Albistea entzun

Donostiako Aste Nagusia

Puntu eder bat orbanen artean

Indarkeria sexistaren aurka jarritako puntu moreak oso harrera ona izan du jendearen artean. Bulebarreko artatze gunea «erreferentziazko babes espazio» bihurtu dela diote han ari direnek.
Bi neska, puntu morean informazioa eskatzen, atzo.
Bi neska, puntu morean informazioa eskatzen, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko abuztuak 18 - Donostia

Erabili beharrik ez izateko bokazioz sortu zen Donostiako Bulebarrean jarrita dagoen puntu morea, baina halako gizarte eredu batetik «oso urruti» gaudela diote han lanean ari diren Emagineko kideek: «Bide luzea dago oraindik egiteko». Donostiako Udalaren, Piraten eta mugimendu feministaren arteko elkarlanaren emaitza izan da artatze gune hori, eta oso harrera ona izan du. «Erreferentziazko babes espazio» bihurtu da, Miren Arangurenek nabarmendu duenez.

Eragile guztiak «komunikatuta eta koordinatuta» egotearen garrantzia azpimarratu du Nora Unanuek —bi kide horiek ari ziren atzo eguerdiko txandan lanean—. «Koordinazio horrek balio handia ematen dio eremu bakoitzari, antolakuntzari... Potentzialtasun handiagoa du horrela. Mugimendu feministako kideok urteetan esan duguna da, azken batean: koordinazioa, artikulazioa eta elkarlana badago, jendearengana gehiago eta errazago iristen gara», gaineratu du Arangurenek.

Indarkeria sexistaren aurkako arta profesionala ematen dute puntu morean; salaketa jartzeko eta bideratzeko gunea ere bada, eta informaziorako gunea ere bai —hainbat eskuorri daude azalpenekin, kontaktuekin, egin beharreko urratsekin...—. Lehen aldiz jarri dute halako bat Donostiako Aste Nagusian, baina ez da ekinbide berria. «Badira urte batzuk halakoak egiten direla herri eta hiriburu askotan. Duela urte batzuk, gehiago kostako zitzaigukeen hau erreferentziazko gune bat izatea erasoak gertatzean, baina gaur egun, bada», azaldu du Arangurenek.

Neska gazteak gehienak

Badabil jendea puntu morean. Turismo bulegoa delakoan turista despistatu batzuk, eta Ziztadarik ez dioten txaparik ba ote dagoen galdezka dabilen bildumagile ernegagarriren bat ere bai, tartean. Baina jendea gerturatzen da, eta eskatzen du informazioa. Eguerdia da, eta Emagineko kideak lasaiago dabiltza. Gauerditik aurrera izaten dute mugimendu handiagoa. «Neska gazteak izaten dira asko, galdetzen dutenak noiz arte daukagun hau zabalik», azaldu du Unanuek. Eta garrantzi handia eman dio horri Arangurenek: «Hau espazio bereziki interesgarri bat da lehen aldiz ateratzen diren nerabe eta gazte horientzat, sentitzen dutelako badutela nora jo, badutelako ulertuko dituzten toki bat, erreferentziazko toki bat, babes bat».

Aste Nagusia azken txanpan sartu da, eta puntu morea puntu eder bat bihurtu da eraso eta ziztaden orbanen artean. 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara irekiko dute gaur, eta 17:00etatik 05:00etara bihar eta etzi. Arangurenena da azken hausnarketa: «Festetan alarma pizten zaigu, eraso gehiago egongo direlako beldurrez edo, baina uste dut urte guztiko lana egiten jarraitu behar dela, bai gazteekin eta baita helduekin ere. Jai guneetan eta baita bestelakoetan ere, eta horrek ekarriko du, ekartzekotan, beste zerbait».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Errepidetik goaz lekua aldarrikatzeko»

Olaia L. Garaialde

Gehienetan bizikletan doa Arguelles, eta sendabelarrak identifikatzeko eta erreka garbitzeko ibilaldiak egiten ditu: «Askotan egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik».
1 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Mikroak piztu, ezagutarazteko

Olaia L. Garaialde

Musikaz gozatzeko antolatzen dituzte mikro irekiak. «Lagun arteko» gune «erosoak» dira, jendea ezagutzeko, elkartzeko, norberaren artea ezagutarazteko eta lehenengo aldiz publikoaren aurrean jotzeko. Horren adibide dira Toki Leza taberna eta Open Mikros egitasmoa.
ETB1ek <em>Beste egun bat bizirik</em> filma (2017) eman zuen atzo, euskarara bikoiztuta, 23:30ean. ©ETB

EITBk esan du euskarazko zinema «erreserban» dutela, «aldi batez»

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusiak EH Bilduri erantzun dio emisio leiho digitala lehenesten duela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...