Gidabaimena ateratzeko garaia

Autoeskolek udan izaten dute mugimendurik handiena. Pandemiak aldaketa batzuk eragin dituen arren, sektoreko langileak eta ikasleak lanez lepo dabiltza hilabeteotan.

Gorka Agirrezabala, Zumaia autoeskolako arduraduna. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Autoeskoletan ohi baino mugimendu handiagoa igartzen da. Uda da sektoreak lan gehien izaten duen sasoia. Ekaina eta uztaila, batez ere, abuztuan ez baitute azterketarik antolatzen Hego Euskal Herrian. Iaz, salbuespena izan zen. Konfinamenduaren ostean, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak azterketak antolatu zituen abuztuan. Aurten, normaltasunera itzuliko dira.

«Presiopean» dabiltza ikasle asko, Gorka Agirrezabala Zumaia autoeskolako (Gipuzkoa) arduradunaren ustez. «Abuztuaren 2an egin ahal izango dute azken azterketa teorikoa; praktikoa, berriz, 10ean. Gainontzean, irailera arte itxaron beharko dute», azaldu du.

Unibertsitate edo eskoletako azterketak amaituta, gazte ugarik autoeskolan izena eman dute. Gehienek abuztuko oporraldiaren aurretik gainditu nahi dute, gutxienez, teorikoa. Julen Zabalua da horietako bat. Uda honetan hasi da azterketa teorikorako klaseak hartzen, Beasainen (Gipuzkoa). «Eskola amaituta, denbora libre gehiago nuenez, gidabaimena ateratzeko aprobetxatzea pentsatu nuen», adierazi du.

Itxaron zerrendak

Azterketa praktikoekin dagoen arazoa azaldu du Agirrezabalak: «Aztertzaileak gutxitu dituzte: batzuk erretiratu egin dira, eta horien partez ez dituzte berriak jarri». Trafiko Zuzendaritzak gehiago jarriko dituela agintzen dien arren, Agirrezabalaren ustez egoerak ez du hobera egiten. Horregatik, itxaron zerrenda luzeak sortu dira.

Alaitz Aguadok , beraz, zain egon beharko du: «Esan didatenez, itxaron zerrenda luzeak daude. Azterketarako data eskatu beharko nuke...». Iazko uztailean hasi zen teorikoarekin, eta abenduan atera zuen. Orain, praktikorako prestatzen dabil, Errenterian (Gipuzkoa), baina oraindik ez du eskatu azterketarako eguna.

Aurten, teorikoa prestatzen ari diren batzuek ere itxaron egin beharko dute. Pandemia dela eta azterketa teorikoetako edukierak murriztu dituztela adierazi du Zumaia autoeskolako arduradunak. Autoeskolek ere hartu dituzte pandemiari aurre egiteko ohiko neurriak. Halere, Agirrezabalaren arabera, ez dute «askorik aldatu» lan egiteko modua.

COVIDak planak aldarazi dizkio Zabaluari.Uztailaren 14an azterketa teorikoa egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan du: «Azterketa baino bi egun lehenago, konfinatuta egon behar nuela esan zidaten, lagun batek positibo eman zuelako. Ezin izan nintzen azterketara aurkeztu». Azkenean, gaur egingo du azterketa.

Hego Euskal Herriko ikasle gehienek gazteleraz egiten dituzte azterketak, euskaraz egiteko aukera badagoen arren. Aguado joan zen autoeskolak ez zuen ematen euskaraz egiteko aukerarik. Zabaluarenak, aldiz, bai, baina gehiengoak bezala, berak ere gazteleraz egingo du.

Zumaia autoeskolak euskarazko azterketen alde lan handia egin zuela jakinarazi du Agirrezabalak: «Gipuzkoan euskarazko azterketak hasi zirenean, jende gehien aurkezten zuen autoeskola ginen». Azalpenak euskaraz ematen jarraitzen dute, baina azken urteetan ikasle oso gutxi aurkezten dituzte euskarazko azterketetara: «Ikasleak oso atsekabetuta irteten ziren azterketatik, galderak gaizki euskaratuak daudelako. Konfiantza galdu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.