Txapelak jabe berria izango du

Aro modernoko Banakako Euskal Pentatloiaren laugarren aldiaren finala jokatuko dute bihar. Zer gerta ere, beste txapeldun bat izango da, aurreko hiru urteetako irabazle Xabier Zalduak ez baitu parte hartuko. Sei herri kirolari ariko dira lehian.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, iaz, binakako pentatloian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bi kanporaketek galbahe lanak egin dituzte. Sei herri kirolari arituko dira bihar gauean Azpeitiko zezen plazan Banakako Pentatloiaren finalean. Xabier Zalduak irabazi ditu azken hiru ekitaldiak, baina ez da arituko. Beraz, txapelak jabe berria izango du. Sei dira hautagaiak, eta lanak hauek: ehun kiloko bola 25 aldiz altxatu; 400 kiloko harriarekin bi plaza egin (56 metro); hiru kana-erdiko moztu; 50 kiloko txingekin sei plaza egin (168 metro); eta plazari 30 buelta korrika (hiru kilometro).

1. Gustura geratu zinen finalerdietako lanarekin?
2. Zer lani diozu errespetu handien?
3. Zer lanetan moldatzen zara ondoen?
4. Nor da irabazteko hautagai nagusia?
5. Zer denbora egin beharko du irabazleak?

ANDONI IRURETAGOIENA, 'IZETA VI.A'
(Aia, Gipuzkoa, 1993)


1. Finalerdietan oso gustura aritu nintzen. Ez nuen espero horrelako lana egitea. Denbora txukun bat egiteko esperantzarekin plazaratu ginen.

2. Giharretatik korrikako saiora ondo ez iristeak ematen dit beldur handien. Egurrak nolakoak izango diren ere zeresana izan dezake.

3. Harriekin moldatzen naiz ondoen. Iaztik hona asko hobetu dut, asko saiatu naiz, eta hor atera dezaket abantail

4. Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi. Uste dut Iñaki Errazkinek ere oso lan ona egingo duela.

5. Egurren arabera izango da, baina iruditzen zait 36 minuturen azpitik ibili beharko duela irabazleak.

JOSEBA OTAEGI
(Zizurkil, Gipuzkoa, 1983)


1. Bai, nahiz eta bolarekin ez nintzen batere gustura aritu. Eguzkitan egin behar izan nuen saioa, eta urduritasuna ere sentitu nuen. Orokorrean, gustura amaitu nuen egindako lanarekin.

2. Finaleko lanek ez didate beldurrik ematen, baina bat esatekotan, harri-jasotzeak esango nuke. Egin beharreko aurreneko lana da, eta bertatik ondo edo gaizki irteteak beste guztia baldintza dezake. Askotan azkarregi egiteagatik erritmotik ateratzen gara, eta pasada handia hartzen du gorputzak.

3. Aizkoran, nahiz eta ordurako denak ere nahiko nekatuta iritsiko garen. Jendea asko jarri da aizkorako lanean.

4. Faborito garbia Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a da. Okerrik ezean, hark irabazi beharko luke.

5. Egurrek laguntzen badiote, uste dut pentatloiaren aro berri honetan 2020an Xabier Zalduak [36 minutu eta sei segundo] lortu zuen marka hautsi egingo duela Izeta VI.ak.

IÑAKI ERRAZKIN
(Tolosa, Gipuzkoa, 1989)


1. Hamalau minuturen bueltan ibiltzea espero nuen, baina egur batean adar bat tokatu zitzaidan, eta denbora zertxobait joan zitzaidan. Baina, orokorrean, gustura amaitu nuen.

2. Harria jasotzeko garaian indarrak ez neurtzeari diot beldur handien finalean. Askotan presaka ibiltzen gara aurkariak alde egin ez dezan, eta handik aurrerakoetan lanak pilatzen zaizkigu. Esfortzu horiek kontrolatzen ikasi behar dut.

3. Korrika oso gustura nabil, baina azkeneko lana izaten da, eta ordurako denak beteta joaten gara. Azken lanera ondo iristen saiatu behar dut.

4. Bere lana ondo egiten badu, iruditzen zait Izeta VI.ak irabazi beharko lukeela txapela. Hura da faboritoa. Beste guztiak baino koska bat gorago ikusten dut. Otaegi aipatuko nuke ere; fin ikusten dut.

5. Uste dut Izeta VI.ak 34 minuturen bueltan amai ditzakeela finaleko lanak.

ARITZ IRAZABAL
(Ugao, Bizkaia, 1991)

1. Bai, nahiko gustura gelditu nintzen. Halere, uste dut aizkoran lan hobea egin nezakeela.

2. Harri-jasotzeak. 100 kiloko harriari 25 jasoaldi eman behar dizkiogu, eta lan handia da hori. Ondo egingo dudan esperantza daukat.

3. Aizkoran. Nahiz eta nekatuta iritsiko garen, abantaila ateratzeko aprobetxatu beharko dut.

4. Izeta VI.a eta Otaegi. Gabirondok ere hor ibili beharko luke.

5. 35 minuturen azpitik ibili beharko du. Zalduaren azken urtean egindako marka jaitsiko dutela iruditzen zait.

JULEN GABIRONDO
(Urnieta, Gipuzkoa, 1989)

1. Gripe txiki batekin ibili nintzen aurreko egunetan, eta izugarrizko pasada hartu nuen. Hurrengo bost egunetan txikituta egon nintzen. Argi neukan helburu nagusia sailkatzea zela, eta hori, behintzat, lortu nuen.

2. Harria jasotzeari diot errespetu handien.

3. Aizkoran eta korrika. Azkenaldian aizkoran dezente ibili naiz, eta lan horretan jarri naizela esango nuke.

4. Izeta VI.a, baina Otaegi ere ondo ikusten dut. Haiei lana ematen saiatuko naiz.

5. Uste dut Izeta VI.ak 35 minutuko denbora jaitsiko duela.

KEPA PEÑAGARIKANO, 'PEÑA'
(Azpeitia, Gipuzkoa, 1981)

1. Aurten, finaletik kanpo gelditzeko arrisku handia zegoela ikusten nuen. Iazko denborak hankaz gora irauli ditugu parte hartzaileok, eta gustura nago, sailkatu bainaiz.

2. Aizkorak, zalantzarik gabe. Barneratuta daukat denbora galduko dudala.

3. Harriarekin egin beharreko lanetan moldatzen naiz ondoen: bai harri-jasotzen, baita harriari tiraka ere.

4. Izeta VI.a. Gabirondo eta Otaegi koska bat beheraxeago ikusten ditut.

5. Enborrak ohikoak badira, 35 minututik jaitsiko da garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.