ADABAKI BAT ZULOA ESTALTZEKO

Langile autonomoen kotizazio sistema berria indarrean sartu da urte berriarekin batera. Hileroko kuota zertxobait handitzearen truke, langabezia tasa eta gizarte babesa izango dituzte. Diru sarreren arabera kotizatzea lortu arteko behin-behineko neurritzat hartu dute autonomoek, halere.

aitor biain
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Langile autonomoen kotizazio sistema berria indarrean sartu da dagoeneko, urte berriarekin batera. Joan den urte amaieran sinatu zuten akordioa Espainiako Gobernuaren Enplegu Ministerioak eta autonomoen elkarteek. Luze jo zuten negoziazioek, asteetako kontua izan zen, baina itunarekin pozik eta gustura azaldu dira gehienak, urteetan egindako eskari nagusiak bete egingo direlako. Are, «historikotzat» ere jo dute akordioa askok. Izan ere, hitzarmen horri esker, gainerako langileek duten gizarte babes bera izango dute aurrerantzean autonomoek ere. Hego Euskal Herriari dagokionez, 220.000 langile ingururi eragingo die aldaketak.

Itunak jasotzen duen aldaketarik nabarmenena hau da: irabazien arabera kotizatzeko aukera onartu die gobernuak langile autonomoei. Urte honetan bertan sistema hori nola egikaritu adosteko eta datorren urtean martxan jartzeko konpromisoa agertu du Enplegu Ministerioak. Kolektiboak denbora luzez egindako eskaera izan da. Martxan jarri bitartean, ordea, erdibideko sistema bat adostu dute bi aldeek: «Adabaki bat», autonomoen elkarteen hitzetan.

Neurri horren arabera, langile autonomoek %1,25 igoko dute gutxieneko kotizazio oinarria hil honetatik aurrera, eta kotizazio tasa %30era igoko da. Edo, bestela esanda, orain artean baino bost euro gehiago ordaindu beharko dute hilero: 64 euro gehiago urtean. Sozietate autonomoen kasuan, berriz, ia zazpi euro handituko da hileroko kuota 6,89 euro.

Lanbide arteko gutxieneko soldata 900 eurora igotzeak eragin du autonomoen kotizazio sistemaren aldaketa, hein batean. Izan ere, elkar lotuta joan dira biak orain artean: hau da, autonomoen kotizazio kuotak gutxieneko soldataren igoeraren arabera hazi dira azken urteetan. Bada, gutxieneko soldata %22,3 igo denez, berez, autonomoen kotizazio kuota %12,25 igo beharko litzateke. Eta hori, «astakeria bat» litzateke Silvia Martinez UPTA Euskadi elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan. «Gehiegizkoa litzateke bat-batean horrelako igoera bat izatea, batez ere, historikoki %1,2 inguru igo delako batez beste».

Izan ere, ia hamar langile autonomotik bederatzik gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen dute Gizarte Segurantzan. Bada, kotizazio kuota hori ezingo luke ordaindu autonomoen gehiengoak. Hala iritzi dio Emi Sanchez ATA- EAE Euskal Autonomoen Elkarteko kudeatzaileak: «Deskalabru bat litzateke gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen duten langileentzat; eta hori gehiengoa direla. Pentsaezina da horrelakorik». Gustura agertu da hitzarmenarekin Sanchez ere, baina diru sarreren araberako kotizazio sistema martxan jarri beharraz ohartarazi du. «Uste dugu sistemarik justuena hori dela».

Gizarte babesa trukean

Kotizazio oinarriak eta kuotak igotzeak eragingo du onurarik trukean, halere. Izan ere, orain arte ez zituzten gizarte babesak izango dituzte langile autonomoek, beste edozein langilek dituen berberak. Besteak beste, langabezia saria izango dute, gaixoaldian daudenean Gizarte Segurantzatik kobratuko dute, eta formakuntza eguneratzeko aukera izango dute hemendik aurrera.

Kotizatutako zenbatekoaren araberako laguntzak jasotzeko eskubidea du langile autonomo batek egun. Baina hautazkoa du gaixoaldian, lan istripuen kasuetan edo lan jarduera eteteagatik kotizatzea. «Egun, autonomoen gehiengoak ez du kotizatzen kasu horietan, oso zaila izaten baita eskatzen diren baldintzak betetzea. Horrez gain, egin beharreko tramitea ere handiegia da, eta askok uste dute ez duela merezi», adierazi du Martinezek. Hitzarmen berriari esker, ordea, derrigorrezkoa izango da, eta langile autonomo guztiek kotizatu beharko dute kasu horietan. «Autonomoei ulertarazi nahi zaie oinarrizkoa dela kutxa bakarrean ekarpenak egitea haren onurak jaso nahi badira, baina ez soilik erretiroa hartzean, baita lanean ari diren bitartean ere».

Horiek hala, gaixoaldiaren lehen egunetik ordainduko zaie langile autonomoei. Kasu horietan gainera, gaixoaldiaren bigarren hilabetetik aurrera Gizarte Segurantzari kuotarik ez ordaintzeko aukera ere izango dute. «Benetako langabezia sariaren antzeko laguntza» izango dute autonomoek, Sanchezen esanetan. Era berean, bikoiztu egingo da langabezia saria jasotzeko gehienezko epea: hamabi hilabetekoa zen, eta 24 hilabetera igaroko da orain.

