Donostiako Aste Nagusia

Euriak egitaraua ere busti du

Euria izan da azken egunetako osagai nagusia. Tamalez, Aste Nagusiko ekitaldi batzuetan eragina izan du, baina, hala ere, moldaketak egin dituzte festak aurrera jarrai dezan.

Turistek euriari eta haize bolada bortitzei egin behar izan zieten aurre atzo. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Hainbeste eskatzen zen euria iritsi da Euskal Herrira, baina ez oso momentu onean donostiarrentzat. Asteazkeneko su festak eta kontzertuak bertan behera geratu ziren euriarengatik, eta Aste Nagusiko egitaraua ere kolokan jarri du.

Euria eta haizea izan dira gailen goizean goizetik. Kalean kolore guztietako aterkiak ikus daitezke. Hizkuntzarengatik ez ezik, bestela ere nabari da zein den turista: plastikozko zira luzeak daramatzate-eta soinean. Batzuk badoaz maletekin, eta beste batzuk, aterpe bila dabiltza. Taberna eta kafetegien barrualdeak jendez lepo. Bada turista ausarten talderen bat ere. Gidariari jarraitzen diote euriari eta haize zakarrari aurre eginez, eta haren azalpenak arkupe batean gotortuta entzuten dituzte.

Ez da eguraldi aproposa kalean ibiltzeko, eta jendearen joan-etorria nabarmen jaitsi dela nabaritu du Aloña Oiartzabal baserritarrak. Aste Nagusia hasi zenetik, Loiola kaleko nekazaritza produktuen azokan postua jarria du. «Aste Nagusian zehar oso ongi joan dira salmentak, baina gaurez da ia inor gerturatu», esan du,penaz. Hamar urte inguru daramatza Oiartzabalek Eguzkiborda baserriko produktuak hiriburura ekartzen.

Bulebarrak egun hauetako bizitasuna galdu du. Ez dago jende olderik, eta lasai ibil daiteke, inorekin talka egin gabe. Maria Luisa Cuevas eta haren senarra lagun batzuekin etorri dira Donostiara. Chiclanatik (Espainia) datoz laurak. Donostia asko gustatu zaiela diote, eta parranda egiteko aukera ere izan omen dute: «Aurrekoan, kaian zeuden kontzertuetan egon ginen, eta oso ondo pasatu genuen», azaldu du Cuevasek. Eguraldi txarrari aurre egiteko, tabernarik taberna pintxoak jaten ibiliko direla azaldu du laukoteak.

Euritan dantzan

Parte Zaharrean, Portaleta ingurura hurbildu ahala, trikiti doinuak entzuten dira. Izan ere, Pirata Bihurrien kofradiak, eguraldi kaskarrari aurre eginez, eta moldaketa batzuekin, Haurren Egunarekin aurrera egitea erabaki du. Haurrak aulki jokoan dabiltza, eta talde polita osatu dute.

Urgullen egin behar zuen erromeria kofradiak, eta ondoren kalejiran denak batera kaira jaitsi behar ziren abordatze txikirako. Baina azkenean, egitaraua aldatu behar izan dute.

«Familiak eta haurrak etorri dira, beraz, eguraldiak uzten digunaren arabera, inprobisatzen joango gara», esan du Amaia Zurutuzak, Pirata Bihurrien kideak. Abordatze txikia ere egitekoak ziren, kaiko arrapalan, baina bertan behera uztea erabaki dute hau ere. «20. urteurrenaren bueltan, abordatzeaz gain, ginkana moduko bat genuen prestatua uretan haurrentzat, baina hurrengo urtean egin beharko dugu», azaldu du, penaz, Elena del Puertok.

Zailtasunak zailtasun, piratek ez dute festa alde batera utzi. 12:00etan, Iratzar erromeriarekin egin dute dantza haurrek eta helduek, eta ondoren bazkaria izan dute Flamenka gunearen karpa azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.