Errusiako Munduko Kopa: C multzoa. Gorka Etxeberria. Entrenatzailea

«Gazte onak datoz, baina goiz da Australiak txapelketa ona egiteko»

Etxeberriak hainbat hilabete egin ditu Sydney Olimpic taldean, Australiako Bigarren Mailan, eta ikusi du selekzioa indartzeko hango futbola indartu behar dela.

«Gazte onak datoz, baina goiz da Australiak txapelketa ona egiteko».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Urrun dagoelako izango du ziurrenik Australiako selekzioak xarma berezia, eta bereak ez dituen zaleak erakartzen ditu horri esker. Laugarren aldiz ariko da Munduko Kopan, eta Gorka Etxeberriak (Donostia, 1972) ez dio aukera handirik ikusten txapelketa handia egiteko. «Multzoen fasea gainditzeko moduan» ikusten du Australiako Sydney Olympic Bigarren Mailako taldea hilabete batzuetan zuzendu duen entrenatzaileak. Bestelakoan, eraldatzeko premia sumatu dio hango futbolari.

Zein da Australiako futbolaren egoera orain?

Oso egoera zailean dago. Gogo handia dute gauzak hobetzeko, eta selekzioarekin ari dira lortzen, laugarren aldiz segidan jokatzera baitoa Munduko Kopa, baina jokalari gehienek herrialdetik kanpo jokatzen dute. Horregatik, hango helburu handiena da nola indartu hango futbola. FIFArekin, mokoka ez, baina eztabaidan dabil Australiako liga, nazioarteko erakundeak behartu egiten baitu Lehen Mailako liga irekia izatea, eta ez itxia, orain den bezala. Ez dago igoerarik eta jaitsierarik. FIFAk behartu nahi du Bigarren Maila erabat profesionala izatera, eta ez afizionatu mailakoa, orain den bezala. Hamar talde dira A League horretan, Lehen Mailan, eta handitzeko eskaria ere jaso du. Hamaseira igoko da hiru urteren buruan. Kontua da botere gerrak direla tarteko federazioak ez dituela onartu FIFAren eskariak, baina urtebeteko epea eman dio nazioarteko erakundeak liga eraldatzeko. Ez badu egiten hori Australiako Federazioak, FIFAk neurriak hartuko ditu.

Liga indartu eta aldatu ezean, nekez izango dute eragina selekzioan Australian bertan ari diren jokalariek, ezta?

Hori da kontua. Ligaren bitartez, ezingo da indartu selekzioa. Duela urte batzuk bazen jokalari interesgarririk, baina orain ez. Begira zer gertatu zaion Tim Cahill aurrelariari. A Leaguen aritu da jokatzen, baina Munduko Kopa honetara joateko ikusi zuen hango mailarekin ez zuela lortuko, eta Ingalaterrako talde batera joan da sasoia amaitzera, Bigarren Mailako Millwallera, Munduko Koparako behar besteko maila eskuratzeko asmoz. Eta, halare, agian, txapelketatik kanpo geratuko da.

Hain maila kaskarra du Australiako ligak?

Lehen Maila oso urrun dago munduko ligarik onenetik, eta Bigarrena zer esanik ez. Esango nuke Lehen Maila hemengo Bigarren B mailaren antzekoa dela.

Zein gabezia ditu Australiako jokalariak?

Fisikoan eta teknikoan ona da, baina arlo taktikoan ez. Futbola ulertzea eta usaintzea falta zaio, denera gaizki eta berandu iristen baita. Hango futbola oso dinamikoa da, baina ez jokalariak dinamikoak direlako, taldeak oso irekita eta oso luze egoten direlako zelaian. Baloia joan eta etorri ibiltzen da.

Selekzioak badu, ordea, ordena bat, ezta?

Badu, Europan jokatzen baitute ia denek, eta jokatzeko beste modu batzuk ezagutu dituzte haien ibilbideetan zehar.

Horrekin bakarrik ezin, baina, Munduko Kopa handi bat egin.

Arazorik handiena da denak Australiatik kanpo ari direla, eta dena jostea eta denak elkartzea oso zail egiten zaie behar bezala entrenatzeko.

Gabezia hori, talde gisa entrenatzeko denborarik edo aukerarik ez izatea, ez al da selekzio guztien gaitza?

Bai, eta horregatik esaten dut futbol hobea ikusten dela Txapeldunen Ligan Munduko Kopan baino. Herrialde batzuetan, jos daiteke selekzioaren jokoa estilo bati jarraituz, eta Espainiaren adibidea da egokia. Baina Australian halako zerbait egitea oso zaila da.

