Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Eneritz Vadillo. Laboral Kutxako txirrindularia

«Eman baino gehiago, jaso egin behar dut; ikastea dagokit»

Iaz erlojupeko proban gazte mailako Espainiako txapeldun izan ostean, Eneritz Vadillok aurtengoa du lehen urtea profesionaletan. Laboral Kutxan ari da, eta estreinakoz lehiatuko da Itzulian.

«Eman baino gehiago, jaso egin behar dut; ikastea dagokit».
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Gaur hasiko da 2023ko Euskal Herriko Itzulia, eta lau euskal talde izango dira hartan: Movistar, Sopela, Bizkaia-Durango eta Laboral Kutxa. Azken horretako txirrindularia da Eneritz Vadillo (Gorliz, Bizkaia, 2004), tropelean izango diren sei euskal txirrindularietako bat. Aurten egin du debuta profesionaletan, eta lehen aldiz arituko da Itzulian. «Gogotsu» dago etxeko lasterketan aritzeko, eta «gozatzea» du helburu.

Zure lehen urtea da profesionaletan. Zer moduz zaude?

Hasieran uste nuen baino hobeto ari naiz, egia esan. Errendimenduari zegokionez ez nuen uste gaizki arituko nintzenik, baina ezta ematen ari naizen maila emango nuenik ere. Aurrean ikusi dut neure burua askotan, baita irabazteko lehian ere noizbait. Gainera, asko disfrutatzen ari naiz, eta ikusi dut txirrindularitza asko gustatzen zaidala. Oraindik asko daukat ikasteko, orain arte ezagutu dudan txirrindularitzarekin alderatuta oso desberdina baita, baina oso gustura nago oraingoz. Gozatzen ari naiz.

Zertan ikusi duzu aldaketarik nabarmenena?

Ez dauka zerikusirik. Orain arte, 80 kilometro inguruko lasterketetan aritzen nintzen, eta, orain, 130 kilometroren bueltan daude gehienak. World Tourreko tropel batean dauden txirrindulari guztiek bizikletaren kontrol handia daukate. Ez dira tarte txiki batean sartzeagatik lehiatzen, eta hori asko ikusten da, adibidez, Espainiako Kopan. Tropelean askoz txirrindulari gehiago daude, baina, hala ere, askoz seguruago sentitzen naiz haien alboan.

Helbururik jarri zenion zeure buruari lehen urte honetarako?

Hasieran, ez nion helbururik jarri neure buruari. Taldeari ahal bezainbeste laguntzea, besterik gabe. Ez nekien zer mailatan arituko nintzen, eta pixkanaka joan nahi nuen. Baina iaz gazte mailako Espainiako txapeldun izan nintzen erlojupeko proban, eta, orain, nire onena eman nahi dut diziplina horretan. Lehian aritu behintzat. Bestela, lasterketetan aurrean egon nahi dut, eta ikasten jarraitu.

Zer eskaini diezaiokezu taldeari?

Esango nuke eman baino gehiago jaso egin behar dudala; ikastea dagokit. Nire lehen urtea da, eta, gainera, taldeko gazteena naiz. Taldekide askok esperientzia handia daukate, eta haiei entzunda ikasi nahi dut. Noski, nik ere badaukat taldeari zer eskaini, baina ikasi egin nahi dut, batez ere.

Txirrindularitza eta ikasketak uztartzen ari zara. Nola daramazu hori?

Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua ikasten ari naiz, eta ez da erraza biak uztartzea. Sokatik tiraka aritu behar duzu, alde batetik bestera, denerako denbora izateko. Egia esateko, astelehenetik ostiralera zoramena izaten da, eta ez dakit nola egiten dudan ere. Ondo antolatzea da kontua, eta dituzun tarte txiki horiek aprobetxatzea.

Zure lehen Euskal Herriko Itzulia izango da. Ilusio berezia piztuko dizu, ezta?

Bai, ilusio handia pizten dit Itzulian egoteak. Etxeko lasterketa da, eta telebistatik ikusten ditudan txirrindularien ondoan arituko naiz. Gainera, lehen etapan Markina inguruan arituko gara, eta asko entrenatu izan naiz inguru horretan. Ez da nire etxea, baina etxetzat daukat.

Horrelako zerbaitekin amets egiten zenuen txikitan?

Anaia hasi zen txirrindularitzan, eta hura bezala hasi nintzen ni ere, 9 urterekin. Gustatu egin zitzaidan, baina, egia esateko, ez nion arreta handirik jartzen txirrindularitza profesionalari. Gustura entrenatzen nintzen, eta pozik joaten nintzen lasterketetara. Urteak aurrera joan ahala hasi nintzen profesionalak ikusten, baina inoiz ez nuen pentsatu ere egin Euskal Herriko Itzulian Van Vleutenekin egon nintekeela.

Zein da taldearen helburu nagusia Itzulian?

Oraindik talde barruan hitz egin behar dugu, baina, batez ere, zaleek ikusi behar gaituzte. World Tourreko hainbeste talderen artean egonda, ahalik eta maila onena eman behar dugu, eta hor gaudela erakutsi. Horretarako, gauza txikiagoak lortzeko lehiatu behar dugu. Adibidez, ihesaldietan egoteko edo mendiko maillota lortzeko.

Ibilbidea ikusita, zeintzuk dira aurtengo Itzuliak dituen gunerik gogorrenak?

Etapa guztiak dira gogorrak, eta desnibelik ez dagoen tokietan ere lasterketa gogortzen ahaleginduko dira faboritoen taldeak. Nik lehenengo etapa ezagutzen dut ondoen, eta, Ondarroako bihurguneetan talderen bat tiraka hasten bada, hasieratik ikusiko da lehia bizia. Azken etapan mendate gogorrak daude, luze xamarrak gainera. Baina, hala ere, etapa guztietan edozer gauza gerta daiteke, maila handiko txirrindulariak baitaude.

Vollering eta Van Vleuten dira irabazteko faborito nagusiak. Nola ikusten duzu bien arteko lehia?

Oso gogorra. Esan beharra daukat niri Vollering asko gustatzen zaidala, eta ilusio berezia egingo lidake hark irabazteak. Oso lehia parekatua ikusten dut, biak bolada bikainean baitaude, baina ni Volleringen aldekoa naiz. Gainera, Van Vleutenek asko irabazi du jada! [barrez].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.