Zientzia

Teknologiak sexurik ez

Historia kordoka legoke baldin eta teknologiari ekarpena egin dioten guziak kontuan hartuko ez balitu. Ehortzi gabe, emakumeen ekarpenak argitara ekarri ditu Gontzal Avilak 'Emakumeak teknologiaren historian' liburuari esker.
Bessie Coleman, Margot Duhalde Sotomayor, Marie Marvingt eta Mercedes Diaz Morales; Iosune Avilak ilustraturik.
Bessie Coleman, Margot Duhalde Sotomayor, Marie Marvingt eta Mercedes Diaz Morales; Iosune Avilak ilustraturik. EREIN Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko ekainak 20

Neska eta mutil eraikitzen gaituzte, bere sufrimendu guztiarekin. Bai, baina mutilak prestigioa, plaza publikoa, boterea, erabakiguneak eta baliabideak izateko eraikitzen ditugu mutil. Eta neskak prestigiorik ez izateko, etxean, eremu pribatuan egoteko, erabakiguneetan ez sartzeko eta botere eta baliabiderik ez izateko eraikitzen ditugu neska», idatzi du Lorea Agirrek Guztiok izan beharko genuke feminista liburuaren hitzaurrean (Hik Hasi, 2017).

Eraikuntza maingu horien makulurik ere bada: historiak zintzoki aitortu gabeko merezimenduei ukendua ezarri nahi izan diete Gontzal Avilak eta Iosune Avilak. Baiki, Emakumeak teknologiaren historian asmatzaileak eta aitzindariak (Erein, 2020) liburua aurkeztu berri baitute. Hobe da berant, ezi ez jagoitik, Gontzal Avilak hezkuntzari begira hutsune handia sumatu zuen: «Ikusten nituen Arkimedes, Leonardo Da Vinci... eta pentsatu nuen: 'Baina egonen dira emakumeak ere'. Eta bilatzen hasi nintzen, ikusten bainuen emakumeak eta teknologia lotzeko bazela hutsune handia».

Hedy Lamarr austriarrak erein zion asmatzaile eta aitzindari horien bilduma egiteko hazia: «Harritu ninduen emakume horrek, zinemaz gain gai izan baitzen teknologia garatzeko bere kabuz: torpedoak irrati bidez gidatzeko sistema bat asmatu baitzuen». Gerla garaian sekula erabili ez bazen ere, oraingo eguneko sakelako telefonoak, wifia, bluetootha eta GPS sistemak asmakizun horretan oinarritzen dira.

Avila irakaslea denez, bere ikasleei begira argitaratu zuen lehen liburua, 2018an. Baina material asko kanpoan gelditu zenez, publiko zabalarentzako obra horretan murgildu zen bi urtez: «Teknologiari lotua bada ere, bizitza historiak dira gehienak. Ez da historia liburu bat: historiena baizik. Edozeinek irakur lezake erraztasunez: euskara maila ez baita zorrotzegia».

Teknologia eta emakumea imanaren ifrentzuaren gisa zergatik ikusia diren galdetu dio idazleak bere buruari; alta, «gizonen lan berberak» egin zituzten. Liburuko 150 emakumeen ekarpenek demostratu dute hori; teknologiaren lur emankorretako alor orotan aritu baitira jorran XX kromosomadunak ere. «Egia da teknologia eta emakumeak bateratzean etxetresnen irudia datorkigula burura, etxeko hozkailua ikusten dugula; alta, besteak beste, informatikan, elikagaien kontserbazioan, eraikuntzan, energian, txirrindularitzan, autogintzan, astronomian, altzairugintzan, optikan eta robotikan egin dituzte ekarpenak». Avilak azpimarratu du teknologia «zentzu zabalean» hartu duela, eta liburuan sartu ahal izateko ez dela ingeniaria izan behar: «Haien eguneroko izugarriko abileziek» dituzte baitezpadako pezak ekarri teknologiaren historiaren dominoari.

