina zen asto lasterketa kentzea, baina kendu eta lau urtera, inork ez du haren faltariksuman, ezta zezenketena ere; jai eredu berrian aurrera goazen seinale».

Denak ez daude pozik, ordea. Upel lasterketak aurrera egin ahala, Mikel Fernandez ikusleari kopeta ilundu zaio: «Esatariak ez al du euskaraz egingo?», kexatu da. Bozgorailuetatik euskarazko hitz solteak entzun dira: «Kontuz ibili», «txalo beroa», «eskerrik asko»... Azalpen eta hausnarketa guztiak gazteleraz dira, baina. «Inoiz aitortuko diote euskarari, jaietan ere, benetan izan behar duen garrantzia? Okerragoa da hizkuntza exotiko gisa baliatzea, ezer ez esatea baino...», hausnartu du Martinezek, datorren urteko lasterketan hori zuzenduko duten itxaropenarekin.

Baratxuriak eta azoka

Upel lasterketatik gertu, milaka herritar daude baratxuri azokan, gora eta behera. «Txirikordek 60 baratxuri buru dituzte; 14, 18 eta 22 eurokoak ditugu, baina txikienarekin urte osorako adina berakatz duzu», azaldu dio saltzaileak emakumezko bati. Urtero bezala, hamaika txokotatik heldutako saltzaileak izan dira, gehienak Nafarroakoak izan arren.

Eguzkiak erruz jotzen du unibertsitateen eremuan. Hala eta guztiz ere, nekez eman daitezke hamar pauso inorekin estropezu egin gabe. Jendetza bildu da Santiagoko nekazaritza azokan. Horiek guztiek landa eremura gerturatzeko aukera izan dute.

Arabako Erlezainen Elkartea postu batean haien jarduerari buruzko informazioa ematen ari da, Kontuz, erleak idatzia duen kartel baten azpian. Metro gutxira, bikote bat ekografien bidez ardien ernaldiari nola kasu eginazaltzen ari da: «Ernaldia nola doan jakiten laguntzen digu ekografiak, horren arabera elikadura moldatzeko». Postu horretan minutu batzuk eman ondoren, joan egin da Maribel Guerrero. «Harrituta» dago. «Garai bateko azoka nuen buruan, baina plazer bat da Arabako landa eremuan egiten duten lana ikustea».

Ospakizunen artean blusek eta neskek gogoan izan dituzte haien egunean egon ezin direnak. Kuadrillek euskal preso eta iheslarien senideak omendu dituzte. Banan-banan deitu, eta opari txiki bat eman diete, plaza inguruan bildutakoen txalo artean. Ingurutik pasatu direnek ere errespetuz jokatu dute. Bertaratutakoek «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatzen zuten bitartean, txaranga bat heldu da ingurura. Jotzen ari ziren abestia amaitu, eta Borrokalari kalera jotzen hasi dira.

Bazkalordua gerturatu ahala, desagertzen hasi da Gasteizko hirigunean bildutako jendetza. Blusa eta neska kuadrillek zain dituzte bazkari oparoak, hiriguneko zein inguruko auzoetako jatetxeetan. Indarrak biltzea derrigorrezkoa dute arratsaldeko erritmoari eusteko. Zezen plazara joateko bidea, itzulera... Erdibidean blusa eta neska bat baino gehiagok baliatu dute inguruko parkeetako itzala, loalditxo bat egiteko. Jaietako erritmo perfektua lortzeko atseden hartzea ere funtsezkoa ei da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.