KRITIKA. Donostiako 54. Jazzaldia

54. Jazzaldiari agur ederra

2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Charles McPherson Quartet eta Silvia Perez Cruz



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailak 28.

McPhersonen saxo altuak beboparen bidetik eraman gaitu, gero eta beroagoa izan den kontzertu ederrean. Solo azkarrak, ideia ugari eta gauzatze ikaragarria: hori erakutsi digu McPherson maisuak saxoarekin. Ekarri duen erritmo atala ikaragarria da. Barthek pianoa azkar eta indartsu jotzen du; hatzak saltoka teklen artean. Baxuarekin, Hodgsonek trebezia ikaragarria eta, batez ere, sendotasuna erakutsi du. Kroghek, baterian, zehaztasuna eta sentiberatasuna da.

Kontzertua entzunda ulertzen dugu Eastwoodek Charlie Parkerri buruz egin zuen Bird filmean ezinbestekoak izan zirela McPhersonen aholkularitza eta saxoa.

Ondoren, Brasilgo musika aberatsaren luxuzko ordezkaria azaldu zaigu; eskuetan, gitarra baino ez. Bakarrik, guri begira, kantari: Toquinho bikaina dugu. Herri jakinduria du, eta eskuzabal abesten digu, aberastasun hori apal eta gozo helarazten. Mintzo zaigu eta, apurka, haren maisuen anekdota dibertigarriak kontatzen dizkigu. Gitarra akatsik gabe jotzen du: Brasilgo musikaren akordeen progresioak, ezinezkoak diruditenak, aise doaz gora eta behera haren gitarraren trasteetatik.

Colina sartuko da bigarren, kontrabaxuarekin, eta erraz konkistatuko gaitu, erritmo eta doinu atseginekin. Azkenik, Silvia Perez Cruz zoragarriaren ahotsa entzun dugu. Bikaina dena: ahotsak, musikak, sonoritatea. Habanerekin eta koplekin hasi dira; abestiak ederrak eta maitagarriak dira. Maitasun istorioak kontatzen dizkigute: Ya no me quieres, Ella y yo, Ojos verdes... Baita The Sounds of Silence-ren bertsio harrigarri bat ere. Ausarta eta originala da formazioa. Kontrabaxu baten laguntzarekin abestu dute, besterik gabe; hain sinple, eta hain konplexu. Gero, hirurek batera, bossa novaren errepertorio ezagunena jo dute, era atsegin eta finean: Chega de saudade, Aquarela, Samba en preludio... Perez Cruzek aho zabalik utzi gaitu, berezkoa duen sentiberatasun magikoarekin. Joan zaigu kontzertua, eta, harekin, 54. Jazzaldia. Jazzaldiaren zuzendariak entzuleen pazientzia infinitua eskertu du, eguraldiaren gorabeherak direla eta. Gaur ere zaratarik gabe: plazaren inguruan isiltasuna! Musika ondo entzuteko parada: berriro lortu da ezinezkoa zirudiena. Benetan eskerrak, bihotzez eta arimaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.