Zakua arrazoiz beteta

Realak Valladolid hartuko du gaur arratsaldean, Anoetan. Sergio Gonzalezen taldeak soilik bi puntu eskuratu ditu azken bost partidetan

Adnan Januzaj, asteazkenean Celatari Espainiako Kopan sartutako gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Aurkaria baino gehiago, testuingurua izango da Realak gaur arratsaldean jokatuko duen partidaren pizgarria. Donostiarrek Valladolid izango dute aurkari Anoetan, eta zaku bat arrazoi dute espainiarrei irabazteko. Sailkapenean goiko postuei begira jarrita daude txuri-urdinak, eta Europa Ligarako postuetara gerturatzeko garrantzitsua da gaurkoa bezalako partidak irabaztea. Sergio Gonzalezek zuzendutako taldeak indartsu ekin zion ligari, baina oraintxe Realak baino bi puntu gutxiago ditu sailkapenean. Azken bost partidetan ez du garaipenik lortu.

Asier Garitano Realeko entrenatzaileak argi du irabaztea dela xedea: «Helburua onenengatik gertuago egotea da, baina, horretarako, gure bertsiorik onena eskaini behar dugu astero. Pauso hori eman nahi dugu».

Azken partidetan txukun aritu da Reala, baina hiru puntuek ihes egin diote zenbait partidatan. Iragan igandean, esaterako, aurrea hartzeko aukerak izan zituen Betisen zelaian, baina esku hutsik itzuli ziren: «Ongi sentitu gara, baina emaitzaren batek huts egin digu. Lehen zortzien artean kokatu nahi dugu», zehaztu zuen atzo Garitanok.

Valladolid ez da horretarako aurkaririk txarrena. Bi taldeek 39 aldiz jokatu dute elkarren aurka Donostian, eta Reala gailendu da haietatik 27tan. Halere, estatistikei jaramon handirik ez die egin nahi Garitanok, Valladolid kontuan hartzeko moduko taldea dela uste baitu: «Oso ondo landutako taldea da, etakanpoan emaitza onak lortu ditu».

Aitor Zabaleta omentzea da garaipena eskuratzen saiatzeko pisuzko beste arrazoia. Atzo bete ziren 20 urte Bastion 1903 talde faxistak hil zuenetik, eta hura omentzeko ekitaldiak egingo dituzte partidaren aurretik; Realak hari eskaini nahi dio garaipena.

REALA-VALLADOLID

Reala. Moya; Zaldua, Le Normand, H. Moreno, Theo; Merino, Illarramendi, Zubeldia; Januzaj, Oiartzabal eta Willian Jose.

Valladolid. Jordi Masip; Antoñito, Kiko Olivas, Calero, Nacho; Daniele Verde, Míchel, Ruben Alcaraz, Toni Villa; Oscar Plano eta Enes Unal.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.