Batzuen poza, besteen tristezia

Philipsenek esprintean irabazi du Vueltako bosgarren etapa. Taaramae aukerarik gabe gelditu da, erori egin zelako, eta Elissonde jarri da lider. Bardet eta Nieve zauriz josita iritsi dira

Batzuen poza, besteen tristezia.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Irabazten badaki Jasper Philipsenek (Alpecin). Hala ari da erakusten Espainiako Vueltan. Garaipenek ihes egin zioten Frantziako Tourrean: hiru bider izan zen bigarren. Haatik, proba espainiarrean koska bat egin du gora. Hiru esprint besterik ez dira jokatu orain arte, eta horietatik bi irabazi ditu ziklista belgikarrak. Atzo, nagusitasunez gailendu zen Albaceten, Fabio Jakobsenen (Deceuninck) aurretik. Holandarrak ezin izan zuen bezperako garaipena berritu, oso atzetik abiatu behar izan baitzuen esprinta.

Philipsenen pozari Kenny Elissonderena (Trek) batu zitzaion. Izan ere, ezustean, maillot gorria eskuratu zuen. Eroriko batek eragin zuen lider aldaketa. Oso etapa lasaia izaten ari zen, haizearen mehatxua gorabehera, baina bukaerarako, 12 kilometroren faltan, erorketa jendetsua izan zen tropelaren aurrealdean. Kaltetuenak Romain Bardet (DSM) eta Mikel Nieve (Bike Exchange) izan ziren; urratuz beteta amaitu zuten etapa. Ion Izagirre (Astana) ere minberatuta sartu zen helmugan. Rein Taaramaek (Wanty) ez zuen asfaltoarekin talka egin, baina moztuta eta lidergoari eusteko inolako aukerarik gabe gelditu zen. Bezperan erori egin zen, baina ondoriorik gabe, azken hiru kilometroen barruan baitzegoen. Maillot gorriak ez dio batere zorte onik ekarri.

Oier Lazkanok (Caja Rural), Xabier Mikel Azparrenek (Euskaltel-Euskadi) eta Pelayo Sanchezek (Burgos BH) osatu zuten eguneko ihesaldia. Hiru lagunek nekez apurtu zezaketen tropelaren legea, eta, zazpi minutuko aldea ere lortu zuten arren, esperotako gidoia bete zen bukaeran. Lazkano iritsi zen urrutien; helmugatik 15 kilometrora harrapatu zuten. Tropela nahiko bizi zihoan, esprinterren taldeak soka tenkatzen hasiak baitziren. Haizeak gogor jotzen zuen, baina ez saihetsetik, eta, hartara, ez zuten lasterketa apurtzerik lortu.

Entresaka erorketak eragin zuen. Galbahea gainditu zutenek itxaron egin zieten atzetik zetozenei, eta batera helmugaratu ziren Bardet ez beste faborito guztiak, Philipsen buru izan zuen tropelean. Belgikarrak hirugarren garaipena du Vueltan, eta hamargarrena ziklista profesional gisa. Bezperan, gaizki kokatu zen; atzo, aldiz, esprinta bikain prestatu zion Alpecin taldeak.

Esprinterrek errematatzaileei utziko diete gaur tokia. Etapa laua izango da oro har, baina Cullerako gainean izango du helmuga. Hirugarren mailako mendatea da hori, motza 1,9 kilometro luze da baina gogorra %9,4koa du batez besteko pendiza. Vueltan ohikoak bihurtu dira halako bukaerak, eta gaurkoa aski izan daiteke liderren arteko buruz buruko lehia ikusteko. Baliteke haien artean jokatzea etapa, baina litekeena da iheslariek ere zeresana ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.