Albistea entzun

Hidrari burua mozteko ahalegina

Immunoterapiari erresistente zaizkion biriketako minbiziek tratamenduei erantzutea lortu dute CIMAko ikertzaileek. Minbizien artean, hori da munduan pertsona gehien hiltzen duena.
Genetikoki eraldatutako saguaren irudia; biriketako minbizia morez ikusten da.
Genetikoki eraldatutako saguaren irudia; biriketako minbizia morez ikusten da. NIH NATIONAL INSTITUTES OF HEALTH Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko urtarrilak 20 - Iruñea

Biriketakoa da munduan gehien hiltzen duen minbizia: gaixotasun horrek eragindako heriotzen %25en erantzule da. Horren arrazoi nagusietako bat da ez dela garaiz harrapatzen, birikak ez baitu nozizeptorerik, eta, beraz, ez da minik sumatzen tumorea beste eremu batzuetara zabaldu den arte. Badira tratamenduak: kimioterapia, erradioterapia eta, duela gutxitik, tratamenduen «gailurra»: immunologia. Gaur-gaurkoz, pazienteen %15ek erantzuten diote immunoterapiari; horregatik hasi dira ehuneko hori zabaltzeko lanetan. Gaitzari buru bat mozteko gakoa DSTYK proteina dela aurkitu dute CIMAko ikerlariek.

Journal of Experimental Medicine aldizkarian argitaratu dute lana, eta Karmele Valencia ikertzailea da lehenbizi sinatzen duena. «Ikusi dugu DSTYK proteina alteratua dagoela pazienteen %7tan; gutxi dela dirudi, baina paziente kopuru handia da», esan du. Espero baino proteina gehiago izaten dute. «Tumore zeluletan proteina inhibitu edo nokeatzen badugu, ikusi dugu immunoterapiari erantzuten diotela, aurretik ez bezala». Bestela, paziente horiek ezin izanen liokete tratamenduari erantzun.

Minbizia Lernako hidrarekin alderatu du Valenciak, Greziako mitologiako izakia, suge itxurakoa. «Buru bat mozten ziotenero, bi ateratzen zitzaizkion. Tumore zelulek tresna asko dituzte, eta tratamenduei aurre egiten diete. Minbiziari alde askotatik egin behar zaio aurre: buruak moztu bitartean, zernahi egin behar da berriro ez daitezen erreproduzi».

DSTYK proteina jomugan

Ikusi dutenez, tumore zelulak «oso alteraturik» daude, eta autofagia aktibaturik dute. «Zelula hauek oso aurkako inguruan bizi dira, etengabe egiten diete eraso; beraz, elikagaiak ingurutik hartu beharrean, beraien burua jaten dute modu kontrolatuan; elurrak erabat estalitako mendizaleek pixarekin egiten duten bezala». Autofagia funtzioan DSTYK proteinak parte hartzen duela ikusi dute. «Proteina inhibitzean zelularen digestio prozesu hori eteten ari gara. Betekada zelularra eragiten diogu». Hori dela eta, edozein erasoren aurrean babesgabe gelditzen dira, baita immunoterapiaren aurrean ere. Orain inhibitzaileak garatu nahi dituzte.

Aurkikuntzak eraginkorrak diren tratamendu berriei eta konbinazio berriei ateak ireki diezazkieke, ikerlariaren arabera: «Tumoreei buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeki jakinen dugu haien aurka nola egin. Alde horretatik, proteina edo molekula berrien ezagutzak aurrerapausoak dira». Gainera, ohartu dira DSTYK beste minbizi mota batzuetan ageri dela: hepatokartzinoma, bular kartzinoma, melanoma...

Nolanahi ere, prebentzioa azpimarratu du Valenciak. Irudi proba batekin identifika liteke minbizia, nahiz eta garestia izan. «Garaiz harrapatzen denean sendatzeko benetako aukera dago».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Moda egiteko beste modu bat

Amaia Jimenez Larrea

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Naizen elkartearen aurkezpen eguneko argazkia, Donostiako Antzoki Zaharrean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Naizendarren festa

Ane Insausti Barandiaran

Naizen elkarteak Bigarren Hezkuntzarako sortutako ikus-entzunezkoak eta kamiseta berriaren diseinua aurkeztuko ditu gaur, urteroko festan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...