Xanti Zabaleta. Orioko entrenatzailea

«Arraunlariei esaten diet ez dugula ezer irabazi oraindik»

Euskotren liga gaur hasiko da, Santanderren (18:00, ETB 1), eta Orio da faboritoa garaipen asko biltzeko. Baina talde barruan ez darabilte mezu hori: «Eguneroko lanean hobetu nahi dugu», dio Xanti Zabaletak.

Aitor Manterola Garate.
Orio
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hirugarren denboraldia osatuko du aurten Xanti Zabaletak (Orio, Gipuzkoa, 1968) herriko emakumezkoen traineruko entrenatzaile gisa. Aurretik beste erdi bat bete zuen, eta urtez urteko lanari beste hobekuntza maila bat gehitu nahi dio.

Liga hastear denean, nola egoten da entrenatzaile bat?

Pixka bat urduri, ilusio handia daukadalako jarrita denboraldi honetan. Etxeko lanak ondo eginda sentitzen naiz, eta ikusteko gogoz nago lan horrek zer ematen digun, non gauden eta zer garen. Prestaketako estropadetan ondo ibili gara, baita ontzi txikietan ere, eta ez gara atera gure lanetik eta bidetik.

Etxeko lanak aldatu egin dira iaztik?

Kontuan izanda aurreko udako taldearen ia %90ek bertan jarraitzen dutela, lanari segida ematen aritu gara arlo aerobikoan eta potentzian, eta gogortu egin ditugu entrenamenduak. Urtez urte ari gara hobetzen, eta aurten ere beste koska bat egin nahi dugu gora. Jauzi txiki hori nahikoa den edo ez, ikusiko dugu.

Jauzi txiki horrekin aurten Orio irabazle izateko moduan egongo omen da. Zer diozu?

Hala esaten dute, eta pentsatzen dut gure jarduna ikusita esango dutela. Ikusiko dute iazko San Juan ere ez dagoela, eta ondorio hori atera du jendeak. Baina taldearen barruan helarazi dudan mezua izan da hemen ez dagoela ezer irabazita, eta lehian hasi aurreko tituluek ez dute balio. Irabazteko, lana fin egin behar da, eta zorte ona eduki.

Alde horretatik, lan psikologiko handia egin behar izan duzuprestaketa garaian?

Azaldu nahi izan diet arraunlariei zenbat kostatzen den irabaztea, eta ez dakigula zer den irabaztea, oraindik ez dugulako Euskotren ligako banderarik inoiz irabazi, ezta titulu handirik ere. Irabazteko gose handia daukagu, baina oraindik ez dugu lortu, eta horrek abantaila handia ematen dit arraunlariei zabaldu beharreko mezua osatzerakoan. Gauza politak lortzeko ilusioa dugu, baina lana egin behar.

Zer mezu helarazten dizute zuri arraunlariek?

Gustura ari dira, lan ona egiten ari direla uste dute, eta ziur daude hobetzen ari direla. Konfiantzaz dabiltza, baina ikusi egin behar da nola moldatzen diren aurkarien alboan jarritakoan, azken batean besteak ere hobetzen ariko baitira.

Aurreko udan beti bigarren ibili zineten, irabazi ezinda, eta orduan pilatutako gosea ere baliagarria izango da aurtengoa elikatzeko, ezta?

Erreferentzia gisa erabili dut. Ez zen erraza izan egoera horri aurre egitea eta lehiakortasunari eustea, baina taldeak lan ona egin zuen horretan ere, eta balio izan zien ikusteko zer den bigarren geratzea, irabaztetik gertu ibiltzea. Falta zaigu sentitzea zer den irabazitakoan azaltzen den hori, eta, lortzen badugu, egoera berria kudeatzen ere ikasi egin beharko.

Askotan irabazten hasten bazarete, beste egoera bat kudeatu beharko duzu, azkenean.

Hori da. Hala gertatzen bada, barneratu egin beharko dugu hori ere, eta lantzen joango gara egunetik egunera, alde onak eta txarrak izango baititu. Azkenean, egunero ikasi behar da hemen.

Zeuen buruari talde gisa jarri diozuen helburu nagusia iazko lana hobetzea da, emaitzez haratago?

Bai. Eta, horretarako, ezinbestekoa da autokritika eraikitzailea egitea. Emaitzak lan onaren ondorio izatea nahi dugu, eta zenbat eta lan hobea egin, orduan eta aukera handiagoak emaitzak ere hobeak izateko.

Nolakoa izango da liga?

Zalantza handiak dauzkat aurkarien inguruan. Udaberrian, bi estropada bakarrik izan ditugu, Ondarroakoa eta Lekeitiokoa, eta bakoitzak bere lanak egin zituen bietan. Ez dakigu talde bakoitza zertara atera zen, probatzera edo ez. Arraun Lagunak hor dagoela ez dut batere dudarik; iaz, haiek bandera bat irabazi zuten, eta guk, batere ez. Horrek esan nahi du haien eta gure arteko lehiakortasuna hor dagoela, eta, edozein kontu txikitan akatsen bat eginez gero, arriskua egongo da bigarren, hirugarren edo laugarren geratzeko. Mesfidantzaz begiratzen diet aurkariei, baina, aldi berean, ziurtasun handiz, guk gure lana ondo egin dugulako. Guk gurea egin eta gero bigarren edo hirugarren izaten bagara, aurkariak zoriondu egingo ditut, kirol legez.

Nolako taldea da aurtengo Orio?

Alaia eta langilea, eta lanarekin oso konpromiso handia duena. Gazteak eta helduak dauzkat adinez. Gustura nago nola uztartu diren denak, eta aldagela oso batuta dago. Garai txarrak etorriko balira, garrantzitsua da aldagela hain bat eginda egotea.

Demagun hamahiru arraunlarirekin banderak irabazten hasten zaretela, eta, aldaketak egindakoan, taldearen maila jaitsi egiten dela. Bietako zein bide hartzekoa zara?

Saiatzen naiz ahalik eta talde sendoena izaten udan, arraunlari onenaren eta hain ona ez denaren artean alde handirik egon ez dadin. Urte osoan lantzen dut hori, uda ez baita gabeziak dituenari laguntzeko garaia.

Hortaz, talde osoari emango diozu aukera udan lehiatzeko.

Uste dut trainerua ondo dabilela arraunean edozeinek eginda ere, eta gustura nago talde osoarekin, hemezortzi arraunlari eta bi patroiekin.

Talde osoa lehiakorra izatea ez al da etorkizunerako ere lana egiten ibiltzea?

Bai, irabaztearen parekoa da, datorren urtean ere segi egin behar baitu Oriok. Nire helburuetako bat da taldea sendotzea eta segida ematea.

Zertan egin dute aurrera hemen hasieratik dauden arraunlariek?

Heldutasunean, asko. Etorri nintzenean, oso gazteak ziren, eta heldutasuna eta bilakaera fisiologikoa oso ondo ari dira uztartzen. Luzera begirako lana da, eta pazientzia behar da, baina, fruituak ematen dituenean, oso esker onekoa. Halere, zaila da segida ematea; lanean jarraitu behar da.

Zertan aldatu zara Zumaian gizonen taldearekin entrenatzen hasi zinenetik, 2011n?

Bi esperientziak ezberdinak dira, kirol aldetik eta teknikoki antzekoak izan arren. Gizonen eta emakumeen izateko erak ezberdinak dira, eta tratua ere aldatu egiten da. Ikasten ari naiz, baina lanean berdin segitzen dut, eta pertsona gisa ere ez naiz aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.