Amatasun aldian daudenek ere laguntzak jaso ondorengo 24 hilabeteren buruan 60 euroko tarifa laua ordaintzeko aukera izango dute urtebetez. «Beste edozein langilerentzat oinarrizko laguntzak izan daitezke, baina orain arte guk ez genuen horrelakorik. Pixkanaka lortzen ari gara, eta hitzarmen honetan jasotakoa lorpen garrantzitsu bat da guztiontzat; behar handia zegoen».

Geratzen diren erronkak

Begi onez hartu dute ituna autonomo elkarte guztiek, baina ez ditu guztiz gogobete. «Urratsa» egin dela aitortu arren, argi dute helburua irabazien araberako kotizazio sistema izan behar dela. Bide horretan lan egin behar dela dio Martinezek. «Akordioa ona da; batez ere, zubigintza lana egin dezan lortu nahi dugunera iritsi ahal izateko».

Badira itun sinatu berrian aintzat hartu ez diren eskakizunak, ordea. Martinezek, esaterako, gogorarazi du kotizazio oinarria aukeratzea hautazkoa dela oraindik ere. Horrek pentsioetan duen eraginaz ohartarazi du UPTA Euskadiko idazkari nagusiak: «Ez da gauza bera merkatari txiki bat edo notario bat izatea. Urtean 15.000 euroren irabaziak dituen autonomo batek nahitaez gutxieneko oinarriaren arabera kotizatu behar du; aldiz, notario batek gauza berbera egin dezake irabazi handiagoak izanagatik. Etorkizunean, merkatariak pentsio oso txikia izango du, eta notarioak, berriz, pentsio plan pribatu bat kontratatu dezake hori konpentsatzeko. Ez da justua: alde batetik, Gizarte Segurantzari egindako ekarpena oso urria delako; eta, bestetik, gainerako autonomoek ez dituzten onurak dituelako».

Akordioak jaso ez dituen beste zenbait neurri zerrendatu ditu Sanchezek, halaber. ATA-EAE elkarteko kudeatzailearen arabera, «oinarrizkoak» izan beharko lukete, era berean, etxean lan egiten duten autonomoentzako horniduren kenkaria %10etik %50era igotzea, auto propioaren erabileraren gastuak aintzat hartzea, eta lanaldi erdiz autonomo direnek hala kotizatzeko aukera izatea. «Ekonomia beltza sustatzen dute, eta hori ez da onuragarria inorentzat».

Hain zuzen, Espainiako Gobernuak ohartarazi du gogortu egingo dituela autonomo faltsuen edo kontratazioetan egiten diren iruzurren aurkako zigorrak. Gizarte Segurantzari ez ordaintzeko, enpresarekin kontratua duten langileak autonomotzat jotzen dituzten enpresarien «trikimailuak amaitzea» du helburu,eta 10.000 eurorainoko isunak jarriko ditu horiek eragozteko. Azkenaldian iruzur horien inguruko berriak ugaritu egin badira ere, autonomoen elkarteek gogorarazi dute arazoa «beti» egon dela, «nahiz eta langile horiek sektorez aldatu diren azken urteetan».

Martinezek ohartarazi du datuak «kezkagarriak» direla. Izan ere, haren hitzetan, deigarria da orain arte autonomoen presentzia urria zuten sektoreetan izan den gorakada. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azaroko datuak eman ditu: eraikuntzan %22 jaitsi da autonomo kopurua; merkataritzan, %48; eta ostalaritzan, %20, hurrenez hurren. Aldiz, %30 inguru hazi da komunikazioaren alorrean eta finantza eta aseguruetan, eta %110 hezkuntzan. «Kezkagarriena da handitu behar ez luketen sektoreetan hazi dela autonomoen kopurua. Hor erdian egon daitekeen burbuila hori lehertzeko modurik eraginkorrena bilatu behar da». Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren arteko informazio trukaketak egitea eta ikuskaritzak handitzea proposatu du horretarako.

Krisiaren eragina

Autonomoek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena «garrantzitsua» dela nabarmendu dute elkarteetako ordezkariek. «Tradizio handia» egon da Martinezen hitzetan: «Lanpostuak sortzen dituen kolektibo garrantzitsua da, egonkortasun nabarmen bat izan ohi duena». Krisiak izan du eraginik sektorean, ordea. Izan ere, askok ez dute autonomo jardutea baino beste aukerarik izan, «baldintza negargarrietan lan egin behar izan badute ere. Administrazioak ere hori bultzatu du tarifa laua eta halako neurriekin: «50 euro besterik ez dira, probatu». Argudio hori ez da egokia izan».

Haren hitzetan, arrazoibide horrek albo kalteak ere eragin ditu; izan ere, behin tarifa lauaren aurreneko urtea pasatuta, ia hamar autonomotik bederatzik negozioa ixten dute. «Zer pentsatua ematen du. Egun, laguntzarik gehienak ekintzailetzaren burbuila deitzen diogun horretara bideratuta daude, baina ez dago hogei urtez autonomo ari den langile bat babesteko neurririk. Horiek ere aintzat hartu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.