Errusiako Munduko Kopa. H multzoa. Jan Urban. Entrenatzailea

«Poloniak txapelketa honetan lan ona egingo duen itxaropena dago»

Jan Urban Osasunako jokalari eta entrenatzaile ohiak itxura ona hartzen dio bere herrialdeko selekzioari. Uste du 2016ko Eurokopako lan onak segida izan dezakeela.

«Poloniak txapelketa honetan lan ona egingo duen itxaropena dago».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Poloniak bere garaian izandako jokalari onenetakoa da Jan Urban (Jaworzno, Polonia, 1962), eta Euskal Herriko futbolzaleak ere gozatu ahal izan zuen aurrelariaren jokoarekin eta golekin, Osasunan aritu baitzen 1989tik 1994ra. Hura ere gustura ibiliko zen hemen, nafarrekin hasi zelako entrenatzaile lanetan, bigarren taldean, 2003tik 2005era. Talde nagusia ere zuzendu zuen, duela lau urte, baina aulkietako ibilbidearen zatirik handiena Polonian ari da osatzen. Legia, Bytom, Zaglebie, Lech Poznan, eta sasoi honetan Slask Wroclaw zuzendu ditu. Hiru bider dauka irabazia hango liga, eta behin Superkopa. Agian, egunen batean, Poloniako hautatzaile izango da. Bitartean, selekzioaren lana urrutitik jarraitzea tokatzen zaio, eta, Munduko Kopa honetara begira, badu itxaropenik taldean, lan ildo egokian ikusten baitu azken urteetan.

Nolako lana egin dezake Poloniak Munduko Kopan?

Ilusio handia dago hemen, Polonian, azken urteetan ondo jokatzen ari baita. Duela bi urteko Eurokopan final-laurdenetara heldu izanak eta Portugalekin [geroago txapeldun izan zen] penaltietan galtzeak puztu egin ditu gure animoak. Itxaropena dago selekzioak lan ona egingo duela.

Duela bi urte Frantziako Eurokopa jokatu zuen taldearen segida da?

Bai, eta ona da jarraipena izatea. Jokalari gehienek esperientzia handia daukate Europako klubetan, eta zenbaitetan, klub garrantzitsuetan. Sasoiko daude. Egia da selekzio handiek bi talde on edo hiru osatzeko hainbeste jokalari dituztela, eta guk ez. Baina dauzkagunekin fedea izateko moduan gaude. Talde barruko giroa ere ona da, eta horrek ere balio du.

Azken orduko kezkarik ere bada, ordea: Glik atzelaria sorbaldako arazoekin dabil, eta ez da ziurra jokatuko duen.

Monakoko atzelariak selekzioaren entrenamendu batean hartu zuen min, eta entrenatzaileak eramatea erabaki du. Ez dut uste lehen bi partidak jokatuko dituenik; jokalari garrantzitsua da atzealderako.

Poloniaren indarra taldea da, baina distira duten jokalariak ere baditu. Nahasketa interesgarria da.

Hala da. Jokalari ezagun gehiago dauzkagu orain azken Eurokopa jokatu aurretik baino. Atezainak onak dira, Szczesni eta Fabianski, maila onekoak. Atzealdean, Piszczek ere ona da. Kritxowiak, Lewandowski, eta Zielinski ere oso maila onekoak dira, eta Milik aurrelaria ere maila onean da, belauneko bi lesio larri gainditu eta gero. Gainera, Blaszczikowski dotore dabil, eta oso jokalari garrantzitsua da, osatu delako denboraldian zehar izan dituen arazo fisikoetatik. Lan ona egin zuen azkeneko Eurokopan, eta orain ere egin dezake gauza bera, fresko baitago, sasoi honetan asko ez jokatzeagatik.

Nolakoa da Poloniaren estiloa?

Ez da asko aldatu urteen joanean, ez baikara maila tekniko handia duen taldea. Arlo fisikoan ona da, eta denek denen alde egingo dute lan, badakitelako talde izaera ezinbestekoa dutela. Gero, beti bezala, kontraerasoa izango da selekzioaren arma nagusia, bikain menderatzen baitu ezaugarri hori, lagunarteko hauetan ikusi den bezala. Sistemari dagokionez, Nawalka entrenatzailea bi ari da erabiltzen: atzealdea laurekin dabil osatzen, batetik, eta erdiko hiru atzelarirekin, bestetik, hegaletan oso azkarrak eta sakonak baitira leku horretarako dauzkan jokalariak.

