Konpartsen jaitsiera, urtebetetze festaren atarikoa

Aste Nagusia ofizialki hasi baino bi ordu lehenago alaitu dute giroa konpartsek. 40 urte bete duten konpartsak omendu dituzte

Konpartsakideak jai giro betean, txupinazoa baino lehen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Koloretako kamisetak eta banderolak, edariz hornitutako gurditxoak, ur pistolak eta puxikak izan ziren atzoko konpartsen jaitsierako protagonistetako batzuk. Urteroko ohiturari helduz, Bilbo Zaharreko plazan bildu ziren 29 konpartsetako ehunka kide, 17:00etan. Kalejira hasi baino ordu erdi lehenago ere zenbait konpartsak hasia zuten festa. Trikimailukoek puxika urdinez bete zuten plaza, eta parean zituzten Sin Kuarteleko kideak lehen izerdi tantak botatzen hasita, dantzan. Aise ikus zitekeen ere Tintigorrikoen bandera erraldoia, eta Txomin Barulloren erraldoia.

Aurtengo txupinera Aixeberri konpartsako kidea izaki, San Anton zubiaren parean zeuden pilatuta konpartsakideak, kalejira noiz hasiko zain. Irribarretsu eta dantzan, Saioa Dominguez txupinerari babesa emateko prest denak. Suziria piztu, eta puntu-puntuan hasi zen ibilbidea, Zazpikaleetan zehar. Ez ziren hain puntualak izan, ordea, konpartsa batzuk eta San Anton zubiaren beste aldean batu ziren festara Hau Pittu Hau eta Txinbotarrak-eko kideak, esaterako.

Bidea irekiz, txistulari eta danbor joleak, txapela gorria eta alkandora zuria soinean. Jarraian, Saioa Dominguez txupinera eta Zorion Egileor pregoilaria, besotik helduta eta emozioz gainezka. Fanfarreak lagunduta, kamiseta urdin eta laranja jantzita jarraitzen zioten Aixeberriko kideek euren ordezkariari. Zubia igarota, Somera kalean barrena murgildu ziren. Bozgorailuetako musikarekin batzuk, trikitia eta pandero doinu artean besteren bat. Batukada feminista antolatu zuenik ere bazen: jaia hasia zen jada Bizkaiko hiriburuan. Poliki baina etenik gabe heldu ziren ordu eta erdiko ibilbidea eginda 29 konpartsak Arriaga plazara, dantza eta kantu artean.

Zortzikote historikoa

Aurtengo Aste Nagusiak berezitasunik badu, urtebetetze festa da hori. 40 urte betetzen ditu, eta, harekin batera, zortzi konpartsak. Jaitsieran ere horri keinu egin nahi izan zioten, eta txupinerari zegokion konpartsaren atzetik joan ziren zortziak, bata bestearen atzetik jarraian. 40 handi bat ikus zitekeen Tintigorrikoen kamisetetan, Pinpilinpauxako tximeletekin dantza ari zirelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.