Energia berriztagarriak. Lurralde plan sektoriala

Arabako Errioxan, mahastien eta eguzki plaken arteko talka

Jaurlaritzak Arabako lautada eta Errioxa hartu ditu aintzat fotovoltaikoak jartzeko. Eremu baliotsuak dira nekazaritzan eta basozaintzan

inaki petxarroman
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Fotovoltaikoa da Jaurlaritzak hurrengo urteotan gehien garatu nahi dituen energia berriztagarrietako bat, eta, horretarako, bereziki bi eremu hartu ditu aintzat LPSan: Arabako lautada eta Arabako Errioxa. Bietan Nekazaritzako eta Basozaintzako LPSan balio handiko lur izendatutako eremu asko aukeratu dituela egotzi diote Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Saileko teknikariek Jaurlaritzari. «Planteamendu hori ez dator bat eremu funtzionalei buruz egindako lurralde plangintzarekin, bereziki Arabako Errioxan, Mahastien eta Ardoaren Kultur Paisaiaren irizpideei dagokienez, garapen masibo batek eskualde osoan ekar lezakeen eraldatze nabarmena kontuan hartuta».



Alde horretatik, Ingurumen teknikariek beren txostenean nabarmendu dute lehentasuna eman dietela laboreetarako kalitate handiko lurrei, aurrez antropizatutako eta eraldatutako lur zoruei eman beharrean. Ildo horretan, uste dute ez dutela kontuan hartu EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen 18. artikulua, eraldatutako lur zoru eta azpiegiturak berrerabiltzea lehenesten duena. Alde horretatik, Europako Batasunaren Itun Berdearen eta bioaniztasunaren estrategiarekin bat ez etortzea ere egotzi diote plangintzari. Ingurumen, kultur eta paisaia balio handia duen landa mosaiko baten galera lekarke Arabako lautadan eta Arabako Errioxan planteatzen den eguzki energiaren garapen horrek, Arabako ingurumen teknikarien ustez.

Ikusi gehiago: Zentral eolikoak egiteko 33 eremu hautatu ditu EAEko lurralde plan sektorialak

Zentral fotovoltaikoen ondorioak aztertu beharko dituztelakoan daude: lurren higadura, bero uharte efektua, ur kontsumoa, faunaren eta floraren gaineko eragina, suteak pizteko arriskua eta plakek eragingo luketen itsualdia, bai animalietan bai inguruotako pertsonengan. Halaber, nekazari lurren okupazioak zerbitzu ekosistemikoetan izango duen inpaktua ere neurtu behar dela uste dute, bai janari hornidurari dagokionez, bai karbono biltegiratzeari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.