Multzoko aurkariek ez dirudite zailenak, hasieran behintzat.

Talde handien ikuspegitik begiratuta, ez dira aurkari zailak, baina Polonia ez da handietako bat [barrezka]. Guretzat oso-oso berdindua da multzoa, eta edozer gauza gerta daiteke. Japonia, adibidez, entrenatzaile aldaketarekin eta barruko eztabaida batzuekin, gai da ondo jokatzeko, Javier Aguirre entrenatzaile eduki zutenean bezalaxe. Edozein gera daiteke aurrena eta edozein azkena multzo honetan, baina Polonian sekulako ilusioa daukagu txapelketa honekin. Zaleak taldearen inguruko albisteen berri izateko irrikaz daude: zer egiten duten jokalariek, nola entrenatu duten, nora doazen, eta abar.

Bestelakoan, txapelketa irabazteko faboritoak betiko taldeak dira, ezta?

Bai,berez bai. Ikusi egin beharko da orain zer gertatzen den Espainiarekin, Lopetegirekin gertatu dena gertatuta, faboritoetako bat baitzen. Joko ona egin du Espainiak Lopetegirekin, eta ikusi egin beharko da orain, baina ez nuke baztertuko inondik ere, arazo horiek gorabehera. Brasil indartsu dago, oso ondo, ia beti bezala, eta jakina, Alemania ere hor ibiliko da. Frantziarekin zalantzak dauzkat, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago dabilelako. Munduko Kopa guztiak bezala, hau ere oso interesgarria izango da, eta, ohi bezala, azalduko dira bizpahiru selekzio ezustean, eta beste batzuek huts egingo dute, lehenengo fasetik hasita, txapelketa hasi aurretik bestelako aurreikuspen batzuk eduki arren. Azken batean, hori da politena horrelako txapelketetan, Eurokopan eta Munduko Kopan: ustez indartsuak diren talde batzuk kalean geratzen direla, eta aurrez hain sendoak ez diruditen zenbaitek aurrera egiten dutela,eta jende asko harritzen.

Zuk Mexikoko Munduko Kopa jokatu zenuen 1986an; nolako esperientzia izaten da?

Multzoen fasea gainditu genuen azkeneko Munduko Kopa izan zen hura, 2002an eta 2006an ez baikinen horretarako gai izan.Uste dut orain ere aurreneko helburua multzoen fasea igarotzea dela, eta gero ikusiko da noraino heltzeko gai garen. Munduko Kopa jokatzea dena da jokalari batentzat. Baina Mexikon, oso aparte zegoen lekua tokatu zitzaigun, Monterrey hirian, eta ez genuen jasotzen txapelketaren inguruan zebilen girorik. Partidak ikustera ere ia ez zen inor joaten. Selekzioko arduradunei gustatzen zaie lasaitasuna, eta gu behintzat oso lasai egon ginen. Txapelketako giroa partidetan bizitzen da, zelaira joaten zarenean. Portugal, Maroko eta Ingalaterra izan genituen multzoan aurkari, eta laukote interesgarria zen futbolzaleentzat, selekzio onak ginelako. Baina ez zen ikusmin handirik sortu han inguruan. Gero, Brasilen aurka jokatu genuen final-zortzirenetan, Guadalajara hirian;orduan bai, orduan jende asko joan zen partida hura ikustera.

Munduko Kopa utzi, eta hitz egin dezagun Osasunaz. Nola bizi izan duzu denboraldi hau?

Pena izan da, ia denboraldi osoan goi-goian ibili baita. Azkeneko partidan, Valladoliden, bi taldeek dena jokatu behar izan zuten, eta Osasunak ez zuen lortu kanporaketan sartzea. Sartuta ere, beste bi buruz buruko gainditu beharko zituen igo ahal izateko. Dena dela, emaitzak alde batera utzita, garrantzitsuena da arazo ekonomikoak ez direla lehen bezalakoak, eta orain futboleko kontuez hitz egiten da zelaitik kanpoko arazoez baino gehiago; hori ona da.

Zu azkenekoz izan zinen aldian, adibidez, kirolaz harago zeuden arazo asko izan zituen klubak.

Hala da bai. Orain lasaiago eta egonkorrago dago dena, eta ea datorren denboraldian Lehen Mailara igotzen den Osasuna. Begira Eibar nola kateatu den goiko mailara, eta ez du askatzen utziko, gero eta erosoago eta hobeto baitabil. Europan jokatzetik gertu ere geratu da sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.