Espainiako PPren primarioak

«Espainia da erabakitzeko eskubidea duen bakarra, burujabea delako»

Kataluniako auzian izandako jarrera defendatu du Rajoyk bere azkeneko diskurtsoan. Esan du Espainia ez dela «inoiz» hobeto egon

Mariano Rajoy, atzo, PPko presidente gisa bere azken hitzaldia eman ondoren. J.P. GANDUL / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
PPren konpromisarioek gaur bozkatuko dute, 11:00etatik aurrera, eta, 13:00ak inguru direnean, ezohiko kongresuko batzar antolatzaileak alderdiaren hurrengo presidentea nor izango den jakinaraziko du: Soraya Saenz de Santamaria primarioetako lehen itzuliko garailea, edo Pablo Casado. Biek ala biek, gainera, zalantzatiak konbentzitzeko aukera edukiko dute, lehen orduan beren hautagaitzak aurkeztuko baitituzte konpromisarioen aurrean. Gaur haiek bereganatuko dute protagonismo guztia. Atzo, ordea, kongresuaren lehen egunean, Mariano Rajoy azkeneko hamalau urteotan alderdiaren presidentea izan dena egon zen fokupean.

Azkeneko hitzaldia eman zuen PPko presidente gisa, eta, kongresua egiteko erabili duten hoteleko agertokira igo aurretik, haren aurretik hitza hartu zuten guztiek haren lana laudatu zuten. Baita Casadok eta Saenz de Santamariak ere, kongresura iristerakoan kazetariei egin zizkieten adierazpenetan. Espero bezala, Rajoyk ez zuen ez bataren eta ez bestearen aldeko botoa eskatu, baina presidente berria bata edo bestea dela ere «erantzukizunez» jokatzeko eskatu zien. Zenbait hedabidek PPren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, zerrenda bateratu bat osatzearen aldekoa zen Rajoy.

Duela hilabete pasa Espainiako Gobernuko presidente izateari utzi behar izan zionean kongresuan emandako hitzaldian bezala, atzo ere triunfalismoak blaitu zuen haren agerraldia; eta, batez ere, Kataluniako auziaz hitz egiterakoan. Harro agertu zen, adibidez, prozesu subiranistaren «erantzuleak» kartzelan edo «ihes eginda» daudelako, eta «ez direlako gobernatzera bueltatu». Rajoyren ustez, «inoiz»gertatu ez den zerbaiti «aurre egin» behar izan zion bera buru zuen gobernuak: «Espainiako eskualde baten independentzia aldarrikapenari. Ez zen erraza, baina horri aurre egiteko formulak bilatzen jakin genuen». Bide batez, hau nabarmendu zuen: «Espainia da erabakitzeko eskubidea duen bakarra, burujabea delako».

Eta, horrekin lotuta, Euskal Herrian gatazka armatua zegoen garaietara jo zuen, bere alderdikideak goratzeko —militante izaten jarraituko du—: «Ba al dago arrazoirik Euskal Herrian bizitza jokoan jarriz izandako jarrera heroikoa azaltzeko? Diruagatik? Botereagatik? Ez, haiek guztiak askatasunagatik borrokatu ziren».

Gobernuko presidente gisa (2011-2018) egin zuen ibilia azpimarratu zuen —«Espainia inoiz ez da hobeto egon»—, eta esan Espainia «bere demokraziagatik nabarmentzen dela». Jose Maria Aznarrek izendatu zuen Rajoy PPko presidentea, baina ez da ari kongresuan parte hartzen. 1996 eta 2004 artean Espainiako presidente izandakoak atzo adierazi zuenez, ez dute gonbidatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.