Grimes Miss Anthropocene

Apokalipsiaz

Diskoetxea: 4AD.

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Bost urte luze behar izan ditu Miss Anthropocene diskoak argia ikusteko, Art Angels entzunerraz haren ondorengoak. Sailkatzeko ere zailak ziren lehen lanetatik aldendu zen Grimes azken lan hartan, iluntasuna eta misterioa alde batera utzi, eta popularragokoak ziren erritmoak eta lurtarragoak ziruditen baliabideak erabiliz. Aldiz, lan berri honetan hasierako doinu horietara itzuli da, nahiz eta oraingoan produkzio askoz landuago batekin etorri. Gaur egungo munduari buruzko hausnarketa bat egiten du diskoak, askotan bideo jokoei erreferentzia eginez, eta gure garaiko inteligentzia artifiziala, katastrofismoa eta zalantzazko ezagutzak ere aipatuz. Melodiak, nola ez, ilun bezain gogoangarriak dira, eta inoiz baino tonu industrialagoa dute, musikariaren beraren alderik ilun eta bortitzena kanporatu nahi balute bezala, erreferentetzat izan duen Trent Reznorrek The Download Spiral lanean egin zuen moduan. Hala ere, bitxia da nola nahasten dituen horrelako abestiak pop lasaiagoko ukituak dituzten beste batzuekin, nahiz eta diskoak beti dirudien apokalipsia bizi duen planetari begira, sutan eta eztandaz beteta dagoen Lurrari so eginez. Eta, egia esan, sentsazio hori transmititzea lortzen du diskoa So Heavy I Fell to the Earth-ekin irekitzerakoan, edota energiaz beteriko Violence-n sumatzen den bortizkeriarekin. Darkseid eta New Gods abestietako atmosfera hipnotiko eta lausotuak estali egiten gaitu, ahultasuna eta etsipena zabalduz, eta entzulea nahastera eramateko modukoak dira. Lehen aipatutako pop doinu zuzenagoko abestiak ere badaude tarteka. Hori da, adibidez, entzuteko erraza den My Name is Dark kantuaren eta country zipriztin batzuez bustiriko Delete Forever abesti erromantikoaren kasua, zeintzuek argudiatzen baitute maitasunak apokalipsi horretatik salbatuko gaituela.

Miss Anthropocene osatzen duten abestien nahaste hau arraroa izan daiteke batzuentzat, zenbaitetan benetakoa edo behartua den baikortasun bat erakutsi nahian azaltzen baitzaigu Claire Elise Boucher musikari kanadarra, eta bere sormen musikala mugarik gabekoa baita. 4AEM eta IDORU, aldiz, abesti fin bezain konplexuak dira, eta, amaierako haizezko instrumentuek erakusten diguten bezala, Björken azken lanak ere ekar ditzakete gogora. Hala, ez dago zalantzarik oraindik erakusteko asko izan dezakeela, sormen agorrezin hori esploratzeko mila bide berri aurki baititzake, eta bere proiektu ausart eta futurista honek horretarako aukera ezin hobea ematen baitio.

Baina egin dezakeena alde batera utzita ere, ezin interesgarriagoa da argitaratu berri duen proposamena, kontzeptu batean oinarriturik hainbat estilo eta elementu josi baititu, entzulea epel utziko ez duen lana osatzeraino. Hedabideetan bere musikari bere inguru pertsonalari baino arreta gehiago eskainiko balitzaio, are baloratuagoa legoke artista hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.