Kontinente guzietakoak hartu ditu, haietarik sei euskaldunak. Cesarea Garbuno errenteriarra (Gipuzkoa) da haietako lehena, zeinak Euskal Herriko lehen petrolio findegia martxan ezarri baitzuen, Pasaian (Gipuzkoa). Horretarako, petroliontzi bat eraikiarazi zuen lehengaia AEBetatik ekarrarazteko. Margot Duhalde Sotomayor txiletarrak jatorri lapurtarra zuen, Luhusokoa hain zuzen ere. Txileko lehen gerla pilotu emaztea izan zen, eta Hego Ameriketako abiazioaren aitzindarietakoa.

Denei, ordea, ez die heriok ezagupena ematen: Maitane Alonso Monasterio bilbotar gazteak ukan baitu saririk elikagaiak kontserbatzeko makina dela eta.

Hautatzea, lan gaiztoa

Burutsu guzietarik zein hautatuko lukeen galdeturik, ez du dudarik ukan: bere «kuttuna» Mercedes Diaz Morales arabarra da. «Gertutik ezagutu nuen. 1920ko hamarkadan Laminoriako [Araba] geltokiko arduradun gisa aritu zen lanean. Bi trenen arteko talka saihestu zuen, baina, kondekoratu ordez, Madrilera erbesteratu zuten. Haren bilobetarik batek euskara ikasi zuen, eta elkarrekin aritu ginen ikasten».

Azalean ageri den Bessie Coleman lehen emakume afro-amerikar pilotuaren bizitza «bereziki hunkigarria» egiten zaio idazleari. Familia txirotik lortu baitzuen ikasketak egitea, Europara bidaiatzea, eta behar ziren titulu guziak eskuratzea aire erakustaldi lanjerosak egiteko, arrazismoaren atzaparren artetik.

Marie Marvingt frantsesak, jostura kirurgiko mota berri bat ez ezik, anbulantzia-hegazkinaren prototipoa ere asmatu zuen. Kirolari handi hori Tourra bukatu zuen lehen emaztea izan zen, bai Mantxako kanala zeharkatzen ere. I. Mundu Gerlan frontean egon zen gizonez mozorroturik, baina, deskubritu zutelarik, Alpeetara igorri zuten, Dolomitetara. Saharako basamortuan lerratzeko metalezko eskia asmatu zuen, zeina oinarria izan baitzen hegazkinak elurretan lurreratzeko. Ez zuen inolako gerla pentsiorik sekula jaso.

Liburuko protagonista diren emazte franko Iosune Avilak ilustratu ditu: «Irakurle gisa liluratu naute. Etxeko hozkailua ez dut gehiago berdin ikusten, baitakit atzean badirela mota guztietako asmatzaileak. Ilustratzaile gisa, konfort esparrutik atera nau lan honek: arkatzetik tabletara pasatu bainaiz. Paleolitoan bezala eriekin aritu naiz lanean, oso gustura. Liburuak inspiratu nau, zinez».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Probak egiteko Ordizian jarritako postuak. ©Jon Urbe / FOKU

«Osasun publikoaren kontrako delitu bat» izango da gaixorik bozkatzea

Iosu Alberdi

Ordiziako agerraldiarekin lotutako lau kasu berri atzeman dituzte. Denera, 31 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baieztatutako positibo berriak, eta herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. 160 herritar inguru dira bihar bozkatzea debekatuta izango dutenak.

Bi lagun, terraza batean eserita, Orion. ©JON URBE / FOKU

Nork agindu tabernetan

Aloña Beraza Peña Irati Urdalleta Lete

Ordiziako taberna batetik zabaldutako fokuak piztu ditu alarmak aste honetan. Su gehiago ere ari dira pizten, Tuteran, Gasteizen... Tabernariak eta kudeaketan dabiltzanak kezkatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna