kritika. Donostiako 78. Musika Hamabostaldia

Teklatua ekortzen

Herenegungo emanaldiaren pasarte bat. MUSIKA HAMABOSTALDIA / IÑIGO IBAÑEZ.
Arkaitz Mendoza.
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

Luxenburgoko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Pianoa: Alexander Gavrylyuk. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 25.

Begi eta belarriak zuzendariari bideratuta. Arreta osoa azkeneko boladan munduko orkestrarik hoberenak zuzentzeko aukera izan duen musikarian zentratu nuen. Melena dotorea, serio, podiumerantz erritmo neurtuan abiatu eta Gustavo Gimenok azken bi urteotan gidatzen duen bere orkestra aurkeztu zuen. Modest Mussorgskiren Gau bat mendi soilean obran hotz geratu nintzen. Gimeno, metronomorik perfektuenaren isla bikainean; orkestra ez zen zentimetro bat ere mugitzen musikaren barne pultsuan, baina hori al da musika? Parametro garrantzitsutzat jo genezake erritmoa, duda izpirik gabe, baina, musikak, sentipenen adierazpen izateko, zerbait gehiago iradoki beharko liguke. Zuzendariaren hoztasunaz ziztu bizian kutsatu zen orkestra. Nota bakoitza bere lekuan ipintzeaz aparte, nota horiei bizitza ematea falta zitzaiela ohartaraziz.

Bat-batean, piano bat, piano jole burusoil gazte bat eta lehen aspermen zantzoak guztiz desagertu ziren. Alexander Gavrylyuk aurtengo Musika Hamabostaldiko izar bilakatu zen, bere Sergei Prokofieven Pianorako 3. Kontzertua entzun eta gero. Zoragarri, deigarri, liluragarri, irribarrean pozgarri eta teklatu ekortzean zirraragarri. Gimenoren perkusio jole ezagutzak batutan azkar asko ikusi ziren, tentsio deigarriko zeinuak Prokofieven melodia lazgarriei bikain txertatuz. Ez zen hor bukatu gozamena: Gavrylyukek oparitutako Felix Mendelssohnen Eztei Martxa famatuaren bertutezko bertsioak eserlekutik altxarazi zuen entzulea, primeran!

Bigarren aukera bat Gimeno eta orkestra aztertzeko: Dimitri Xostakovitxen 1. Sinfonia. Hemen ere haize egurra tristea, haria soinu txiki txiroan, metalak zuzenegi eta emozioa galduta. Gimeno berriz ere zorrotz, oro kontrolpean, zuzeneko emanaldi batek dakarren inspirazioz betetako artistaren brotxakada kamerinoan utziz.

Luxenburgokoa orkestra egokia da, gainditze notan eroso, bikainera iristeko urruti eta beren buruzagiaren bidezko ezaugarrietan buru belarri murgilduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.