Kokapen onaren bila

Realak eta Osasunak sasoi hasiera onari eutsi nahi diote. Txuri-urdinak Cadizen zelaian ariko dira; gorritxoek Valentzia jasoko dute Sadarren

Osasunako jokalariak gola ospatzen, Cadizen aurkako partidan. ROMAN RIOS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Realak partida ugari ditu datozen egunetan. Gaur Cadizen zelaian hasiko du norgehiagoken aldi jarraitua (18:30, Movistar). Espainiako ligako eta Europa ligako neurketak kontuan hartuta, zazpi aldiz jokatuko du datozen 22 egunetan. Bi txapelketetan hasiera on bat osatu eta udazkenari kokapen onean ekiteko baliatu nahi dute txuri-urdinek.

Realak egutegi exijentea du epe laburrean, baina Imanol Alguacil prestatzaileak ez du gaurko neurketaz harago begiratzen: «Bestela, nahastu egingo gara. Egin behar duguna da Cadizen aurkakoa ondo prestatu, eta hura irabazi. Hurrengoak? Etorriko dira gero».

Ligako laugarren jardunaldia da gaurkoa, eta orain artean jokatutako hiru partidetatik bi irabazita, gorengo postuetan indartuko duten hiru puntu eskuratu nahi ditu Realak. Cadizek, berriz, ez du partidarik irabazi, eta bi puntu soilik ditu. Egokitzapen prozesu betean dagoela esan du Imanolek: «Orain arte 4-4-2eskeman aritzen ziren, eta aurten 4-5-1 erabiltzen ari dira, eta erasoko arloan 4-3-3a, hegalekoen sakontasuna baliatuz. Gauzak aldatzen ari dira, eta goian estutzeko aukera badute, egingo dute».

Cadizen etxean aritzeko jokalari gehientsuenak prest ditu teknikari oriotarrak. Baita Alexander Isak ere; aurrelari suediarra ur aparretan ibili da bere selekzioarekin, eta, herenegun atseden hartu bazuen ere, «jokatzeko moduan» izango dela dio Imanolek. Realak bi gol sartu ditu azken jardunaldietan. Imanolek ez du presarik, ordea. Azpimarratu du «iaz ere, golak eskatzen» aritu zela sasoi hasieran, eta berandu baino lehen ailegatu zirela.

Dena den, prestatzaileak ohartarazi du aurkaria atzean indartsu aritzen den taldea dela. Cadizek baditu gabezia batzuk. Jon Ander Garrido getxoztarrak ez du jokatuko, eta ikusteko dago Jose Marik eta Alberto Pereak egingo duten: «Haien taldea aztertu dugu, jokatu dituzten partidak ere bai, eta, hamaikakoa jakin gabe asmatzea zaila den arren, argi dago Alvaro Cerveraren taldeari aukerak sortzea zaila dela. Azken partidan gertatu zitzaiena ez da ohikoa». Ordukoan, azken lau minutuetan bi gol sartu zizkion Osasunak, eta partida irauli egin zuen.

Onbidean segitzea xede

Hain justu, Cadizen aurkako garaipenak hauspotuta ariko da Osasuna. Sasoi hasiera egokia biribiltzeko asmoz ariko da Jagoba Arrasateren taldea, eta,gainera, zaleen bultzada handiagoa izangodu. Estadioaren %60 betetzeko baimena du Osasunak: 14.000 jarraitzaile izango dira Sadarren.

Haien bultzada baliatu nahi dute Valentzia menderatzeko (16:15, Movistar). Elkarren aurka Iruñean jokatu dituzten azken lau partidetatik bi berdindu egin dituzte, eta azken biak Osasunak irabazi ditu. Halaxe segitu nahi du Jagoba Arrasatek: «Uste dut taldeak egindako liga hasiera itxaropentsua dela, eta horri jarraipena eman nahi diogu. Valentzia oso aurkari indartsua da, baina talde handi hauen mailan egon gaitezkeela erakutsi nahi dugu».

Osasunak ondo ekin dio ligari. Jokatu dituen hiru partidetan garaipen bat eta bi berdinketa lotu ditu. Lehendabiziko jardunaldietan ate aurrean arriskua sortu du,baina Arrasatek iritzi du eraginkorragoak izan behar dutela: «Taldea baloia edukitzeko gai izan da, eta aukerak sortu ditu. Eraginkortasunean hobetu behar dugu».

Arrasatek jokatzeko moduan edukiko du taldearen zatirik handiena. Ante Budimirrek gainditu ditu arazo fisikoak, eta deialdian sartu du Berriatuko entrenatzaileak. Okerrik ezean, ordea, Kike Garciaren aldeko hautua egingo du Osasunako prestatzaileak. Kike Barja da gorritxoen hutsune bakarra; hegalekoak osatze bidean segitzen du. Valentziak, berriz, beren selekzioekin aritu diren zenbait jokalari falta izan ditu aste barruan, eta ikusteko dago Jose Bordalasek zelairatuko dituen ala atseden emango dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.