Ohikoa ez den egoera bat ere bada selekzioaren inguruan: fitxatu berri du Bert van Marwijk entrenatzailea, baina federazioak iragarri du haren ordezkoa zein izango den.

Oso arraroa izan da. Ange Postecogluk utzi zuenean sekulako kolpea hartu zuten zaleek, eta Federazioak erabaki du Van Marwijk ekartzea. Zaleak gustura daude harekin, uste baita futbol ona ekarriko duela. Baina harrigarriena da lanean urtarrilean hasi eta hilabetera, otsail bukaerarako, esan zuela federazioak hurrengo entrenatzailea lotua daukala: Graham Arnold, Sidney Citykoa. Oso maitatua da Australian. Txapelketa hasi baino lehen hurrengo entrenatzailea izendatzea indarra kentzen dio Van Marjwiki. Sinesgarritasuna galtzen du entrenatzaileak, eta edozein erabaki hartzen duela zalantzan errazago jarriko zaio ordezkoa zein den jakinda.

Multzoa ere petral samarra ez ote zaion tokatu, Frantzia, Danimarka eta Perurekin.

Bai. Frantzia da indartsuena, eta Danimarkarekin izan dezake lehia Australiak bigarren lekurako. Peruk eta Hego Amerikako selekzioek uste dut nahiko lan izango dutela, Errusian izanik txapelketa.

Zer dela eta?

Eguraldiagatik eta denagatik. Argentina eta Brasil hor ibiliko dira, baina lanak izango dituzte.

Zer egin dezake Australiarekin Van Marjwik entrenatzaileak?

Aurreko entrenatzailearekin baloia ukitzen saiatzen zen, bere neurrian, baina hori hartuta, uste dut defentsako lanari eman nahi diotela indar handiagoa. Ikusi genuen 2010eko Munduko Kopan nola eraldatu zuen Herbehereekin haien ohiko erasoko jokoa, defentsan oinarrituz. Atzealdeko lana du gabeziarik handiena Australiak, talde lan eskasa egiten baitu selekzioak. Baloiaren bueltan ere antolatuko dela uste dut, saiatuko dela ukitzen pixka bat.

Zelai-erdian al dago australiarren indarra?

Baietz esango nuke. Zalantzan omen dabil entrenatzailea euskarri batekin edo birekin jokatu.

Munduko Txapelketa ona egiteko lerro guztietan behar da maila ona, ordea.

Denek egin behar dute lan ona,elkarrekin eta elkarrengandik gertu, defentsan eta erasoan. Lana hori dena josten dauka lana entrenatzaileak.

Zelai erdian Mile Jedinak nabarmentzen da, eta selekzioko onena izango da, gainera. Zein beste jokalari ditu onak?

Cahillek laugarren Munduko Kopa joka dezake, 38 urterekin, eta hura da ezagunena. Gazte asko ere badaude, futbola indarra hartzen ari delako herrialdean. Pentsa, aurreneko aldiz, futbolean jokatzen ume gehiago daude errugbian baino. Gazte onak datoz, baina goiz da selekzioarentzat final-laurdenetara heltzeko, adibidez. Tom Rogic eta Aaron Mooy egindako jokalariak dira, eta, berrien artean, Dimitri Petratos aurrelaria, Andrew Naboot eta 19 urteko erdilaria Daniel Arzani daude onak; Arzani teknikoki oso abila da. Melbourne Cityn jokatzen du. Talde hori Manchester Cityren barruan dago, eta ari dira horrelako jokalariak ateratzen.

Nola bizi dute Australian selekzioa?

Bete-betean. Kirol kultura handia dago, eta edozeinek egiten du kirola egunero, eta beti dena ematen, gainera. Asto batzuk dira, zentzu onean esanda. Socceroos esaten diote selekzioari, eta zale sutsuak ditu, baina ez dira aurkariarekin haserretzen, eta errespetuz hartzen dute guztia.

Etorkizun oparoa izan dezake Australiako selekzioak luze gabe?

Bide onean doazela uste dut, gazteekin-eta ondo ari dira, baina goiz da oraindik lehen taldeak arrakasta handiren bat lortzeko.

Munduko Kopa bat jokatuko da Australian?

Tokia zoragarria da, eta klima ere bai. Estadio izugarri politak ditu, baina badakizu, Munduko Kopa bat antolatzeko beste lan batzuk egin behar izaten dira aurretik, ikusten ez diren horiek, kiroletik kanpo daudenak, eta FIFA konbentzitu beharko dute diruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.