Kalera ateratzeko zain, azokak bisitatzeko

Osasun egoeraren ondorioz, artisautza azoka asko bertan behera gelditu dira azken hilabeteotan. Eskulangileak Gabonetara begira daude erosleekin elkartzeko esperoan. Oraingoz, bakan batzuk egingo dira.

Ia hiriburu denek antolatzen dituzte Gabonetako azokak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Pandemiak modu batera edo bestera herritar denen bizitzetan eragin du. Baina badaude egoera honetatik bereziki kalteturik atera direnak: artisauak, adibidez. Gauetik egunera beraien bizimodua ateratzeko erabiltzen zituzten moduak desagertu egin ziren. Hain zuzen, Euskal Herriko artisautza azoka ugari bertan behera gelditu dira osasun egoera ezarri zutenetik.Oraindik ere normaltasunera ezin itzuli ari dira.

Eguberriak izaten dira eskulangileentzat garairik oparoenak, eta, aste gutxiren faltan, zer gertatuko den begira daude. Oraingoz, Gasteizkoa izan ezik, Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetako Gabonetako azokak egitekoak dira. Bilbon, urtero legez, Gabon Art azoka egingo dute Areatzan; Donostian, Frantzia pasealekuan antolatu du udalak beste behin Gabonetako azoka; eta Lur Kolektiboak, bestalde, Artzain Ona elizaren inguruan. Iruñean ere bi aukera izango dira: bata Gazteluko plazan eta bestea Zezen Plazan. Baionan, azkenik, Errobi ibaiaren ertzean abenduaren 4tik urtarrilaren 3a bitarte egongo da zer ikusi eta zer erosi.

Azoken faltan, era berriak

Konfinamendua arintzen hasi zenetik, tokiaren arabera desberdin jokatu dute udalek. Batzuek azokak egitea erabaki dute; besteek, ez. Ondorioz, artisau batzuei beste batzuei baino gehiago eragin die pandemiak. Bizkaian, adibidez, ez da ia mugimendurik egon, eta eskulangileek erosleekin elkartzeko komeriak izan dituzte. Bernat Vidalek, Arbaso Euskal Herriko artisautza tradizionala sustatzeko elkarteko lehendakariak, salatu du herri txiki batzuetan izan dela aukerarik, «baina ezer gutxi». Donostian, bestalde, udan egin dira azokak. Hamar eguneko hiru azoka egin dira, hain zuzen, eta, horrez gain, Bretxako igande eta jai egunetako azoka ere itzuli da nolabait errutinara.

Orokorrean, salmentak asko jaitsi direla kontatu du Ziku bitxigile eta Gabiltza Gipuzkoako Artisauen elkarteko kideak. «Azoketan turismo gutxiago dago orain, jendeak ezin baitu mugitu, eta salmentak urriak dira». Hori horrela, artisau bakoitza bere kasa ari da egoerari aurre egiten, eta horrek sare sozialetara eta webguneak sortzera eraman ditu asko. «Egoera honek ekarri du nolabait artisauek beraien eskaintza ikusgarriago egitea online». Zikuk adierazi duenez, Gabiltzak, elkarte modura, sareko denda kolektibo bat egitea pentsatu zuen, baina, produktuak saltzeko moduak aldatzen ari badira ere, artisautzaren sektoreari kostatu egiten zaio; «jauzi handegia da». Halere, badakite modu hori ez dela joango, eta erosleek gero eta gehiago jotzen dutela Internetera. Zikuk, baina, argi utzi nahi izan du artisau azokek etorkizuneanmartxan jarraituko dutela hiriburuetako kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.