Osasunak hautagaitza sendotu nahi du bihar Malagan irabazita

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldiko azken herenera amestutako egoeran iritsi da Osasuna. Bi aste daramatza Espainiako Bigarren Mailako lider gisa, Sadarren Zaragozari irabazi zionetik, eta gero eta finkatuago dago zuzenean igotzeko postuetan. Bihar azterketa zorrotza izango du Malagan (Espainia). Rosaledan jokatuko den lehia gorritxoen ahala eta giharra neurtzeko termometro zehatza izango da, aurrean aurkari zuzen bat izango baitute. Lau puntura dute Lopez Muñizen taldea, eta bihar zazpira zabal dezakete errenta. Alegia, lehiakide bat paretik kenduko lukete kasik.

Konfiantzaz gainezka iritsiko dira Jagoba Arrasateren jokalariak, bigarren itzuliko lehen zazpi partidetatik sei irabazi eta bat berdindu baitituzte. Beste era batera esanda, azken 21 puntuetatik hemeretzi poltsikoratu dituzte. Partida horietako datuak xehatzen hasita, Osasunari gol bakarra sartu diote, eta berak bederatzi sartu ditu. Hau da, ez ditu gol asko sartu, baina bai puntuak erruz batzeko nahikoa, defentsako lan sendoari esker. Eta zenbakiez harago, sentipenak ere oso onak dira. Teknikariaren ideiak erabat barneratuta ditu taldeak, eta modu ia automatikoan ari da jokatzen.

Arrasatek denak ditu prest

Jokalari guztiak daude taldeari ekarpen ona egiteko pronto. Esaterako, Gimnasticen aurka makina bat jokalari gabe aritu arren, irabazi egin zuten iruindarrek. Lillo, Barja, Perea, Rober Ibañez eta Villar gabe jokatu zuten orduan. Biharko partidari begira, azken biak eskuragarri izango ditu Arrasatek. Erdilariak gainditu ditu arazo fisikoak, eta aurrelariak beste du zigorra. Bestalde, Clercek min hartuta utzi behar izan zuen zelaia Gimnasticen kontra, baina itxura guztien arabera, jokatzeko moduan egongo da bihar.

Lehen itzuliko partidan, gorritxoek 2-1 irabazi zioten Malagari, bigarren zatian partida iraulita. Espainiako taldea lider gisa heldu zen partida hartara, Osasuna baino hamabi puntu gehiagorekin. Hamasei jardunaldi igaro dira geroztik, eta asko aldatu dira gauzak: 38 puntu batu dituzte nafarrek, Malagak baino hamahiru gehiago, eta hala, Lehen Mailara igotzeko faborito bihurtu. Bihar, hautagaitza areago sendotzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.