ITXIERA TESTUA

Pentsalariari buruzko ideiak adina galdera

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiak Joxe Azurmendiren inguruko sei-zazpi ideia eta beste hainbeste galdera testua idatzi du atzo Euskal pentsamenduaren ur-jauzia biltzarra ixteko. Testu horren pasarteak dira segidakoak:

Askatasunaren ideia. «Geure hizkuntza hitz egitea ere arrazoiz bete behar izan genuen sasoi batekoa naiz. Euskaldun izateko ere arrazoi eta aitzakia politikoak eta filosofikoak behar genituen. (...) Telebistan ikusten ditut egunotan Txileko kaleak eta emakumeak dantzan abesten: 'Y la culpa no era mía, ni dónde estaba, ni cómo vestía. El violador eres tú…'. Bortxatzaileak poliziak ziren, juezak, politikari frankistak, estatu zapaltzailea. Arazoa ez zen gure borondatea, baizik haien inposizioa. Ez al dugu euskaldunok Manuel Larramendiren obraz geroztik euskaldun izan nahia justifikatzen galdu energiaren parte gehiena? Ez al dugu oraindik ere gauza gehiegi egiten inglesak ikusteko?».

Krisiaren ideia. «Kultura orokorrak, geu ere kultura orokorrekoak izanik, ez gaitu posizio erosoan uzten gure kultura partikularrarekiko. (...) Gurea ez da krisia, orduan, gurea, subordinazioa, minorizazioa, erresilientzia da. Joxe Azurmendik sarritan esan duen lez: herritxikitasuna. Edo krisia, baina krisi permanente bat, erresistentzia permanente batekin erantzun beharrekoa. (...) Egiten digutena ez da arazoa, esan zuenez filosofo frantsesak, egiten digutenarekin egiten duguna da arazoa. Eta horixe da nik behintzat Joxe Azurmendiren lanean aurkitzen dudan beste gaia. Ez al da egia krisiak berak egiten gaituela kritiko eta bizitza zentzuz betetzeko motiboa ematen digula?».

Normaltasunaren ideia. «Konformatu beharko genuke. Inkonformea, kriminalizatu egiten da. (...) Psikologia zientzia bihurtu zenean, Samuel Cartwright psikologoak zehazki aztertu zituen esklabotzaren arazo psikologikoak: 'Arraza beltzaren berezitasun eta gaixotasun psikikoei buruzko informea'. New Orleans Medical and Surgical Journal aldizkarian argitaratu zen 1851n. Eta zientzia berri horrek esklaboen libre izateko gogo arraro hori, patologia hori, honela definitu zuen: «Buruko nahasmendua da, beste buru-alienazioen antzekoa, baina sendagarriagoa da normalki». (...) Gure normaltasun zibilizatuan, ez gaude oraindik halako zientzialariz inguratuta, askatasun nahi elemental batzuk ukatuak eta kriminalizatuak diren artean?».

Elkarlanaren ideia. «Joxe Azurmendiren ideia errepikatu interesgarri bat dela uste dut herritxikitasunarena. (...) Euskaldunen eta beste minoria batzuen kasuan, derrigorrezkoa da elkarlana eta elkartasuna. Bakoitzaren eta denen parte hartzea behar da. (...) Elkartasunak ez du saihesten konfliktoa. Ez da diferentziarik eta gatazkarik gabeko elkartasunik. (...) Pintada bat ikusi nuen aspaldian gorriz fabrika horma batean: Munduko langileak, batu zaitezte, azken abisua da! Euskaldunei ere esan behar zaie. Berdin da hiru esparru administratibotan izatea, berdin da norbere alderdia baino besteak okerragoak izatea, berdin da norberak besteak baino arrazoi gehiago izatea: Euskaldunak, batu zaitezte, azken abisua da!».

Komunikazio espazioa. «Nazioa garela frogatzeko definitu da nazioa. Nire ustez, onuragarriagoa litzateke aldrebes. Gure nazio-ezaren inguruan eraikitzea komunikazio espazioa. Konturatu behar dugu ez garela nazioa, eta jakin behar da zergatik eta zelan ez garen nazioa. (...) Euskaldunen erreferentzia kulturalak, eguneroko bizimoduan, kultura orokorrean, kultura espainol komun eta kultura frantses komunaren sail berezi batzuk. Ez da egia erreferentzia kulturalok unibertsalak direnik, baizik eta oso espainolak, eta oso frantsesak, eta erraz frogatzen da hori batzuk eta besteak zer diferenteak diren ikusita. Ez da politikoki korrektoa izango kolonialismoa aipatzea. Baina, komunikazio egituren aldetik, egoera kolonial tipikoan gaude».

Bestearena ulertzen duena. «Ikusia dut Joxe Azurmendiren pentsamendua guztiz distortsionatua harrokeria intelektual espainolaren aldetik, intelektual etnizista muturreko moduan presentatua. (...) Konturatuko dira Joxe Azurmendi euskaldun arrazionalista bat baizik ez dela. Eta pentsatzaile ona dela, baina batez ulertzaile fina. Entzuten jakitea mintzatzen jakitea baino inportanteagoa da. Antzinako Indiar filosoek ondo zekiten hori, kasta horretakoa da Joxe Azurmendi. Naturak berak ere ondo daki hori: bina belarri eman dizkigu denei mihi bana eskaini orduko (...)».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.