Leganes 0 Osasuna 1

Osasunak ametsetako itzulera izan du, Leganesen irabazita

Julen Etxeberria.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Leganes. Cuellar; Rosales (Arnaiz, 77. min.), Bustintza(Marc Navarro, 67. min.), Tarin, Siovas, Jonathan Silva; Ruben Perez, Eraso (Recio, 67. min.), Oscar Rodriguez; Braithwaite eta En-Nesyri.

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Oier, Brasanac (Lillo, 93. min.); Rober Ibañez (Marc Cardona, 70. min.), Torres, Moncayola; eta Chimy Avila (Luis Perea, 82. min.).

Golak. 0-1: Chimy Avilak (75. min.).

Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Leganeseko Reciori; eta Osasunako Roberto Torresi, Chimy Avilari, Rober Ibañezi eta Moncayolari. Txartel gorria: Leganeseko Oscar Rodriguezi (92. min.).

Bestelakoak. 10.020 ikusle Butarquen.

Ametseteko denboraldia izan zen aurreko sasoia Osasunarentzat. Iruñeko taldeak era ikusgarrian lortu zuen Espainiako Lehen Mailara itzultzea. Behin maila nagusira iritsita, taldeko kide guztiek behin eta berriro ohartarazi dute sufritu egingo dutela denboraldi honetan, lan nekeza izango dela beste urtebetez onenekin aritzea.

Arrazoi dute, eta ezusterik ezean, Osasunak gogotik sufritu beharko du mailari eutsi nahi badu. Baina iritsiko da sufritzeko unea. Orain, gozatzen jarraitzeko momentua da. Izan ere, Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak jada ekin dio ligari, eta ezin hobeto ekin dio, irabazi egin baitzuen atzo Leganesen (Espainia) etxeko taldearen aurka: 0-1. Oso garaipen garrantzitsua da, estreinako partidan hiru puntuak lortzeak konfiantza handia eman ohi baitu, eta zer esanik ez Osasuna bezalako talde igo berri batentzat.

Ofizio handiz lortutako garaipena izan zen, gainera. Ez zuen partida ona jokatu Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak, baina ezta aurkariak ere. Neurketa ere oso txarra izan zen, beroaren eraginez apenas egon baitzen erritmorik. Halakoetan, jokaldi bakartu batek erabaki ohi du norgehiagoka, eta atzo ere halaxe izan zen. Chimy Avilak 75. minutuan sartutako gol ederrak eman zion garaipena Osasunari. Aurrelari argentinarra da Iruñeko taldeak egindako fitxaketa nagusienetako bat, eta atzo erakutsi zuen klubak bete-betean asmatu duela haren alde apustu eginda.

Gola sartu ostean sufritu egin zuen Osasunak, eta Leganesek gertu izan zuen gola, baina Rubenek salbatu egin zituen gorritxoak. Ametsetako itzulera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.