Garitanok zenbait aldaketa egin beharko ditu Celtaren aurka aritzeko

Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Realak Celta hartuko du bihar Anoetan (21:00, Gol). Etxeko lehendabiziko garaipena eskuratzeko irrikarekin ekingo diote neurketari txuri-urdinek, baina Galiziako taldea ez da hori lortzeko aurkaririk samurrena. Bi puntu atzetik dago sailkapenean, baina ofizio handi du. Pizgarri berezi bat ere badute, gainera, Donostiako partidarako: Miguel Cardoso entrenatzaileak lehendabiziko partida izango du Celtaren aulkian.

Litekeena da, halaber, Vigokoen hamaikakoan ere debuta egingo duenik egotea. Zigortuta dago Hugo Mallo, eta Kevin Vazquezek jokatuko du haren lekuan. Oraindik ez da aritu ligan, eta azaroaren lehenean aritu zen estreinakoz Celtako talde nagusiarekin; Espainiako Kopan izan zen, hain justu, Realaren aurka. Bestalde, Stanislav Lobotkaren baja segurua izango dute galiziarrek, berriz ere min hartu baitu.

Hamaikako itxuraldatua aurkeztuko dute txuri-urdinek ere. Zigortuta dago Asier Illarramendi, eta min hartuta dago Aritz Elustondo. Mikel Oiartzabal, aldiz, zalantza izango da azken ordura arte. Alabaina, Illarramendi eta Elustondo ordezkatu ditzaketen bi jokalari prest izango dituela aurreratu du Asier Garitano entrenatzaileak: «Mikel Merino eta Joseba Zaldua jokatzeko moduan daude, baita Igor Zubeldia ere».

Aitor Zabaleta gogoan

Datorren abenduaren 8an 20 urte beteko dira Atletico Madril eta Realaren arteko UEFAko partida baten atarian Aitor Zabaleta jarraitzailea hil zuela Bastion talde faxistak.

Urtemuga gogora ekartzeko, ekitaldi sorta bat antolatu du Aitor Bizirik herri ekimenak. Abenduaren 9an egingo dituzte, etahauek izango dira: Aitor Zabaleta Areto Futboleko Txapelketa (10:00etan, Igara auzoan); Herri Bazkaria (14:00etan); eta, manifestazioa Bulebarretik Anoetara (16:30). Realak Valladoliden aurka jokatuko duen norgehiagokaren atariko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.